Hegalabur haztegiaren proiektuak sortutako kezkak, eztabaidagai Getarian

AZTI zentro teknologikoa eta Balfego enpresa katalana proba batzuk egiten hasi dira Getaria parean. Kantauri itsasoan hegalabur haztegiek izan dezaketen bideragarritasuna ikusi nahi dute. Emaitzak datorren urtean argitaratuko dira, baina proiektuak kezka handia sortu du.

Ezkerretik eskuinera: Tomas Otamendi, Leo Belaustegi, Lorea Flores eta Leandro Azkue.
Ezkerretik eskuinera: Tomas Otamendi, Leo Belaustegi, Lorea Flores eta Leandro Azkue. (Jon URBE | FOKU)

Irailaren amaieran prentsaurreko baten bidez jakitera eman zutenez, AZTI zentro teknologikoak eta Balfego enpresa katalanak atun gorria (Thunnus thynnus, hegalaburra edo zimarroia bezala ezagutzen dena) gizentzeko akuikultura proiektu bat garatzeko asmoa dute Getaria parean, 3,688 itsas miliatara. Aurtengo neguan eta datorren udan proba desberdinak egingo dituzte proiektua bideragarria den edo ez ikusteko, eta emaitzak datorren urte amaieran argitaratzea espero da.

AZTItik diotenez, gaur egun EAEko arrantzaleek hegalaburraren arrantzarako duten kuotaren zati handi bat espainiar Estatuko beste eskualde batzuei saltzen zaie, Kantauri itsasokoak «errentagarritasun txikia» eskaintzen baitu, «harrapatutako aleen tamaina txikiagoa» izaten delako eta «baldintza meteorologikoek ohiko teknikekin harrapatzea zailtzen» dutelako. Egoera horri «buelta emateko» eta «hegalaburraren arrantza berreskuratzeko» helburuarekin jarri da martxan proiektua.

Ekimenak, ordea, kezka sortu du jende askoren artean, bai ikuspegi ekonomikotik arrantza sektoreko hainbat eragilerengan, eta baita ingurumenaren ikuspegitik proiektua kaltegarria izan daitekeela uste duten pertsona eta elkarteen artean ere. Kezka hori ikusirik, mahai-inguru interesgarria antolatu zuen Getariako Artzape aldizkariak azaroaren 14an, "Nora garamatza Getariako zimarroi haztegiak?" izenburupean.

Bertan izan ziren Lorea Flores, Euskal Herriko Greenpeaceko koordinatzailea; Leo Belaustegi, Ondarru 12 Milia Elkarteko kidea eta arrantzale ohia; Leandro Azkue, Lakuako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; eta Tomas Otamendi, Malkorbe Amarratzaileen Elkarteko batzordeburu eta kirol arrantzalea. Moderatzaile lanetan Mirene Begiristain aritu zen, ekonomian doktorea eta agroekonomian aditua.

Teknika aldaketa

Otamendi izan zen hitza hartzen lehena, eta bere kezka nagusia arrantza teknikari dagokio. Euskal arrantzaleek atuna “beita bizia” izeneko teknikarekin arrantzatzen dute, kanaberarekin banan-banan. Euskal kostaldeko teknika bereizgarria da, eta seguruenik dagoen teknikarik selektibo eta jasangarriena. Proban dagoen proiektuak, ordea, hegalaburra inguratze-sareen bidez harrapatzea aurreikusten du, bizirik kaioletara eraman ahal izateko.

«Gure arrantza artisauari dagozkion kupoak, arrantza mota tradizional bati lotuta dauden eskubide historiko batzuk, sarez harrapatzeko eta kaiola batean sartzeko erabiltzea ez zait ongi iruditzen. Hori egiten badugu, jada eman diogu bizkarra hainbeste aipatu izan dugun arrantza jasangarri eta selektiboari, guk hemen beti egin dugunari. Ez zait buruan sartzen nola utzi daitekeen gure kuota sarez harrapatzeko», kritikatu zuen getariarrak.

«Gizentzeko, koipetzeko, dela diote. Baina zeinek esaten digu hemendik hamar urtera ez dela erabakiko koipetu beharrean dauden bezala saltzea, nahikoa koipe badutelako? Niri hori ez zait buruan sartzen. Artisau arrantza batetik datozen eskubide historiko batzuk aldatu badaitezke arrantza industriala egiteko, Mediterraneoan egiten den bezala, hori da administrazioa, legedia eta atunaren lobbya, denak eskutik doazelako», gaineratu zuen.

Eta horrekin batera, beste kezka bat ere jarri zuen mahai gainean Otamendik: nondik aterako da hegalaburrak gizentzeko beharrezkoa den arraina? «Industrialki norbaitek gero eta arrain gehiago harrapatu beharko du nonbait. Hemen ez, hemengo arraina garestia izango delako hor botatzeko. Azkar eta merke harrapatu beharko da. Horra jotzen badugu, beti kritikatu izan ditugun pelagikoekin bat egiten ariko gara».

Donibane Lohizuneko arrain saltzaile bat, hegalaburra erakusten. Gipuzkoan eta Bizkaian arrantzaleek kuota Mediterraneoko enpresei saltzen diete azken urteotan. (Guillaume FAUVEAU)

Lorea Floresek ere, Greenpeace-eko ordezkariak, bat egin zuen ideia horrekin. «Askotan arrain hauek elikatzeko erabiltzen dira beste herrialde batzuetan arrantzatzen diren arrainak: Afrikan, Hego Amerikan... Horrek giza eskubideen urraketak ekartzen ditu. Bertako biztanleei beraien baliabideak kentzen dizkiegu, haien bizi-kalitateak izugarri egiten du behera, eta horren ondorioz migratzera behartuak izaten dira. Horren ondorio da gure arrantza-ontzietan ditugun arrantzaleak herrialde horietatik etorritakoak izatea, beraien herrialdeetan bizitzeko modurik topatzen ez dutelako».

Leandro Azkuek, Lakuako ordezkariak, ezetz esan zuen, zimarroiak gehienbat bertako arrainekin elikatuko direla. «Nik dakidanez, atun gorri horiek elikatuko dira, adibidez, aste honetan edo aurrekoan Getarian eta Ondarroan 20 zentimoan saldu zen sardinarekin. Gizakiak jaten ez duen sardina horrekin. Ez dira urrutitik ekarri behar. Hemen arrantzatzen diren espezie batzuk dira -sardinak, txitxarroak, berdelak, makaelak...-, guk jaten ez ditugunak, eta izoztu egin behar ditugunak beste merkatu batzuk bilatu eta etekina ateratzeko. Arrain horiekin elikatuko dira atunak».

Leo Belaustegi oso kritiko agertu zen jarrera horren aurrean. «Nik ez dakit hori nola esan dezakeen Jaurlaritzako arduradun batek. Gure eskoletako jantokietan, milaka umek egunero, edo astean bi-hiru bider, arraina jaten dute, eta Ozeano guztietatik ekarritako arraina izaten da. Inork ez daki zer kalitatetakoa. Eta guk harrapatzen dugun berdela, txitxarroa, sardina... zimarroiak gizentzeko erabiliko ditugu? Eta hori irtenbide modura ikusten du gure administrazioak? Ez gara gai izango gure jantokietan dauden umeei hemengo arraina jaten emateko? Hain kalitate oneko arraina izanda, gainera. Nola dauka Jaurlaritzak nahi hori, edo helburu hori?», galdetu zuen.

Arlo ekonomikoa

Solasaldian zehar behin baino gehiagotan azaleratu zen beste kezka proiektuaren jabetza publiko-pribatu horren ingurukoa izan zen. Leo Belaustegi bera izan zen adierazten lehena.

«Azken urteotan gero eta egoera kaskarragoa ikusten ari naiz gure portuetan. Gero eta arrantzale gutxiago. Eta arrain hori ez badugu harrapatu, haztegi bati eman behar diogu aukera arrain hori harrapatu eta bertan sartzeko, hark arrain horri etekina atera diezaion? Ni aurka nago, baina, egitekotan, gu ez al gara gai Balfegoren beharrik gabe egiteko? Gure kofradien eta federazioen bitartez ez al gara gai lan hori aurrera eramateko? Balfegori zergatik eman behar diogu kuota osoa?», itaundu zuen ondarroarrak.

«Orain artean munduko abilenak izan gara arrantzan, jaten eta jaten ematen. Balfegori utzi behar diogu inguratze-sareen bidez arrain hori harrapatzen eta negozioa berak egiten? Horrenbeste arrain harrapatu beharko da horretarako, eta hori dena Balfegori utziko diogu? Zeinen ideia izan da hau?», gehitu zuen, ontzi txikiek kuotarik eskaini ez izanarekin oso kritiko.

Leandro Azkuek proiektuaren jatorria eta egingo dituen urratsak azalduz erantzun zion: «Orain arte, hemengo arrantzaleek hegalaburraren kuota Mediterraneoko bi enpresa handiri saldu izan diete, koipetzera dedikatzen direnak, eta baita almadraba talde bati ere. Hiru enpresa dira gure atun gorriaren kuota erosten dutenak. Batek almadraba sistemaren bidez arrantzatzeko erosten du, eta beste biek atun gorria loditzeko eta koipetzeko. Hori ikusita, eta beraiekin hitz eginda, Balfego enpresarekin harremanetan jarri ginen, eta esan ziguten prest zeudela proba bat egiteko. Euskal arrantzaleen kuotaren zati bat Kantauri itsasoan koipetzeko. Katalunian egin beharrean, hemen egitea. Guri ongi iruditu zitzaigun eta baldintza bat jarri genien: proba egiteko sortzen dugun erakundearen jabetzaren erdia AZTIrena izango da. Azken finean, gure zientzialariek eta gure teknikariek bertan egon behar dute. Beraiek aztertuko dute hegalaburra ongi loditzen den, zenbateko koipea hartzen duen, ekonomikoki etorkizunik badaukan... Horretarako enpresa bat sortu da, Itsas Balfego, non erdia Balfegorena den eta beste erdia AZTIrena».

Getariako merkatu plaza leporaino bete zen interes handia piztu zuen mahai-ingurua jarraitzeko. (Jon URBE / FOKU)

«Zergatik Balfego?», planteatu zuen Azkuek berak. «Ba koipetzen diharduten bi enpresa horietatik konfiantza gehien ematen diguna delako. Gauzak oso ongi egiten ari da Katalunia aldean. Bai loditze bai koipetze arloan, jasangarritasun handiarekin lan egiten du, eta baita komertzialki ere. Merkatuan oso ezaguna da beraiek saltzen duten atuna, eta pentsatzen genuen bidaia-lagun ona izango litzatekeela, proba hau ongi ateratzen baldin bada».

Galderen txandan publikotik hala eskatuta, martxan jarri den proba fasearen aurrekontua ere azaldu zuen Leandrok: «Inbertsioa gutxi gorabehera 2.200.000 eurokoa izango da. Zatirik handiena bi kaiolak erosteko da. Bat urperatzen dena izango da, itsas-mailatik 20 bat metro urperatu daiteke, itsaso txarra dagoenean atunak babesteko. Eta bestea normala. Bi kaiola horiek milioi bat eta 1,5 milioi euro artean kostako dira. Gainontzekoa itsasontziak alokatzeko da: atoiontziak kaiolak mugitzeko, atunak arrantzatzeko ontziak... Arrainak kaiolan sartzeko behar diren urpekari eta buzoak ere bai. Europatik datorren dirulaguntza %70-75 izango da».

Lakuako Arrantza zuzendariaren esanetan, proba ongi ateratzen bada, AZTIk Itsas Balfego enpresan duen jabetzaren %50 euskal arrantzaleen eskuetan utziko du. «Asmoa da, proba pilotu hau ongi ateratzen bada eta proiektuak aurrera egiten badu, AZTIk daukan jabetzaren erdia gure arrantzaleen eskuetan uztea. Eta gure arrantzaleak izango dira, ez bakarrik atuna arrantzatzen dutenak, baita koipetzen duen enpresa horren parte ere. Erdia, zehazki. Beraiek jarriko dute atuna eta, enpresa horrek etekinak baldin baditu, beraiek beren partea hartuko dute. Hori da proiektu honen mamia».

Azalpenak ez zuen erabat asebete Belaustegi, eta azken gogoeta honekin amaitu zuen bere hitzartzea. «Gure itsasoen ustiaketa esku pribatuetan dago. Marrazo asko dabil gure portu inguruetan. Arrainen etorkizuna ez dute ikusten, arraina diru bezala ikusten dute, euroa. Eta horren aurrean kontuan izan behar dugu itsasoan dagoen arraina denona dela, hemen gauden guztiona, eta etorri ez direnena ere bai. Arrantzaleok saiatzen gara arrain hori ateratzen gure gizarteari jaten emateko, hala izan behar du. Baina ezin dugu onartu diruzale batzuk etorri eta gure arrain horretaz guztiaz, gure elikadura horretaz guztiaz, jabetzea. Kontuz egiten ari direnarekin. Arrantzatzeko ahalmenak publikoa izan behar du, denona, denok erabakitakoa. Pribatizaziorik ez arrantzan, hori ezin dugu onartu».

Inpaktu ekologikoa

Ekologiaren ikuspegitik, Lorea Flores izan zen itsaso zabalean egiten den akuikultura ereduaren arazo eta arriskuak zerrendatu zituena, are gehiago «klima larrialdi eta biodibertsitate galera egoera betean». «Zientziak dio ekosistema osasuntsuak behar ditugula, eta biodibertsitate orekatuak. Hori testuingurutzat hartuta, akuikulturak, bereziki hegalaburra bezalako espezie haragijaleen kasuan, ez du zentzurik, ingurumenean sortzen dituen inpaktu guztiengatik», aurreratu zuen. Greenpeace-eko ordezkariak haztegi hauek lehorreko “makrogranja” edo makroetxaldeekin alderatu zituen, eta hiruzpalau arazo nagusi aipatu zituen.

«Tomasek aipatu duen moduan, horrelako haztegi baten arazoa gainustiaketa da. Hegalabur batek kilo bat hartzeko beste 20 arrain kilo behar dira. Inguruan dauden beste hainbat espezie arrantzatu behar dira hegalabur hauek gizentzeko. Hor arazo bat sortzen da gizakien elikadurarekin, eta gainustiaketa bat gerta daiteke», salatu zuen lehenik.

Bestalde, «kutsadura kimiko bat ere» badagoela aipatu zuen. «Arrain hauek kaiola horietan sekulako dentsitate altuan pilatuta daude. Beraz, erraza da birus edo bakterio bat sartzen bada arrain batetik bestera igarotzea eta ondorio txarrak izatea. Horretarako hainbat osagai kimiko bota behar dira, birus eta bakterio horiei aurre egiteko, inguruko baldintza biokimikoak eraldatuz. Honek badauka eragin bat giza osasunean. Gero eta antibiotiko gehiago erabiltzen dira horrelako azpiegituretan, eta Munduko Osasun Erakundea ikusten ari da arrisku handi bat dela gero eta gehiago sortzen ari diren antibiotikoekiko erresistentziak».

Eta «eutrofizazio egoera bat» ere sortu daitekeela gaineratu zuen, «nutrienteen pilaketa bat». «Hor dauden arrainei janaria ematen zaie kantitate handietan, soberakinak daude, horiek hondoetara joaten dira, arrain horien guztien gorotzak ere bai, itsasoko berezko egoera berriz ere eraldatuz. Horrek eragin zuzena du biodibertsitatean. Txilen hainbat ikerketa egin dituzte horrelako azpiegituren inguruan, eta ikusi dute akuikultura azpiegitura hauen inguruan batez beste biodibertsitatearen %50eko galera bat gertatzen dela. Eta ez hori bakarrik, inguruko harrapakarien portaerak ere aldatu ditzake, leku horretan bazka pila bat pilatzen denean inguruko arrain eta hegaztiek joera dutelako horra inguratzeko, badakitelako janaria izanen dutela esfortzurik gabe».

Arrantzaleak kezkatuta daude sektorearen etorkizunarekin. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Leandro Azkuek aipamen horietako batzuk ezeztatu nahi izan zituen, nahiz eta gai asko airean geratu ziren. «Gorotzak? Hau ez da igerileku batean egingo den zerbait. Hemen aldamenean daukagu Orrua, askok ezagutzen duguna, baina hau ez da izango toki itxi batean egingo den akuikultura. Itsaso zabalean egingo den akuikultura da. Eta itsasoaz apur bat dakizuenok badakizue hor egoten den mugimenduarekin gorotzak ez direla pilatuko. Itsasoko korronteak dena barreiatuko du; dena, edo asko, behintzat».

Loreak onartu zuen «hainbat konpentsazio mekanismo» jasotzen dituela proiektuak, «ikuskaritza» bat egongo dela, baina ez dela fio horren gainbegiratzeaz. «Nork ziurtatzen du hori dena beteko dela? Lehorreko makroetxaldeek ere badituzte horrelako konpentsazio mekanismoak, baina Nafarroan behinik behin agerikoa da mekanismo horiek ez dutela ezertarako balio, kutsadura nonahi ageri delako».

Azken ondorioak

Ondorio moduan, Leandro Azkuek berretsi zuen oraindik proba garaian daudela, eta ez dela komeni gertaerak aurreratzea, bere iritziz bideragarritasunean zalantzak badaudelako. «Mediterraneoan atunaren agregazio bat egoten da, eta hori aprobetxatzen dute bertako itsasontziek sarearekin arrantzatzeko. Hemen daukagun atun gorria edo zimarroia Kantauri itsasora etortzen da jatera, eta asko mugitzen da. Ikaragarri mugitzen da bere eguneroko janaria bilatzeko. Datorren urtean ikusiko dugu emaitza, baina nik pertsonalki zalantzak horretan dauzkat; gai izango ote garen atun gorri hori arrantzatzeko. Eta gero etorriko da bigarren gakoa; ea hemengo itsasoaren tenperaturarekin zenbat loditzen den, zenbateko koipe maila hartzen duen. Horretarako dago AZTI enpresa berri horretan buru belarri sartuta. AZTIren emaitzak publikoak izango dira; hurrengo urteko udazken amaieran, abendu inguruan, datu horiek publikatuko ditugu. Denok jakingo dugu proba horrek zer eman duen, zer aukera dauden, eta hortik aurrera etorriko da erabakiak hartzeko garaia».

Lorea Floresek hitza hartu zion, eskaera argi bat eginez. «Esku artean daukaguna proba bat baldin bada eta hainbat gauza aztertu behar badira, ondo legoke ukatu dituzun ingurumen inpaktu horien ikerketa zintzo bat egitea. Kutsadura kimikoa ez dela sortuko aipatu duzu, baina nik zalantza handiak ditut, besteak beste, proiektuan bertan hainbat neurri aipatzen direlako inpaktu horiek neurtzeko eta ekiditeko. Ez lirateke horrelako neurriak aipatuko inolako arriskurik ez balego. Kutsadura kimikoaren eta eutrofizazioaren arriskuak errealak dira, proba bat den heinean beharrezkoa da horiek kontuan hartzea eta inpakturen bat ikusiz gero proiektua bertan behera uztea. Munduan badirelako hainbat ebidentzia erakusten dutenak horrelako proiektuak ez direla jasangarriak natura ikuspegitik».

Azkuek errepikatu zuen azken erabakia arrantzaleena izango dela. «Kuota hori gure arrantzaleek sortutako kuota da, eta gure arrantzaleek erabakiko dute kuota horri etekin handiena nola atera. Gaur egun ikusita dago atun gorriaren koipetzeak ematen duela etekin gehien. Eta gure arrantzaleek nahi baldin badute, guk, Jaurlaritza bezala, proiektua babestuko dugu. Behin probak eginda, beraiek erabakitzen badute ezetz, ez dutela nahi, proba hortxe geratuko da. Jarraituko dute legeak orain baimentzen dien bezala kuota hori saltzen, edo arrantzatzen, orain dela urte batzuk egiten zuten bezala». Gertutik jarraitu beharko da prozesua.