GAUR8 - mila leiho zabalik

Negua sorpresan


Ahaztu egiten zait batzuetan, giro onarekin pasatzen baditugu hiru edo lau egun jarraian, zeru honek hemen inguruan euria zarra-zarra nola jaurtitzen dakien, guztia izozten nola asmatzen duen, argitu ahala ilundu nola egiten duen bere kolorea. Ahaztu egiten zait eta harritu egiten naiz, azaroa-abendua-hotza-hasten-den-garaia iritsi eta, ustekabean, gauzek nola funtzionatzen duten gogoratu beharrean naizenean. Neguak sorpresan harrapatzen nau beti-beti.

Eta beraz, aurten ere ahaztuta nengoen zer janzten den oinetan horrelako giroarekin, eta ze jertse, ze txaketa, zer egiten den etxera iritsi eta esku hoztuak goxatzeko, zer eskatzen den arratsaldeko seietan kafetegi batean, zer egiten den lagunengana joan nahi dugunean baina pijama erantzi ez, ze plan egin daitekeen planik egiteko girorik ez dagoenean, ze posturatan heldu behar zaion aterkiari gu ez bustitzeko eta gure motxila ere ez, zer afaltzen den astearte hotz-hotzetan, zenbat mantarekin egin behar den lo haren pean ondo sentitzeko, eskularruak noiz bai eta noiz ez…

Lehengo batean enteratu nintzenetik abenduan sartu ginela, hiruzpalau egun eman ditut etxean, flanelazko pijama, galtzerdi potoloak, buff-a, etxeko bata, infusioa eskuetan, artilezko manta magalean, pelikulak telebistan. Bestela zer egin nezakeen ahaztuta. Eta erabaki dut ez dudala hori egin nahi negu osoan zehar. Guk ere harrapatu dezakegula negua sorpresan. Durangoko Azoka hemen dela eta hango hotza ez dela inoiz hain hotz desatsegina. Badaudela aukerak planak egiteko eta negua negua dela, baina ez direla hainbeste gauza aldatzen neguan.

Zeru honek jaurtiko du euria zarra-zarra, izoztuko du guztia, argitu ahala ilunduko du bere kolorea, eta, hala ere, zeru honen pean, ahaztu egiten zaigun arren batzuetan, giro ona eta giro txarra jendeak sortuko du. •