Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Zer kontatu

Morez markatuta izan dugu askok agendan azaroko azken astea: azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna; azaroaren 30a, Euskal Herriko Greba Feminista Orokorraren lehenengo urteurrena. Egun seinalatuak eta urtemugak aitzakia baizik ez dira, egunero baitugu zer kontatua -hitzaren zentzurik zabalenean-. Eta horregatik atera gara kalera berriro ere astelehenez eta larunbatez, ez diogulako kontatzeari utzi nahi; geure borroka amaigabe eta mundu desiragarriak kontatzeari.

Baina lehertu zaizkigu buruak eta gorputzak bat-batean. Belztu zaigu more zetorren hileko azken eguna. Beste hilketa matxista bat Euskal Herrian: emakume bat hil du gizon batek, bikotekide ohiak. Haserretu gara, erori, elkarrengana bildu, urduritu, amorratu... Atera gara kalera, egin dugu oihu. Ez baita gutxiagorako: sei emakume hil dituzte 2024an indarkeria matxistaren ondorioz; 2003tik gaurdaino 125 emakume eta 12 ume; 137 heriotza 21 urtetan. Bizitzak ezkutatzen dituzten zenbaki gordin horiek kontatzeari utzi nahi diogu, behingoz eta betiko.

Oldean etorri dira han-hemengo eraso matxisten salaketak ere. Ahotsa hartu dute emakume askok, hitzak jarri dizkiote jasandakoari, egin dietenari; badutelako zer kontatua. Eta badugu zer jakin; badagokigu. Areago, jakiteaz gain, horri heltzea dagokigu; hor dugu erronka. Baina, hara non, jakiteko ardura jakin-minarekin korapilatzen zaigu gehiegitan: “Zer gertatu zen zehazki? Nor dago salaketa anonimo horien atzean? Zergatik ez du esan orain arte? Zergatik ez du epaitegietara jo?”. Galdera bakoitzak jartzen du zalantzan erasoa jasandakoen hitza, gutxiesten du salaketen sinesgarritasuna, ematen dio bazka morboari. Edo, beste modu batera esanda, galdera bakoitzak babesten ditu erasoak egin dituztenak.

Eta bitartean, zer egi(te)n duten kontatu beharko luketenek lasai eta goxo jarraitzen dute, elkar babestuz, anaidiaren izenean. Eta, kasualitatez, pitzadura txikiren bat sortuz gero anaidia horretan, bada arduretatik ihes egiteko zirrikiturik ere: urrutiko munstroak eraiki, norberaren ispilu besterik ez diren kontakizunetan oinarrituta. Edo, bestela, diskurtso feminista ondo baino hobeto barneratutakoen kasuan, letra larriz idatzitako “sistemari” egotzi norberaren ardura eta erantzukizuna. Kontuak kontu, indarkeria matxistaren katebegi izaten jarraitu.

Jakina da egiturazkoa den indarkeria matxistari aurre egiteko eraldaketak ere egiturazkoa izan behar duela; eguneroko jarrerak eta praktikak, politikak, diskurtsoak, balioak... errotik eraldatu behar dira. Baina jai dugu hori aho handiarekin esan eta ezer egin gabe jarraitzen badugu. Eta bai, indarkeria matxistak guztiok gurutzatzen gaitu, eta guztiok dugu zeregina bide horretan. Baina guztiok ez gaude toki berean. Azaroaren 25ean argi aldarrikatu genuen moduan, ardurak hartzeko garaia da, eta konponbidearen aldean ez dagoenak arazoa izaten jarraitzen du.

Bada garaia indarkeria matxistak eragindako odolustearen kontaketa eteteko. Bada garaia beldurraren kontakizunak amaitzeko. Bada garaia erasoa jasan dutenak eta haien salaketak zalantzan ez jartzeko. Bada garaia “munstroa” eta “sistemaren itzala” norbera dela onartzeko. Bada garaia ardura indibidualak eta kolektiboak hartzeko. Bada garaia erroko eraldaketa feministari ekiteko. Bestela, zer kontatuko dugu bihar? •