DEC. 21 2024 Interview Safia EL AADDAM Arrazakeriaren aurkako militantea «Espainian nazionalitatea odolez transmititzen da» Etorkinen alaba. Horrela definitzen du bere burua sare sozialetan eta izenburu horrexekin kaleratu berri du liburua, errealitate hori bistaratzeko. Tarragonan jaioa eta amazig jatorrikoa, sistema kolonial espainolaren aurkako «ahizpatasun-ariketa» proposatzen du. Safia El Aaddam, elkarrizketarako ateratako argazkian. (Jon URBE | FOKU) Mikel Urdangarin Ba al zenekien Estatu espainolean jaiotako etorkinen seme-alaba askok ez dutela nazionalitaterik eta ondorioz, ezin dutela bozkatu edo funtzionario izan? Eta beraien gurasoen jatorrizko hizkuntza hitz egiteko lotsa sentitzen dutela maiz? Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan emandako hitzaldiaren aitzakian, Safia El Aaddamekin (Tarragona, 1995) elkartu gara, eta halako eta bestelako hamaika kontu azaldu dizkigu. Tarragonan jaioa zara eta amazig jatorriko guraso marokoarrak dituzu. Zer da amazig herria? Amazig herria Afrika Iparraldeko herri indigena da. Bertakoa da, bere kultura eta hizkuntza propioarekin, hainbat kolonizazio eta ezabatze saiori aurre egin diena. Idazkera mantendu dugu, tuareg tribua gure alfabetoa mantentzeaz arduratu baita, eta izugarri borrokatu da identitatea ikusarazteko. Amazig herriak oso harreman garrantzitsua du penintsularekin. Izan ere, Al-Andalusen garaian amazigak izan ziren penintsulara iristen eta bertan egokitzen lehenak. Pentsa, lehen hiru mendeetan amazigen presentzia handiagoa zen arabiarrena baino. Zer gertatu da? Arabizazioarekin amazig populazioa ikusezin bihurtu zela: arabiera erabiltzen hasi ziren amazigeraren ordez, eta Afrika Iparraldeko herrialde batzuetan seme-alabei amazig izenak jartzea ere debekatu zuten. Horregatik ez da amazig herria ezagutzen, nahiz eta hemen dagoen, eta jatorria oso gertukoa den. “Etorkinen alaba” ["Hija de inmigrantes"], liburuaren izenburua izateaz gain, zure izena ere bada sare sozialetan. Ez da kasualitatea, ezta? Ez, ezarritako etiketa bat delako. Lurralde batean jaiotzen bazara eta zure bi gurasoak etorkinak badira, ez zara guztiz ez espainola, ez katalana, eta segur aski euskalduna izatera ere ez zara heltzen, etorkinen alaba zarelako. Hori ez bakarrik maila sozialean, baita maila legal eta instituzionalean ere. Gurasoak etorkinak genituenez, eta biek AIZ [Atzerritarren Identifikazio Zenbakia] zutenez, nik, Espainian jaioagatik, ez nuen Espainiako nazionalitatea. Atzerriko nortasun zenbaki bat izatera behartu ninduten. Orduan, atzerritarra nintzen jaio nintzen herrialdean bertan. Eta nire bizitzako 27 urtetan halakoa izan naiz, Espainian nazionalitatea odolak arautzen duelako, eta odolez transmititzen delako, eta ez lurraldean jaio izanak. "España, ¿racista?" liburuan azaltzen duzunez, arrazismo instituzional hori ulertzeko, Estatu espainolaren iragan koloniala aztertzen hasi behar dugu. Hori da. Abya Yalako herriak eta Marokoren zati batzuk kolonizatu zituen. Baina ez da historia kontatzen eta ez da kolonizazioaz hitz egiten: ez da hitz egiten Rifeko herritarren kontra erabili zituzten gas eta abarrez. Zer gertatu zen, era okerrean, “errekonkista” deiturikoan? Pertsona mairuak eraman zituzten, hizkuntza debekatu zuten, moriskoek irudikatu behar zuten ez zirela musulmanak... Azkenean, beraiena ez zen lurralde batera kanporatu zituzten guztiak. Gertatutakoa ez da kontatzen ari, eta erreparatzeko ez da ezer egiten ari. Adibidez, sefardien kasuan, ondorengoek naziotasuna eska dezakete, kanporatutakoen oinordekoak direlako. Baina mairuen edo moriskoen ondorengoek ezin dute hori eskatu, nahiz eta kasu bera izan. Beraz, iragan kolonial hori guztia ez da konpondu. Etsai bat sortu da, eta oraindik ere ondorioak bizitzen jarraitzen dugu. Mairu edo “moro” hitza bizpahiru aldiz aipatu duzu jada. Elkarrizketa batean esan zenuen nortasun espainola "moroen" aurka eraiki dela. Al-Andalusen garaiaz hitz egiten dugunean inbasioaz hitz egiten da, ez egonaldiez edo gauza positiboagoez. Eta nortasun espainola horren aurkako errekonkistaren bidez eraikitzen da, nahiz eta egiazko errekonkistarik ez zen izan, Espainia bera ez zelako existitzen. Nazionalismo oso-oso zaharkitua da: espainola beste ezeren gainetik, gurea zena kendu diogun etsaiaren kontra. Etsai hori espainiar iruditerian dago. Horren adierazle, Ceutan edo Melillan immigrazioarekin lotutako zerbait gertatzen den aldiro, inbasioaz hitz egiten da berriro ere. Egunero ikusten dugu, halaber, sare sozialetan zein maila sozialean gorroto handiena jasaten duen kolektiboa mairuena dela, ijitoekin batera. Gainera, generoaren arabera arrazakeria hori modu ezberdinetan erreproduzitzen da: gizonezko “moroak” basatiak, matxistak, gaiztoak eta kriminalak balira bezala irudikatzen dira; emakumezkoak, berriz, otzanak, ahotsik gabeak eta ikasketak amaitu ezin dituztenak. Metaforak oso argigarriak dira: inbasioa eta errekonkista, barbaroak eta zibilizatuak… Bai, badago hizkuntza nagusi bat, espainola, katalanaren, euskararen edo kanpotik datozen migratzaileen hizkuntza guztien gainetik egon behar duena. Zehazki, migratzaile horiek Hego Globaletik badatoz; izan ere, Frantziatik edo Londrestik badatoz, «zein ongi, elebiduna zara» eta halakoak esaten dira. Baina zure hizkuntzak ez badira pertsona zurienak edota Europako herrialdeetakoak, poliglota izatea negatiboa da. Horrek esan nahi baitu ez zarela integratu, ez duzulako espainola bakarrik hitz egiten. Ildo horretatik, amazig hizkuntza jendaurrean hitz egiteko lotsa aipatu izan duzu. Noski, txikitan horrelako gauzak ikusten dituzunean, trauma-une horretan sortzen den sentsazioa geratzen zaizu. Gero, nerabea edo heldua zarenenean, ama hizkuntza hitz egiteko ahaleginean bizi izandako sentsazio horiek berpizten zaizkizu. Kontuan hartu behar da gaztelania ez den hizkuntza bat hitz egiteagatik egoera oso bortitzak bizi ditzakezula: mesfidantza-begirada horiek... Baita tonuagatik ere! Izan ere, hizkuntza bat identitate bat da, aurpegi-adierazpen desberdinak ditu, tonu desberdinak, keinu desberdinak... Orduan jendea ikaratu egiten da eta kriminalizatu egiten zaitu: «Konspiratzen ari zara», «gutaz gaizki hitz egiten ari zarete»... Gaitzespenak ere izaten dira: «Hemen espainolez hitz egin behar da», «zure hizkuntza hitz egin nahi baduzu, zoaz zure herrialdera»… (Jon URBE / FOKU) Gaitzespenak indarkeria instituzionalaren forma ere hartzen du: ABZak (Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak), legez kanpoko atxiloketak… Arrazakeria instituzional eta egiturazkoa agerikoa da. Europar Batasunari mesede egiten diona egiten da, eta, kasu honetan, Espainiari mesede egiten diona. Beraz, migratzaileak erregularizatzea komeni bada, PPk ere egin dezake. Eta ez bada komeni, ezkerrekoak omen diren alderdiek, edo sozialista delakoak ere, lege arrazistak aplikatzen dituzte: ez dituzte migratzaileak erregularizatzen. Adibidez, egoera irregularrean zeuden 500.000 pertsona inguru erregularizatzeko salaketa masiboa egin zen pandemian, ezin zutelako bizitzeko gutxieneko diru-sarrera edota beste edozein laguntza eskuratu. Eta ez da gauzatu. Orain, ordea, badirudi atzerritartasunari buruzko araudi berria lantzen hasi dela, baina eskulana komeni zaigulako. Eskulan merkea izatea eta migratzaileak bazterrean mantentzea interesatzen zaie, eta ez bakarrik migratzaileak, baita seme-alabak ere. Hori arrazakeria instituzionala da, argi eta garbi. Bakarrik dauden migratzaile adingabeek ere jasaten dute hori. MENA gisa gutxiesten dituzte. Bai, alderdi politiko edo talde ultraeskuindar batzuek diskurtsoaren erdigunean jartzen dituzte. Baina, berriro esango dut, gobernu aurrerakoiek onartu egin dutelako. 12 eta 18 urte bitarteko adingabeak fundazio pribatuen mende dauden zentroetan egotea ahalbidetzen baduzu, instalazioak eta tratua oso txarrak izanda, eta, gainera, 18 urte betetzean edo lehenago paperik gabe kalean uzten badituzte... eskuin muturreko alderdiei kolektibo hori irensteko eta buloak zabaltzeko aukera eskaintzen ari zara, oso kolektibo zaurgarria baita. Hori gertatzen ari da. Atzerritar gazteak abandonatzen dira, familiarik gabe, ezer gabe, eta bizitza bilatzen badute, irentsi egiten ditugu. Ez atzerritar guztiak, ezta? Jakina. Adibidez, Ukrainakoa gertatu zenean, ez zen eztabaidarik izan. Egin beharrekoa egin zen, eta kito; hau da, Ukrainako adingabe migratzaileak hartu ziren. Baina afrikar jatorriko adingabe migratzaileak badira, pastel zati bat balira bezala banatzen dituzte, batzuek uko egiten diote... Herritarrei bidalitako mezua da pertsona horiek oso arriskutsuak direla eta hobe dela urrun edukitzea. Mezu horiek kriminalizatu egiten dituzte haur horiek. Estatu espainolean jaiotako etorkinen seme-alaba askoren egoera ere ez da samurra. Betebehar berberak izanagatik, ez dituzte eskubide berberak. Bai, gure gurasoen estatus administratiboa hartzen baitugu oinordetzan. Gurasoak ez badaude erregularizatuta, seme-alabak ere ez dira erregularizatzen. Adibidez, nik orain 29 urte ditut eta azken hauteskundeetara arte ezin izan dut bozkatu. Nik bezalaxe, Espainian jaiotako etorkinen seme-alaba askok ezin dute bozkatu, ez dutelako Espainiako nazionalitatea. Edo, unibertsitateko ikasketak edo masterrak hemen amaituagatik, ezin dute funtzionario lanpostuetarako oposiziorik egin. Edo, udal askok ez zaituzte erroldatzen Atzerritarren Identifikazio Zenbakia ez izateagatik, legez pasaportea izatea nahikoa izanda ere. Eta tramitea ez da erraza. Aldatzen joan da: azterketak sartu dituzte, azterketa bakoitzak 100 euro balio du, tasak... Beraz, egoera prekarioan dagoen familia migratzaile bateko kidea bazara, eta anai-arreba gehiago badituzu, egoera zaila da. Gainera, izapideak ez dira ebazten. Jendea batez beste bost urtez egoten da zain, nahiz eta legez urtebetean erantzun behar dizuten. Horrek guztiak agerian uzten du lanpostu jakin batzuetarako AIZ duten pertsonak edo, are gehiago, AIZrik ez duten pertsonak izateko estrategia politiko bat dagoela. Tramitea pasatzeko, besteak beste, "espainoltasun azterketa" gainditu behar izaten da. Egia esan, zentzu handirik ez duten galderak egiten dituzte. Nik ez nuen egin azterketa hori, baina nire ahizpak 15 urterekin egin behar izan zuen. Nire lehengusinak, 16 urterekin, ez zuen gainditu. Kasu horretan, “integrazio faltagatik” ukatu zioten Espainiako nazionalitatea, non eta bera jaio zen eta bizi den herrialdean. Etorkinen seme-alaben harira, ez dagozkien zereginak bere gain hartu behar izaten dituztela azpimarratu izan duzu. Adibidez, osasungintzan. Osasun etxeetan ez dago interpreterik. Eta familiek, kanpotik inor ez eramatearren, beren seme-alabak eramaten dituzte interprete-lanak egitera, eskolara joan direlako eta hizkuntza gehiago ezagutzen dituztelako. Baina horrek karga emozional izugarria dakar. Izan ere, azkenean ez duzu soilik interprete-lana egiten: askotan oso egoera arrazistak kudeatu behar izaten dituzu; 7, 8 edo 9 urterekin ezagutu beharko ez zenituzkeen terminoekin aritu… Eta okerrena da, akaso, zure aitak edo amak edo beste senideren batek gaixotasun larria duela eta medikuak 10 urteko haur bati jakinarazi behar diola hori, hark itzuli diezaion. Hori oso bortitza da. Ez naiz esaten ari, noski, medikuek munduko hizkuntza guztiak jakin behar dituztenik, baina migratzaileek interpreteak izateko eskubidea dutela uste dut. (Jon URBE / FOKU) Migrazioari lotuta, “integrazio” hitza aipatzen da maiz. Zer esan nahi du horrek? Integratzerakoan, migratzaileei edo seme-alabei gehiago eskatzen zaie? Noski, badirudi Espainiako kultura bakarra dagoela, espainola izateko modu bakarra, eta zuk, etorkina, arrazializatua edo etorkinen seme-alaba bazara, zeure egin behar duzula hori. Ezin duzu belorik eraman, ezin duzu gaztelania ez den beste hizkuntza bat hitz egin, zezenak gustatu behar zaizkizu... Geure gurasoen kulturarekiko eta hizkuntzarekiko lotura haustea exijitzen zaigu. Beraz, horrela integratzen dira. Baina, bestalde, erabateko integrazioa ezinezkoa da. Susmoak eta jazarpena etengabeak dira, ezta? Etorkinen eta arrazializatuen aurkako arrazakeria poliziala dago. Etnia- eta arraza-profilaren arabera egiten dira jarraipenak. Mugimendu sozialek hori legez kanpokoa dela salatu dute, baina egiten jarraitzen dute. Zergatik? Infinituki susmagarriak eta kriminalizatuak izaten jarraitzen dugulako. Egoera horren aurrean, zenbait ahots aurrerakoiek kontra-argudiatzen dute migratzaileak ekonomikoki eta sozialki beharrezkoak direla. Askotan, ezkertiarrek ez dute ulertzen arrazakeria guztiok erreproduzitu dezakegun auzi sistemikoa dela eta beren alderdien barruan arrazakeria dagoela. Orduan, migratzaileak eta arrazializatuak defendatzen saiatzen dira, baina hala eta guztiz ere, pertsona horiei gizatasuna kentzen dieten diskurtsoekin. Eskulanaren diskurtsoa horren adibidea da: migratzaileak onak dira balio digutelako, pentsioak ordainduko dizkigutelako... eta ez migratzeko eta herrialde honetan bizitza duina izateko eskubidea duten gizakiak direlako. Beraz, zer egin behar da? Guk geure burua antolatu eta arrazakeriaren inguruko kontzientzia zabaltzen dugu: arrazakeria zer den, gure bizitzetan nola eragiten duen, zer gertatzen ari den... Baina ez gara bizitza osoan mezu bera errepikatzen ibiliko. Instituzioek eta pertsona zuriek diskurtso hori barneratu eta «ados, hau gertatzen ari da; zer egin dezaket nik?» galdetu behar diote beren buruari. Eta bat egin. Batasun horretan, posible al da supremazismo espainolaren menpe dauden hizkuntza eta kulturen artean aliantzak egitea? Nik aliantza asko ikusten ditut, identitatearen eta hizkuntzaren aldeko borroka partekatzen baitute. Hori oso garrantzitsua da. Ezin dugu gauza bera erreproduzitu. Ez dakit hemen, baina Katalunian ikus dezakezu zer gerta daitekeen: eskuin muturreko alderdiak, migratzaileei haien hizkuntza ez hitz egiteko eta katalanez aritzeko exijitzen... Ez dugu pentsamendu kolonialik hartu behar. Gure hizkuntzak elkarrekin bizi daitezke eta mamu menderatzailearen aurka borrokatu behar dugu; sistema kolonial espainolaren aurka, bere hizkuntza gainetik jarri nahi baitu. Honako hau beste identitate bat dugun hizkuntzen eta pertsonen arteko ahizpatasun-ariketa bat da. «Gure hizkuntzak elkarrekin bizi daitezke eta mamu menderatzailearen aurka borrokatu behar dugu; hau da, sistema kolonial espainolaren aurka, bere hizkuntza besteen gainetik jarri nahi baitu»