DEC. 21 2024 { KOADERNOA } Zerua jausten bada ere, hobeto lo, erorien irudiko Xabier Izaga Astelehenean, ohera baino lehen -hortaz, dagoeneko asteartean-, “Los chicos de Scottsboro” (Scottsboroko mutilak) filmaren amaiera ikusi nuen, ez dakit zein katetan. Ikusita neukan, aspaldi. Hara kasualitatea, biharamunean -egun berean, alegia-, Navarros Todos y La Historia Completa (Nafarrak Guztiak eta Historia Osoa) izeneko talde batek zenbait ekimen iragarri zituen «berradiskidetzearen eta egia historikoaren gurutzadan, Nafarroak bere hildakoei egindako monumentuaren defentsan». Iruñeko Erorien Monumentuaren defentsan, alegia. Haren inguruko akordioa Udalak «ikuspegi woke batetik hartu» zuela eta jokabide hori «nazionalsozialismora bueltatzeko modua» dela esan zuten herritar arduratu horiek. “Los chicos de Scottsboro” 2006ko filmaren gaztelaniazko bertsioaren izenburua da, 1938an Lead Belly blues kantariak bere abesti bati jarri zion izenburu bera: “Scottsboro Boys”. Filmak kontatzen duen gertakari bera salatzen du abestiak: 1931n bi neska zuri nerabe bortxatzeaz faltsuki akusatutako bederatzi mutil beltzen kontrako prozesua. Abesti horretan, “woke” hitza entzuten da, egia historikoaren bilaketari horiek, munduan beste ultraeskuindar askok legez, destainaz erabiltzen dutena. Berez, “ernai” esan nahi du arrazismoaren eta injustiziaren aurrean adi egoteko deiadar horrek. Arrazismoaren aurkako borrokan engaiatuta zeudenei hala esaten zitzaien duela 100 urte inguru; 2013an, Black Lives Matter mugimenduak berpiztu eta lelo gisa erabili zuen, eta gaur egun, oro har, injustiziez eta zapalketaz kontziente dena izendatzen du. Scottsboroko auzitegi batean epaitu zituzten lehen aldiz adin txikiko gazte beltz haiek, hara eraman baitzituzten Paint Rock-en (Alabama) atxilotu ondoren, herri hartako zuri aldra bat kartzelara joan zenean gazteak lintxatzeko asmoz. Hortik datorkio, nonbait, Lead Bellyren abestiari izenburua. «Nafar guztien» ordezkari horietako batek, arkitekto bizardunak -«el arquitecto De la Barba»-, 160 orrialdeko txostena aurkeztu zuen monumentuaren kultura-ondasunaren interesa defendatzeko. Ez dakit orrialde asko edo gutxi diren, baina uste izatekoa da zenbat eta gehiago izan, orduan eta sendoagoak direla argudioak, edo epailea konbentzitzeko aukera. Eta ideologiarik gabeko ondarea defendatu zuen, ideologia onargarri bakarraren izenean. Apolitikoen ideologia; esate baterako, euskara politizatu ondoren politizatuta dagoela diotenen ideologia. Hizpide dugun filmaren jatorrizko izenburua “Heavens Fall” da, zeruaren erorikoa. Astearte honetan jakin dut horren berri, eta irakurri bezain laster, gogora etorri zitzaidan filmeko eszena batean James E. Horton epaileak zinpeko epaimahaiari esan ziona, Haywood Patterson, beltz akusatu haietako bat, bigarren aldiz epaitu zutenean: erabaki justua har zezala, «zerua jausten bada ere». Eta zerua jausi egin zen, eta epaia biziarteko kartzela zigorra izan zen. Munduko hautatuek, tartean historia osoaren jabe horiek, ez gaituzte woke nahi, harako monumentuko erorien irudiko baizik, lo eta ideologiarik gabe. • «Arrazismoaren aurkako borrokan engaiatuta zeudenei ‘woke’ esaten zitzaien duela 100 urte inguru; 2013an, Black Lives Matter mugimenduak berpiztu eta lelo gisa erabili zuen»