Mundua obretan dago
Ez zait gustatzen kalean egiten ari diren obrengatik kexatzea... B A I N A nire leihopean langileak XXX egun daramatzate demonioko dentista soinu hori egiten, eraikinaren isolatutako fatxada garaikide horietako baten piezak mozten, eta gainditua nago.
Horren harira, asko estimatzen dudan paziente batek esan zidan: «Mundua obretan dago!»
Arrazoia.
Etxeak, kaleak, hiriak eta bizitzak. Denak obretan. Eraikuntzan. Bertan behera botatzen. Berregiten.
Bizimoduak berrasmatzen, eraldatzen eta birmoldatzen.
Garai txarra pasatzen ari zarela pentsatzen ari bazara, galdera bat luzatuko dizut. Agian kaltetua zarela sentitzen jarraituko duzu, edo, agian, horrez gain beste zirrikitu eta itxaropen bat topatuko duzu.
Gaur gure planetan lur-hartu izan bazenu lehen aldiz, tokatu zaizun bizitza honetan, zure baldintzak nola biziko zenituzke? Agian baduzu lana edo agian badituzu ikasketak, agian badituzu gurasoak, lagunak edo lagun minen bat, beharbada etxebizitza bat berogailuarekin, ahalmen batzuk, iaiotasun batzuk, zuri buruzko ezagutzak barne-borrokan ez aritzeko, beharbada planak ere bai agendan... Zein itxura du lehen eguna izateko?
Zailtasunetan oportunitatearen hazia dago.
Aukera berrien potentzialitatea borborka. Identifikatzeko gai izatea da zailena. Kaltetuaren bizipena izatetik norabide berria ezartzeko zubia gainditu behar.
Egoera hau zer esaten ari zait?
Zaila da ez dagoena egon dadin behartu nahi izate horretatik benetan dagoena onartzera pausoa ematea. Hori lortzen dugunean, txapeldunak gara.
Nire bikotea ez da maitekorragoa izango. Den bezala onartuko dut konpentsatzen badit, eta bestela banoa.
Nik ez diot inoiz lehentasuna emango kirol intentsoari. Ez naiz nire buruarekin horregatik borrokatuko eta disfrutatuko dut zigiluen bilduma egiten.
Ez dut nahi kimiketako karrera egin, egia esateko. Utzi egingo dut. Benetan lurringintzan lan egin nahi dut. Karrera erdizka utziko dut. Ados.
Sexua ez zait interesatzen benetan. Xamurtasunak betetzen nau, ez gorputzen sentsazio horiek guztiek.
Adin honekin ezin dut haurrik izan jada. Hau da nire bizitza. Beste zerbaitetan jarriko dut energia hemendik aurrera.
Nire semeak behar bereziak ditu. Horrek eramango nauen leku horietara jakin-minez hurbilduko naiz.
Uko egingo diogu idealki nahi genuen horri. Ez dago. Ez da egongo. Ez gara. Ez gara izango. Listo. Inflexio-puntua iritsi da.
Gauza asko galduko ditut. Erabakiko dut zein gauza galduko ditudan. Ez naiz horiei begira geratuko. Nire bizitzan benetan gertatuko diren horietan kokatuko naiz.
Bakea.
Gerra bukatu da.
Pertsona batzuk ez daude bikote izateko prest.
Batzuek baleude bezala egiten dute antzerkia, baina benetan ez daude prest.
Norbaiten etxea ezagutzen duzunean, gauza asko uler ditzakezu.
Zer behar duen. Nola biziko den. Zer falta zaion. Zer duen soberan.
Nire aspaldi-aspaldiko paziente bat segituan konturatu zen ligatzen ari zen mutil hark ez zuela benetan bikotea izateko jarrerarik. Bere etxean sartu eta zera topatu zuen: ohe txiki bakarra, aulki bakarra, plater bakarra, edalontzi bakarra, koilara bakarra... ez dut jarraituko.
Seinaleak.
Itzuli erdia eman eta agur yogur.
Batzuetan saiatzen gara gure bikotea aldatzen. Etxea garbi eta txukun edukitzea interesatu beharko litzaioke! Ba ez.
Horretarako, nortasun transplante bat egin beharko genioke. Gure kontsultan ez dugu horrelakorik lortu momentuz. Negoziaketak, elkar-entzuteak, enpatia, mesede-trukeak, etxeko-lanen banaketa... hori bai. Ongi eta bikain. AHAL BADUZUE, hobe duzue taxuzko garbitzaile bat aurkitzea. Ez dago erraza, lanbide basatia da hori, ez eman amore. Bikote gatazkak gutxituko ditu ziur. •