«Ez dugu salbazio zientifiko-teknikorik behar, baizik eta erreskate kultural bat»
1994an Eibarren sortua, soziologoa eta bertsolaria da Jokin Bergara Eguren. Kooperatibismoaz eta ekonomia ekologikoaz ikertu du bere tesian eta «Adaxka lehorrak» liburua idatzi du.
Kultur balioen eta mundu ikuskeren eremuan indarra jartzea garrantzitsua da, Jokin Bergara Egurenen iritziz, krisi ekosozial honi aitzin egiteko. Era berean, politika publikoetan erradikaltasuna eta ausardia aldarrikatu ditu, «alternatiba herritar, berdinzale eta jasangarri baten» alde. «Horrek guztiok interpelatzen gaitu. Eta munduarekin erresonantzian bizi nahi badugu, tokiko esperientzia arrakastatsuak eskalatu eta dimentsio ertain-handi batera eraman behar ditugu», defendatu du GAUR8rekin elkarrizketan.
Valentzian nabarmen agertu da klima larrialdiaren ondorioak zeinen bortitzak izan daitezkeen.
Kasu horretan, hedabideen tratamendua ere adierazgarria da, klima aldaketaren kausa aipatu bai, baina ez delako erdian jarri. 2024 hau historiako urterik beroena izan da, 1,5 graduko igoera gainditu baita. Zientzia argia da: planeta zenbat eta beroago, orduan eta maizago eta intentsuagoak halako gertaerak. Biodibertsitatearen ikuspegitik, bizitza sostengatzen duten espezie asko gal daitezke. Igotzen ez den zentigradu bakoitzarekin ondorio asko ekidin daitezke.
Justu duela urtebete, “Adaxka Lehorrak. Talka ekosozialaren biharamun politikoak” (Txalaparta) liburua aurkeztu zenuenean, lur kolektiboetan jarri zenuen eraldaketarako itxaropena. Azaldu.
Gogoeta da, trantsizio ekosozialaren bidegurutze honetan, begirada politiko eta sozial batetik, norantz joko dugun. Adibidez, pentsatzekoa da, zientziak esaten digulako, epe ertainean, gaur egun normaltzat jotzen ditugun produktu batzuk -haragia egunero kontsumitzeko aukera, hegaldiak, auto pribatua edota berogailua- eskasian sartuko direla. Orduan, galdera da: nola banatuko dira baliabide horiek? Merkatuaren bidez, elite txiki batek sarbidea izateko edo, modu demokratikoago eta sozialki justuago batean, errazionatuz eta birbanatuz?
Zein itsasargi ikusten dituzu inspiratzeko eta jarraitzeko?
Herri mugimenduak eta sindikatuak egiten ari diren lana; Mecanerren esperientzia dugu Bizkaian, industrian langile borroka eta ekologismoa lotzen dituena. Politika publikoetan, nazioartean, badaude esperientzia interesgarriak, oso kontraesankorrak kasu batzuetan; adibidez, beti esaten da Sobietar Batasuna erori zenean Kuban nola lortu zuten jana birbanatzea, nahiz eta oso gaizki pasatu zuten. Hirigintzaren eta energia efizientziaren ikuspegitik uste dut jende asko eta oso ona ari dela lanean, bai Europan bai Euskal Herrian. Hor daude Goiener edota Izarkom, eredu komunitarioagoak planteatzen. Zentzu horretan, jendea oso gauza politak egiteko gai ikusten dut. Horri heldu behar diogu.
Zer bide egiten ari da liburua?
Oso gai makroak dira batzuetan, kostatzen da lurreratzea. Eta eztabaida sortzen ari gara, ikuspuntu politiko bat ematen. Badago giro bat Jauzi Ekosozialarekin. Aurkezpenetan interesa sumatu dut; guztia inguratzen duen gai bat da, eta badago honi serio eta gogoz heltzeko jarrera bat.
Norantz doaz Euskal Herrian politikak?
EAEren kasuan, behintzat, gobernukoak XX. mendeko kapitalismo fosilaren kodeetan oso sartuta daude, hazkunde ekonomikoa ongizatearekin lotzen dute oraindik. Gehiago inbertitu, azpiegitura gehiago, orduan produkzio handiagoa, aberastasun handiagoa, eta aberastasun horri esker ordain ditzakegu gero Osakidetza, hezkuntza eta beste zerbitzuak. Hori da beraien teoria. Planetaren mugekin talka egiten ari ez ginen garai batean, agian, izan zitekeen. Orain arte sozialismoak ere hori pentsatu du: hazi eta gero hazkunde hori birbanatu. Kontua da, gaur egun, materialki beherantz joanez pentsatu behar dela ongizatea. Klima aldaketa eta biodibertsitatearen galeraren aldagaia ekuazioan sartzen denean, guztia birplanteatu behar da, eta ez dut uste norabide hori daramatenik inondik inora. Hor ditugu Guggenheim Urdaibai eta AHT, Bilbo AEBekin hegazkinez lotu nahian ere ari dira... Ikuspuntu hori gainditu behar da, emisioak ahalik eta gehien gutxitzea delako erronka.
Gure hautuak ere garrantzitsuak dira: non erosi, nola mugitu...
Arazo handienetako bat zera da: maila batean bizi gara eta maila hori igotzen dugu kontsumo aukera gehiago izanda, etxebizitza edo kotxe hobe bat... Eta lehen geunden tokira bueltatzea galera moduan interpretatzen dugu. Erronka da itzulera hori, mingarri bezala interpretatu ordez, hobeto bizitzearekin lotzea, zentzu askatzaile batean. Ez hain lotuta materialari, baizik eta harreman sozial eta kulturaletan gehiago sakonduta. Ongizatea ez da hazten, loratu egiten da.
Norbere arduraren kasuan, kontua da ez ditugula kontsumo ohitura batzuk aldatu nahi, ez ditugulako aberatsak edo eliteak ikusten beren bizi maila jaisten: «Zergatik utzi behar diot nik hegaldiak hartzeari horiek jet pribatuetan mugitzen badira?». Galera erlatiboa da hori: «Nik zenbat galtzen dut ondokoak galtzen duenarekin alderatuta?». Geure burua justifikatzeko goikoak seinalatzen ditugu. Arazo nagusia sistema sozioekonomikoarena da. Baina horrek ez digu eragin behar gure burua ez b; munduko %10 aberatsenen parte gara eta Euskal Herriko aztarna ekologikoa 2,5 planetarena da.
Non ikusten duzu erronka nagusia?
Baditugu txosten zientifiko zorrotzak, irakurketa ekonomiko landuak. Eta bigarren planoan geratzen da balio kulturalen, gure mundu ikuskeren eta ohitura multzoen gaia. Hor dago batailarik inportanteena. Ez dugu salbazio zientifiko-teknikorik behar, baizik eta erreskate kultural bat. Bada beste paradoxa bat ere: badakigu jabetzen eta produktuen banaketa modu kooperatiboago batean egin beharko dugula merkatuak sortzen dituen alderdirik mingarrienak ekiditeko, baina merkatuak berak deuseztatzen ditu hori egiteko baldintzak, indibidualismoa hauspotuz. Horregatik, kulturaren eremutik -antzerkia, kantua, zinema, bertsolaritza...- asko egin daiteke, egiten ari da jada, arrasto batzuk lagatzeko gizartearen pentsamenduan eta norabide honetan bultzatzeko.
Tesia Arrasateko kooperatibismoaz egin duzu, trantsizio ekologikoaren bueltan.
Galdera bat da: posible da enpresa batek bere burua desaztea eta bideragarri izaten jarraitzea? Baina egin daiteke kontrako galdera ere: ez badira enpresak desazten, egongo da materialik? Etorkizunean bideragarri izaten jarraitzeko murriztu egin behar dugu.
Nola irudikatzen duzu mundua bost-hamar urte barru?
Hamarkada hau erabakigarria izango da nazioarteko boterea nola banatzen den jakiteko eta argituko delako, era berean, nondik helduko diogun gaiari, ikuspegi ekosozialetik edo kofaxistatik. Badaude kezkarako oso zantzu argiak, nazioarteko egoera politikoa ikusita. Hori esanda, historiari begiratzen badiogu, gauza ederrak ere jaio dira oso momentu ilunetatik eta posible da gizarte berdinzale, jasangarri eta demokratikoagoak etortzea.