Interview
Inko IRIARTE
LABeko lan osasuneko idazkaria

«Hildako langileak enpresariak balira gaia agenda politikoan egongo litzateke»

Prozesuak azkartu eta merketzeko lege-hausteak, lana galtzeko beldurra... Lan heriotzen kausak aletu ditu Iriartek, eta dei bat utzi du, mutualitateak osasun zerbitzu publikoekin ordezkatzeko.

Oilo-ipurdia jartzeko zifrak utzi ditu urteak, eta, hala ere, ez dira lanak eragindako heriotza guztiak. Errealitate beltz horren atzeko argazkia egin du Inko Iriarte LABeko ordezkariak.

Lan heriotzak eguneroko albiste bilakatu dira. Zer datu daude eta zer diote datuek?

Datu ofizialak egon badaude, baina lanean izandako batzuk ez dira kontabilizatzen, nahiz eta guk ezagutzen ditugun afiliazio sareari esker. Datuetatik kanpo gelditzen da heriotza multzo nagusia: laneko gaixotasunek eragindako heriotzak. Osasunaren Mundu Erakundeak dio lanak eragindako heriotza guztietako %20 soilik dela istripu traumatikoek sortutakoa, beste %80an barnebiltzen dira ez-traumatikoak eta infartuak, iktusak eta antzeko egoerak, batez ere laneko gaixotasunek eragindakoak. Horiek ez dira datu ofizialetan azaltzen, ez dira errekonozituak.

Lan istripuen kopurua igo da, baina gaia ez dago agenda politikoan.

2024an, dagoeneko, hildako 61 langile [abendu hasierako datuak] kontabilizatu ditugu Euskal Herrian. 61 horiek enpresariak balira, gaia agenda politikoan egongo litzateke. Errepikatu behar dugu horien atzean prebentzioaren arloko arau-hausteak daudela. Enpresariek ez dute araudia betetzen kontzienteki, eta horren emaitza da istripuak pilatzea. Icebergaren punta besterik ez dira heriotza traumatiko horiek. Gogorarazi behar dugu iaz 100.000 istripu kontabilizatu zirela Hego Euskal Herrian, hainbat larritasun motatakoak. Pentsa dezagun datu horien atzean enpresariak baleude, agenda politikoan non legokeen gaia eta nolako oihartzuna emango lioketen Pradales jaunak eta Chivite andereak.

Lan istripu guztiak edo gehienak ekidin zitezkeen?

Jakina. Guk ikertu ditugun istripu gehienetan langileak bazekien zer arrisku zituen. Pertsonak arriskuak bere gain hartu behar izaten ditu prekaritatearengatik eta lana galtzeko beldurrarengatik. Istripu larri horietan, batez ere erorikoetan eta antzeko egoeretan, jakina da zeintzuk izan behar diren neurri prebentiboak, baina denbora galtzen delako edo garestiagoak direlako, langileak muzin egiten dio bere bizitza babesteari eta enpresariak baliatzen du prekaritate hori prozesuak merkeago ateratzeko; finean, langileok ordaintzen dugu geure bizitzarekin, baina, zalantzarik gabe, ekidingarriak dira.

Heriotza tasa altuak sektore ugaritan daude, baina badaude bereziki seinalatuak direnak; basogintza, adibidez.

Basogintza intentsiboa, azpimarratu dezakegu. Euskal Herrian errealitate desberdinak ditugu basogintza ereduari dagokionez. Arabak eta Nafarroak baita Ipar Euskal Herriak ere izan dezakete historikoki herri honek ezagutu duen basogintzatik gertuago dagoen eredua; Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, ez da bioaniztasunean aditua izan behar jabetzeko gure basoek zer nolako artifizializazio maila pairatu duten, eta, batez ere, hor ematen dira heriotzak. Adibidez, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundietan eta batzar nagusietan horren inguruko idatziak sartu genituen, azken hiru urteotan bederatzi hildako izan baitira basogintza lanetan, eta horietatik zortzi, basogintza intentsibo ereduan.

Azken mende eskas honetan ekarri da eredu bat Bizkaira eta Gipuzkoara batez ere, non kanpoko espezieak, abiadura handiz hazten diren espezieak, malkar handietan landatzen diren. Entresakak, jasotzeak eta botatzeak eta matarrasak egiten dira, makineria oso astunarekin, eta, funtsean, horrelako malkarretan garatu ezin daitekeen eredu bat ekarri da. Hortik datoz istripuak. Basogintzak berez dituen arriskuez gain, modu esponentzialean hazi da arrisku faktorea. Sektorearen egoerak, gainera, are neurri gutxiago ipintzea dakar: makineria zaharrarekin ibiltzea, jendea isolatua ibiltzea, prebentzio-baliabidearen figura ere ez egotea... Kate horrek guztiak eragiten du aurten, adibidez, asko jota 1.000 langile dauzkan sektore batek dagoeneko hildako hiru langile izatea. Milatik hiru: gudu zifrak dira. Horrek du zoritxarreko lidergoa heriotza tasan, proportzioan daukan langile kopuruagatik.

Garraiolariena da bereziki kolpatutako beste sektore bat. Sindikatuek maiz salatu dute asko trafiko istripu gisa hartzen direla.

Azterketa zehatz bat egin dugu eta kardiologiako aditu batekin ere kontrastatu ditugu hainbat datu. Izan ere, ikusten ari gara garraio sektorean, eta estres handia pairatzen duten sektore batzuetan, joera bat dagoela: istripu ez-traumatikoen kopuru handiagoa. 2022an, adibidez, istripuen %70 inguru izan ziren ez-traumatikoak, oro har, langilerian. Garraioan, joera hori askoz altuagoa da. Ulertu daiteke lanak zerikusia duela istripu mota horiekin, eta historikoki patronala eta mutuak saiatu dira pisua kentzen, eta istripu ez-traumatiko horiek esparru pertsonalean uzten, genetikan... Faktore asko pilatzen dira, gainera: lanpostu sedentarioak, elikadura egokia ez eramateko aukera handia, estres handia, lanordu asko...

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

Hamarnaka lan heriotza eta, hala ere, absentismoa izan da hizpide.

Marka da gero! 61 hildako dagoeneko 2024. urtean. 2023an, 100.000 istripu onartu ziren ofizialki, baina milaka istripu arin ez dira komunikatzen, enpresako botikinean geratzen dira edo, lan orduak bukatutakoan, Osasunbidera edo Osakidetzara joaten da langilea artatzera. Beraz, 100.000 izan ziren onartuak iaz eta horietatik erdiak baino gehiagok baja eragin zuten. Argazki horren pean absentismoaz hitz egiten ari gara, baina hor dugu gaixotasun profesionalen argazkia. Izan ere, istripu traumatikoak icebergaren punta baino ez dira, gaixotasun profesionalak baitira zatirik garrantzitsuena. Absentismoaren atzean eskubide jakin batzuk urratzeko patronalaren interesa dago: greba eskubidea, baimenak eta hamarkadetan sindikatuetatik borrokatu ditugun beste zenbait eskubide. Eta gero daude, batez ere, eta zatirik garrantzitsuena dira, bajak, eta horien barruan, arruntak, gripeak... edozein osasun arazo eta lanak sortutakoak ere bai. Patronalak eskubide horiek murriztu nahi ditu, baja arrunt horiek murriztu, lanera gaixorik bidali nahi gaitu, eta horretarako, familia medikuei eskubideak eta ahalmenak kendu nahi dizkie. Eta hirugarrenik, eta hemen dago gakoa: lanak sorturiko baja horiek prebentzioa betetzen ez delako gertatzen direla ikusi dugu. Guk patronalari esaten diogu, absentismoa jaitsi nahi badu, lanak sorturiko baja horietan eragin eta, behingoz, prebentzio araudia bete behar duela. Beteko balute ez ginateke datu beldurgarri horiez hitz egiten ariko. Beraz, absentismoa termino sanitarioetan jaisteko aukera bakarra da baja profesional horietan eragitea prebentzio neurriak aplikatuta. Jakina, beste modu bat ere bada: Osakidetzak eta Osasunbideak nahikoa indar izatea itxarote zerrendak jaisteko eta zerbitzu egokiagoa eskaintzeko. Horrek bajak jaitsiko lituzke, baina inbertituta, ez langileoi eskubideak kenduta. Absentismoaren atzean mamu erraldoi bat sortu dute eta funtzionatu egin die.

Zer nolako politikak eta urratsak behar ditu lan osasunak?

Osalan, EAEn, eta Noploi, Nafarroan, enpresariari araudia ez betearazteko diseinatuta daude. Aholkularitza entitate izatera bideratuta daude, eta guk diogu entitate exekutibo bilakatu behar direla; bestela, hor sartzen den diru hori guztia erre egiten da inongo emaitzarik gabe. Hemen badago bereziki larria den zerbait: lanak sortzen dituen kalte guztien atzean amaraun izugarri bat dago, eta puntan mutualitateak daude. Aldarrikatzen dugu publifikatu egin behar direla, eta legeak aukera ematen du zuzenean egiteko. Gogoratu behar dugu beraien estrukturak diru publikoarekin ordaindu direla. Hor, gainera, profesionalak eta baliabideak egongo lirateke, Gizarte Segurantzari, Osakidetzari eta Osasunbideari itxaron zerrendak jaisten laguntzeko, baina kudeaketa publiko batetik.

Langileriari gogorarazi behar zaio komiteetan borroka daitezkeela enpresak, mutualitate bat kontratatu beharrean, zuzenean Osasunbidearekin edo Osakidetzarekin kontratatzeko. Horrek esan nahi du, lan istripua edo gaixotasun bat izanez gero, familia medikuak artatuko gaituela, ikuspegi sanitario hutsarekin, ez ikuspegi ekonomizistarekin. Aldarrikatu behar da enpresetan kontratazioa zerbitzu publikoekin egitea eta ez mutualitateekin.