«Premiazkoa da salbuespen politikak behingoz bertan behera uztea»
Iñaki Garzes, Joxerra Lopez de Abetxuko eta Iñaki Arakama preso politiko ohiek mezu argi bat utzi nahi dute: nabarmen aldatu da, hobera, euskal preso politikoen egoera; hala ere, oraindik indarrean dauden salbuespen politikak oztopo dira preso politikoak etxera itzultzeko.
Azken urteotan euskal preso politikoen egoera nabarmen aldatu bada ere, «Estatu frantseseko zigorra ez ezik Estatu espainolekoa ere beteta daukaten batzuk Gabonetan ez daude etxean». Hala gogorarazi du Iñaki Garzes Beitia otxandiarrak, aldaketa horiek bere 26 urteko kartzelaldiaren azken txanpan ezagutu dituenak. Maiatzean aske geratu zen, eta Gasteizera hurbildu da euskal presoen egoeraz hitz egiteko. Joxerra Lopez de Abetxuko Likiniano gasteiztarra batu da solasaldira. Espainiar eta frantses estatuetan 29 urteko zigorra bete ostean, duela sei urte irten zen espetxetik. Iñaki Arakama Mendia asparrendarrak ez du haiekin batera egoterik izan, baina bai GAUR8rekin. 24 urte egin zituen kartzelan, eta duela lau irten zen kalera.
Garzesen ustez, presoak Euskal Herrira ekarri izana aurrerapauso handia izan da, «zalantza barik. Orain jorratzen ari den bidea ahalik eta lasterren denak kalean egoteko biderik egokiena da». Prozesu hori barrutik nola ikusten den galdetuta, ez du zalantzarik egiten: «Oraindik 2020an, pandemia garaian, Euskal Herrira etortzea nahiko urrun ikusten zen, eta dagoeneko hori amaitu da, Estatu frantseseko bakan batzuentzat izan ezik. Pentsa, orduan asko eta asko lehenengo graduan, isolamenduan... eta gaur egun espetxeko bizitza normala egiten dute, gutxienez erosoago. Eta, gero, irteteko perspektiba badago. Lehen ezin zenuen ezer espero».
Zenbait motatako baimen administratiboak, 100.2 artikulua, hirugarren gradua, baldintzapeko askatasuna eta beste aringarri batzuk aipatu ditu; hala ere, oztopoak ere badaudela dio. «Uste izatekoa da prozesu hori onerako pausoak direla, baina batzuetan teorian presoarentzako aurrerapausoa dena benetan atzerapausoa izan liteke haren bizi baldintzetan. Ni kontrol telematikoko eskumuturrarekin nengoenean, ordutegi bat neukan etxean egoteko, baina hortik kanpo edonon mugi nintekeen, eta aske geratu baino lehen, baldintzapeko askatasunean, mugimenduak mugatu zizkidaten, ezin nintzen Bizkaitik atera. Alaba Donostian ikasten neukan, ezin nintzen Otxandiotik Gasteizera joan, Aramaion lan bat atera zitzaidan eta ezin nintzen joan, edonora joateko baimena eskatu behar nuen...».
Estatu frantsesean betetakoa
Aurten nabarmendu beharra dago beste estatuetan betetako zigorrak aintzat hartuko dituztela kartzelaldia ez luzatzeko, Europako arauak aspaldi dioen bezala. Joxerra Lopez de Abetxukok 29 kartzela urte bete zituen, horietako lau Estatu frantsesean beteta zeuzkan arren. «Lau urte, bai -dio gasteiztarrak-, amarru bat da hasieratik. Guk espetxe arautegia beste guztiei bezala aplikatu diezaguten urratsak egin ditugu, baina ez digute berdin aplikatzen. Beti egon gara Damoklesen ezpata gainean genuela, eta esan izan dutena gero ez dute bete. Borroka armatua amaitutakoan dena posible izango zela zioten, presoak eta abar. Horregatik da garrantzitsua egin diren pausoak alde bakarrekoak izatea. Eta kartzeletan asko kostata egin zen pauso horien inguruko eztabaida, denek parte hartzeko oztopoei aurre eginez, eta jendarteak eskatzen zuena kontuan izanda. Estatu frantseseko urteak ez kontatzea, edo jendea deportatuta edukitzea, estrategia baten araberakoa da; ingeniaritza juridikoaren kontua eta beste hainbat amarru ez dira berriak».
Estatu frantsesak Lopez de Abetxuko epaitu eta uko egin zion espainiarrera estraditatzeari, «baina bi estatuek beste figura bat asmatu zuten, ‘erabateko premia’ izenekoa, eta besterik gabe mugan jarri ninduten», dio.
Zigor gehigarria ezarri izan diete hainbat deportaturi ere. Iñaki Arakamak Dominikar Errepublikan eman zituen urteez mintzatu da. «Aljerian, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketak porrot egin ondoren, Dominikar Errepublikara eraman gintuzten. Argi utzi behar da Espainiak deportatu gintuela. Aljeriak, bere lurraldean geundenez, atxilotu egin gintuen eta Auzitegi Nazionalaren eskaeraren berri eman zigun. Behin espainiar agintariei entregatuta, ez gintuzten Madrilera eraman, Auzitegi Nazionalak agindutako moduan, baizik eta Dominikar Errepublikara. Ikuspuntu politikotik ulergarria da, baina nazioarteko zuzenbidearen ikuspuntutik inoiz ikusi gabekoa izan zen. Botere banaketa...?».
1989ko apiriletik 1997ko abuztura arte egon ziren han, polizia zaintza zorrotzaren pean eta denbora luzean senideen bisitarik ere jaso gabe, engainupean aireportura eraman zituzten egunera arte.
Botere banaketa aipatuta, lawfare delakoa ekarri du hizpidera Garzesek. «Batzuek orain idoro dutela ematen du, guk duela 50 urtetik gora ezagutu dugu. Zer froga behar zituzten epaileek gu zigortzeko? Niri Kordoban urtebeteko zigorra ezarri zidaten ‘mehatxu terroristengatik’, zigor osoa amaitu nuenean bete behar izan nuena. Egun osoan zeldan itxita egonda, jartzen zizkiguten zigorrek gugan eraginik ez zutenez, ‘mehatxu terroristak zirela-eta’ salaketak bidaltzen zituzten Auzitegi Nazionalera, eta epaileek normalean artxibatzen bazituzten ere, nondik heldu ere ez zutelako, batek niri, frogarik gabe baina ‘por convicción moral’, urtebete ezarri zidan».
Erritmoak
Garzesek dio presoak beti izan direla turko-buruak, «ekintza armaturen bat zela-eta edo egoera politikoaren arabera, beti jasotzen genuen egurra; Zigor Kodearen aldaketak, Parot doktrina zelakoa, ez zela legezkoa jakinda ere, denbora irabazteko. Zigorra ebazten zen bitartean, gu barruan, Joxerrari egin zioten moduan. Eta eraiki duten egitura legal hori guztia desmuntatzeko ez daukate hainbesteko presa. Berehala egiten zituzten erreforma gero eta murriztaile eta zigortzaileagoak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta segituan aplikatzen zituzten, gauetik goizera, baina errepresioa bertan behera uzteko erritmoak askoz motelagoak dira». Diotenez, ikusteko dago oraindik nola aplikatuko duten beste estatuetan betetako kartzela urteen inguruko azken erreforma. «Denbora pasatzen da, eta barrukoa ez da kanpoko denbora».
Hori guztia «terrorismoaren aurkako borrokarekin» justifikatzen zuten lehen. Orain, ordea, kontakizuna dute aitzakia. Lopez de Abetxukok dioenez, pedagogia falta dago, «baina ezin genuen pedagogiarik egin, alderdi politiko batekoa izateagatik ere kartzelara sartzen bazintuzten, nola esan behar zenuen pentsatzen zenuena? Eta orain kontakizuna eurek egiten dute».
Halatsu ikusten du Arakamak ere: «Guk gertakari guztiak kontatu nahi ditugunean, kriminalizatzen gaituztela ikusten dugu maiz, apologiagatik ez bada, beren errelatoarekin talka egiteagatik. Orduan, ahal den bezala egin behar da, puzzle baten piezak bezala, osatzen joateko».
Gaur egungo egoera hobea da, eta hori aurrerapausoa da. Bat datoz hirurak. «Hala ere, hor dago oraindik salbuespen legedia. Ez dute bertan behera utzi, ez dute nahi. Jende pila bat dago barruan hogeitaka urte beteta, badaude 40 urte betearazi nahi dizkieten presoak. Oraindik badaude presoak, eta argi utzi beharra dago hau ez dela amaitu».