JAN. 04 2025 Iparra Doinua: Gai honek badu mamia Erika LAGOMA POMBAR Bertsolaria 1 Zer da makilaje hutsa zer funtsezko mamia oraindik presente dugu azken epidemia lur azalean dardara eta hipertermia bizitza itotzen duen sasi ekonomia nitasunaren garaian auzoaren premia gutxiago gelditzen da esnatzeko momia. 2 Mugaz gaindiko joerak uneko setioa kokalekuen arteko hitzen sugestioa kolonizazioaren glukosa, opioa hausteko erabakia da autogestioa behar dira ausardia eta digestioa euskaldun izatearen talaia propioa 3 Faszismoa lotsagabe mintzo zaigu Europan beldurrak mantentzen ditu burmuin ahalak lotan Greba feministak daude Bilbon eta Bogotan zaintza ezin dugu jarri letra txikiz kolokan politika sozialetan ta ekonomikotan behingoz islatu daitezen larruazal orotan. 4 Perspektiba ezberdinak nahi ditut marrazkian sare zulo aniztunak nire iragazkian zerua ez dago berdin denontzat arrastian termitak eroso daude zumitzezko saskian gure bueltan asko dago ta ez dago aski han zapalduak ere badu norbait bota azpian. 5 Manosferaren zornezko haztegi birtualek X-ren jerifalteek TikTok-eko kontuek nahi gaituzte mutu, geldi, dekorazio, vedette kuadrilateroa dira sareak ta internet hankak gihartsu ditugu ta eskularruak prest bidea jorratzen dute hitza hartzen dutenek. 6 Emakumeen kontrako terrorismo zekena eraso bat, erantzun bat salatzeko sistema lotsa bandoz aldatu da zartatu da ordena zutik segitzen du baina gaixo dago zezena isiltasuna da gure bizipenen gangrena berau da ahanzturaren lehenengo abizena 7 Gizonak ta jazarleak jarri ditugu deman nahiz ta denak hazi diren boteretsu sisteman. Ez diote nahi elkarri leziorikan eman. Pertsonak behar ditugu popa aldean, leman ta konponbidea izan behar dute probleman ezin da aldi berean arnastu eta edan 8 Idazteke daude hainbat berri ta lerroburu elkarrekin egin nahiak sare forma hartu du gorputz bakarra daukagu eta milaka buru lotu ditugu Lesaka, Durango ta Ziburu nor bere esparruetan lanean dihardugu eztabaidak eztabaida iparra argi dugu.