Iparra
Doinua: Gai honek badu mamia
1
Zer da makilaje hutsa
zer funtsezko mamia
oraindik presente dugu
azken epidemia
lur azalean dardara
eta hipertermia
bizitza itotzen duen
sasi ekonomia
nitasunaren garaian
auzoaren premia
gutxiago gelditzen da
esnatzeko momia.
2
Mugaz gaindiko joerak
uneko setioa
kokalekuen arteko
hitzen sugestioa
kolonizazioaren
glukosa, opioa
hausteko erabakia
da autogestioa
behar dira ausardia
eta digestioa
euskaldun izatearen
talaia propioa
3
Faszismoa lotsagabe
mintzo zaigu Europan
beldurrak mantentzen ditu
burmuin ahalak lotan
Greba feministak daude
Bilbon eta Bogotan
zaintza ezin dugu jarri
letra txikiz kolokan
politika sozialetan
ta ekonomikotan
behingoz islatu daitezen
larruazal orotan.
4
Perspektiba ezberdinak
nahi ditut marrazkian
sare zulo aniztunak
nire iragazkian
zerua ez dago berdin
denontzat arrastian
termitak eroso daude
zumitzezko saskian
gure bueltan asko dago
ta ez dago aski han
zapalduak ere badu
norbait bota azpian.
5
Manosferaren zornezko
haztegi birtualek
X-ren jerifalteek
TikTok-eko kontuek
nahi gaituzte mutu, geldi,
dekorazio, vedette
kuadrilateroa dira
sareak ta internet
hankak gihartsu ditugu
ta eskularruak prest
bidea jorratzen dute
hitza hartzen dutenek.
6
Emakumeen kontrako
terrorismo zekena
eraso bat, erantzun bat
salatzeko sistema
lotsa bandoz aldatu da
zartatu da ordena
zutik segitzen du baina
gaixo dago zezena
isiltasuna da gure
bizipenen gangrena
berau da ahanzturaren
lehenengo abizena
7
Gizonak ta jazarleak
jarri ditugu deman
nahiz ta denak hazi diren
boteretsu sisteman.
Ez diote nahi elkarri
leziorikan eman.
Pertsonak behar ditugu
popa aldean, leman
ta konponbidea izan
behar dute probleman
ezin da aldi berean
arnastu eta edan
8
Idazteke daude hainbat
berri ta lerroburu
elkarrekin egin nahiak
sare forma hartu du
gorputz bakarra daukagu
eta milaka buru
lotu ditugu Lesaka,
Durango ta Ziburu
nor bere esparruetan
lanean dihardugu
eztabaidak eztabaida
iparra argi dugu.