Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

SUKALDEAN

Asteroko otarreko barazkiekin hozkailua beteta egon arren, sobreko zopa dago mahaian hozten, azkarrago epeltzen da, baina merkeagoa da, eta azkarrago egiten da. Ohi baino beranduago heldu ziren Xabier Usabiagarekin iluntzero zuten zitara, asteazkenetan 20.00ak arte Yoga izaten baitzuen Loinatzek, eta beti kostatu izan zaio agurtzea, baita parekoarekin luzaketak egiteko goma bakarrik partekatu badu ere.

Xabier Usabiaga (pantailaz bestalde): Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak 2030eko Naziometroaren emaitzen berri eman du astearte goiz honetan. Euskal Herri osoan euskal herritar sentimendua nagusi da: 8,6 batez beste, espainiar/frantziar sentimenduaren gainetik (5,1).

Loinatz: Euskal herritar galdetuko zuten edo euskaldun?

Maddi: Joe, Loinatz, beti-beti-beti katuaren bosgarren hankaren bila. Euskal herritar esan du, ba halaxe galdetuko zuten. Bueno, ta ez dakit e, niretzat igual gauza bera dira, ze total...

L: Ta gustatuko litzaidake beste %1,4 horrek zer erantzun zuen jakitea. Baina bueno, duela sei urteko aurkezpena Tabakaleran egin zuten, bertako soinu teknikaria nintzenean, eta esango nuke euskal herritar sentitzen zirenen ehunekoa %7aren bueltan zegoela eta beherantz zihoala, zerbait aurreratu dugu.

M: Oso fuertea dena da euskal herritar sentitzen direnak espainol edo frantses ere sentitzea.

L: Sentitu besterik ez badute egiten, gaitz erdi...

M: Bizitza lerratzea da Loinatz, dena ezin da. Ezin dira Olentzero eta Mari Domingi ospatu, eta gero Errege Magoak, eta izebaren etxean Santa Klaus, eta gero ez dakit zer…

L: Ja bueno, baina zer da garrantzitsuena, Olentzero eta Mari Domingi ere ospatzea edo Errege Magoak bakarrik ospatzea? Esango didazu ikazkin mozkorra dela zu gehien erakartzen zaituena…

X.U: Herritarren gehiengoak Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako eremuarekin identifikatzen du, %53ak, hain zuzen ere.

M: Ikusten, euskaldun edo euskal herritar sentitu, zazpi lurraldeek osatutako herritzat du jendeak Euskal Herria. Gustura jakingo nuke hala dela esango genukeen bakoitzak zer ikusten dugun zazpi lurralde horien atzean, zerk ematen digun batasun hori, ze zazpiak bat… pixka bat demodé.

L: Euskal presoen ikurra aldatu zenetik, Euskal Herriko mapa ere ez dut gehiegi ikusten ba…

M: Egunero, Teleberrin eguraldiaren berri ematerakoan!

L: Eguraldiaren atalean izango da, ze bestela ez diot ba zazpi lurraldeak kontuan hartu eta nazio bat irudikatzen duenaren itxura handirik hartzen gure gaueroko zitari.

M: Ba Gure Esku Dago-ren giza katean, uff, ordutik hamar urte igaroko ziren akaso, ba… Korrika! Hor irudia duzu, egun bakoitza kolore batean, zazpi lurraldeak zapaltzen ditu eta batetik bestera dabil, nazioa irudikatzeko hori baino hoberik!

L: Bai, bai, hori ere bai… Baina zerbait berriagoa esan nahi nuen, ahal bada gu jaio aurretik existitzen ez zena, baina guk identifikatzen duguna.

M: Pasa ogi puska bat, mese.

X.U: Espainiatik edo Frantziatik independizatzeko asmoaren inguruan galdetuta, emaitza mantendu egin da, %25. Hala ere, desadostasunak nagusi izaten jarraitzen du, eta %40aren inguruan mantentzen da.

M: %40 ez da horrenbeste, ez?

L: %25 baino gehiago. Galdetuz gero, galdu egingo genuke.

X.U: Euskal Estatuaren alde edo kontra dauden galdetzean, aurreko neurketarekin alderatuta gora egin du aldekotasunak, %68, eta kontrakotasuna mantendu egin da %21,8.

M: Aupa aupaaa, asteburuan sobratutako zerbezak aterako ditut oraindik e!

L: Shhhh… izango du tranparen bat eta.

X.U: Euskal Estatuaren alde nengoke, horrek gatazkarik sortzen ez badu, %77.

L: Esan dut ba nik tranpa zuela.

M: Eske dena da gatazka herri honetan, no me jodas.

L: Zuk ere ihes egiten diozu gatazkari e, gudaritxo, zenbat hilabete pasa zenituen Juleni esan gabe koloretako komuneko papera ez zaizula gustatzen eta ezkutuan klinexak erabiliz berarekin talkarik ez egiteagatik? Ba independentzia aldarrikatzeko moduan zaude…

M: E, txe txe, ez da gauza bera talka pertsonalei aurre egin beharra edo kolektiboei.

L: Pertsonala politikoa da.

M: Ekarri ura.

X.U: Iratxe Esnaolak azaldu duenez, nor izateko grina etorkizunera proiektatzea da abertzaletasunak duen egiteko handienetako bat.

L: Egun zer den abertzaletasuna eta nolakoa izatea nahi dugun definitzea ere ez legoke batere gaizki.

M: Masterrean nire klasean dagoen batek ikertu zuen abertzaletasuna nondik eraiki, eta identitatea ongizatearekin lortu behar zela esaten zuen, eta hortik eraiki talde pertenentzia. Eta auto-irudi aurrerakoia eraiki behar genuela, datuek jada abertzaletasuna aurrerakoi gisa definitzen dutela esaten badute ere, jendeak feminismoarekin, ekologismoarekin eta euskaltzaletasunarekin lotzen omen du.

L: Zuen unibertsitateko zuen mini munduan izango da, gogoratu duela bost urte Donostiako Kaian agertu ziren pankarta lauburudunak, oso aurrerakoiak, bai… Nire ustez harrera herri izaten asmatu ezean, ezinezkoa izango da batasun, proiekzio eta gu txikiak batuko dituen gutasun hori sortzea.

X.U: Euskal herritarren gehiengo zabalaren iritziz, %79 alde eta %15 aurka, hiru administrazio eremuetako jokalariek osatutako Euskal Futbol Selekzioak nazioarteko txapelketa ofizialak jokatzeko aukera eduki beharko luke.

M: Ta orain futbola, falta zitzaiguna.

L: Hau ere, beste guztia bezala, oso aurrerakoia, ezta, Maddi?

M: Ba batzuentzat bai, kamiseta janztea bera niretzat bada aldarri eta ekarpen bat. Baina klaro, lagunarteko partida txarrak ikusteaz ja paso. Ta jaitsi bolumena pixka bat, mese.

L: Bai, bai, eta datu hauek ere ez dira txarrak e, zerbaiten sintoma dira, eta aspaldiko partez sintoma onak, nire ustez. Baina hauekin zer egin asmatu behar dugu.

M: Guztia dago egiteko, bai, baina niri horrelako datuek poza eta esperantza ematen didate.

L: Ta nork ikusten ditu datu hauek? Noren etxera sartzen da Usabiaga gauero?

M: Iraultza digitalarena “temoi” bat da, aurrekoan esan nizun hitzaldi batera joan nintzela eta... Bueno, ba hor esaten zuten komunikazio bide berriak ditugula egun, eta ondorioz, gero eta eduki komun gutxiago ditugula, eta ondorioz, guztiok iturri ezberdinetatik edaten dugunez, ez ditugula erreferentzia berak, eta ondorioz, iruditegi ez zatikatu bat sortzea zaila dela, eta ondorioz, nola sortzen den pertenentzia sentimendu bat, eta nola sortu kika horretan nazioa…

L: Eta Sarrionandiak komunikazio espazioa dela nazioa, baietz. Baina ni ez naiz horretaz ari. Euskal nazioa edo Estatua edo dena delakoa eraikitzeko, noren etxera sartzen da Usabiaga gauero?

M: Eske igual ez du berak sartu behar.

L: Ez didazu ulertu nahi, atera jogurtak eta koilarak.

M: Mahalakoak, ezta? Abertzaleak beharko dituzu.

OHARRA: Nazioaz, lurraldeaz, naziogintzaz edo estatugintzaz, edo erabakitzeko eskubideaz, edo lurralde artikulazioez idazteko eskatu didate; datu karratuak edota egia biribilak aurkitzeko eremu labainkorra. Datuen beheranzko joera nagusi den honetan, goranzko zenbait asmatu ditut, ez dira datu errealak. Afalosteko elkarrizketek ere gehiago izan ohi dute sarritan galderatik, eta momentuz bere horretan utzi ditut zenbait galdera, irudikatzeko ezinetik. Baina Beñat Gaztelumendik Illunben kantatu bezala, «gaur fikzio bat da baina / egia izan daiteke».