Itxaso LEON KAREAGA
Interview
DELMY CORTEZ ETA MORENA HERRERA
ABORTUAREN ALDEKO EKINTZAILEAK

«Beatrizena bezalako istorioek bestelako errealitate bat irudikatzea baimendu digute emakumeoi»

Abortuaren aldeko ekimen baten barnean, ugalketa eskubideen alde lanean aritzen diren hainbat ahots bildu ziren otsailean Basauriko Marienean, Emakumeen Etxean. Horien artean, Delmy Cortez, El Salvadorren hildako Beatrizen ama, eta Morena Herrera, herrialde bereko ekintzaile feminista.

Delmy Cortez, Beatrizen ama, Basaurin egon da.
Delmy Cortez, Beatrizen ama, Basaurin egon da. (Endika PORTILLA | FOKU)

Azken 30 urteetan, munduko 60 herrialdek baino gehiagok legedia aldatu dute abortatzeko eskubidea bermatzeko. Beste batzuetan, ordea, abortua egoera gehienetan debekatzen duten legeak dituzte. Horren adibide dira Nikaragua, Polonia, El Salvador, Dominikar Errepublika, Honduras, Malta edo Maroko.

Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeak igorritako datuen arabera, urtero ugaltzeko adinean dauden 700 milioi emakumek ez dute legezko abortu segurua egiteko aukerarik. Horren ondorioz, urtero milaka emakume hiltzen dira edo espetxe-zigorrera kondenatzen dituzte.

Besteak beste, El Salvadorko egoera izan zuten hizpide otsailean Basauriko Emakumeen Etxean, Marienean. Mugarik Gabe antolakundearen eskutik eta Udalaren babespean, “Abortatzeko eskubidea, giza eskubidea” erakusketa izan da ikusgai bertan iragan otsailean zehar, eta, hura inauguratzeko mahai inguruan, nazioarteko hizlari bereziak jaso zituen espazio mitiko horrek.

Izan ere, ez da kasualitatea ekimen hau Basaurin abiatu izana. Kasu historiko bat topa daiteke bertan, “Basauriko 11k” izenpean, abortatu izana leporatuta prozesu penala pairatu zuten hamaika emakumeena. 1976tik 1985era luzatu zen, eta abortatzeko eskubidearen prozesuan aitzindaria da kasua, Espainiako Estatuko demokrazian onartu zen abortuaren lehenengo legea sustatu baitzuen.

Hizlarien artean egon zen Morena Herrera, El Salvadorko ekintzaile feminista eta hainbat kolektiboren parte izandakoa, Latinoamerikako sexu- eta ugalketa-eskubideen aldeko borrokako funtsezko figura.

Delmy Cortez ere bertaratu zen hitzordura. El Salvadorko aktibista bera ere, 11 urte eman ditu alaba Beatriz zenarentzat justizia eskatzen. Beatrizen kasua, herrialde barruan eta bertatik kanpo, abortatzeko eskubidearen defentsan erreferentzia izan da.

2013an, arrisku handiko bigarren haurdunaldi bati egin behar izan zion aurre haur txiki baten ama gaztea zen Beatrizek. Lupusak jota zegoen eta pobrezia eta prekaritate egoeran bizi zen. Diagnostikatu zioten fetuak anentzefalia zuela, hau da, ez zuela garunik garatu, eta hori bateraezina zen sabeletik kanpoko bizitzarekin. Medikuek haurdunaldia etetea gomendatu zuten bere bizitza eta osasuna babesteko, baina El Salvadorko abortuaren erabateko zigorra tarteko, Estatuak prozedura hori ukatu zion. Behar baino hilabete gehiagoren ostean, zesarea egin zioten azkenik. Beatriz onik atera zen hartatik, baina, osasun egoera zaurgarria tarteko, laster hil zen trafiko istripu arin batean.

2024ko abenduaren 20an, urte luzetako itxaronaldiaren ostean, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak epai bat eman zuen El Salvadorko Estatuak Beatrizen auzian eta beste hainbatetan duen erantzukizuna adierazteko. Indarkeria obstetrikoa eta osasunerako eskubidea urratzea leporatu zioten.

Duela hamar urte baino gehiago atzera eginda hasiko dugu kontakizuna. Zein bizi- eta osasun-egoeratan zegoen Beatriz arriskuko bigarren haurdunaldi horren berri izan zuenean?

[Delmy Cortez]: Osasun egoera larrian zegoen, lupusaz gaixo. Gorputza zauriz josia zuen, eta eskuak bendatuta; ezin zuen bere kabuz jan, nik eman behar nion janaria, une oro lagundu behar izaten nion.

Bizitoki nuen Usulutanetik El Salvadorrera joan eta etortzen nintzen egunero, eta ospitalean zorrotzak ziren, senideei sartzen uzteko garaian. Medikuek esaten zidaten, haurdunaldia eteten ez bagenuen, Beatriz eta bere haurra hil egingo zirela, nahiko kritiko zegoela eta. Azkarra izan behar zuen prozesuak, baina 81 egun eman behar izan genituen ospitalean, kasua nola ebatziko zain.

Nolakoak izan ziren zalantza eta borroka hilabete horiek, fetuaren malformazioen berri izan zuenetik Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak epaia eman arte?

[D.C.]: Zaila izan zen biontzat. Larritasunean eta torturan eman zuen berak aldi hori, taldeak etortzen baitzitzaizkion dirua eskaintzera eta ez abortatzeko eskatzera, baina jakin bagenekien ezinezkoa zela haurdunaldi horrekin jarraitzea.

Unea iritsi arte egon ginen borrokan. Azkenean, zesarea egin behar izan zioten, baina ez zuen zertan puntu horretaraino iritsi, Beatrizentzat arrisku handiagoa suposatzen zuelako. Bere bizitza ez zen berriro berdina izan, eta gurea ere ez.

Gaur egunera itzuliz, badira bi hilabete Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak, azkenik, El Salvadorko Estatuak “Beatriz eta beste batzuk vs. El Salvador” kasuan duen erantzukizuna adierazten duen epaia eman zuela. Albiste gazi-gozoa?

[D.C.]: Horren berri eman zigutenean, justuagoa izatea espero genuen, baina pozik gaude epaileek Beatrizen eskubideak urratzeagatik Estatua erruduna zela esan zutelako. Auzitegira joan ginenean, alabaren izena argitzeko eskatu nuen, eta espero dut Estatuak bete egingo duela eskatu zaion hori.

[Morena Herrera]: Esan behar da epaia berandu iritsi zela, entzunaldia 2023ko martxoan izan baitzen. Badakigu Gorteak eta, oro har, sistema interamerikarrak presio handia jasan zutela. Latinoamerikako gainontzeko Estatuetatik mehatxuak egin zizkieten pertsona askok, esanez erabakiak sistematik aterako zirela euren herrialdeetako legeriak aldatzea suposatzen bazuen.

Gure erabakia presiorik ez egitea izan zen, nolabaiteko lasaitasunez eztabaidatu behar zutelako. Esperoan mantendu ginen, baina sinetsita geunden 2025ean etorriko zela epaia, eta ustekabean iritsi zitzaigun jakinarazpena.

Maila honetako auzietan esperientzia duten lankideen arabera, Gorteak diskrezio gehien ezarri duen prozesuetako bat izan da hau; ez zuen deliberazioa iragarri beste kasuetan bezala, eta horrek kezkatzen gintuen. Mehatxuekin zerikusi handia du horrek, mehatxuek ahuldu egiten baitute giza eskubideen urraketak agerian uzteko funtsezkoa izan den sistema bat.

Morena Herrera ekintzaile feminista. Endika PORTILLA | FOKU

Epaiaren arabera, Estatua da Beatrizen osotasun pertsonalerako, bizitza pribaturako, babes judizialerako, indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko, osasunerako eta senideen osotasun pertsonalerako eskubideak urratzearen erantzulea. Ez da, ordea, abortatzeko eskubidea aipatzen.

[D.C.]: Bai, horretan ez zen oso argia izan, «protokoloak» besterik ez du esaten. Argiagoa izatea espero genuen, eta El Salvadorren egoera horretan egon daitezkeen emakumeei arreta eskaintzea.

[M.H.]: Estatuak Beatrizen giza eskubideak urratu zituela onartzen du epaiak, guk eskatzen ditugun guztiak ez badira ere. Nabari da Gortearen aurkako kanpainak eragina izan zuela.

Gorteak agintzen dituen neurriak ez dira nahikoa, protokoloak aplikatzeko agintzen dutelako, baina leiho bat zabalik uzten dute, araudia aldatzearena. Aitortzen da Beatrizek eta medikuek segurtasun juridiko falta izan zutela, baina ez da esaten abortua gogor zigortzearen ondorio denik. Epaile bakarrak eman zuen boto disidentea zentzu horretan.

Izan ere, entitateak asko neurtu zuen zer esaten zuen, herritarren aurkako taldeen erantzunik ez sortzeko. El Salvadorko emakumeok esaera bat dugu: «Ni chicha ni limonada». Epaia horrelakoa da, egitateak onartzen ditu, baina ez errepikatzeko neurriei dagokienez, oso motz geratu da.

Berme-neurriak ezartzeko agindua igorri izanaz gain, esan beharra dago lehen aldia dela abortuari buruz, zeharka bada ere, eztabaidatu dela Gortean. Zenbaterainoko garrantzia izango du mugarri horrek antzeko egoeran egon daitezkeen beste hainbat emakumeren babesari begira?

[M.H.]: Esango nuke Beatrizen kasua epaiari zein prozesu osoari dagokienez interpretatu behar dela. Epaiaz gain, istorioak berak eragin du aldaketa. Emakumeen imajinarioa aldatu egin da, jendea ohartu da abortuaren erabateko zigorra ez dela ideia abstraktu bat, jendearen bizitzetan gertatzen den egoera zehatz bat baizik.

Onartu behar dugu aldaketak egon badaudela; kasuak mugimendu feministan, giza eskubideen aldekoan eta gizartean bertan izan du eragina, eta Latinoamerikan elkartasun feminista mugimendu bat sortu du, Erdialdeko Amerikatik harago.

Beatrizi indarkeria obstetrikoa egin ziotela onartu izana oso garrantzitsua da, arrisku handiko haurdunaldia jasaten duen emakume orok eska baitezake, berak nahi badu, haurdunaldia etetea, eta etete hori ukatzea indarkeria obstetrikotzat jo daiteke. Hala ere, kontuz ibili behar da, delitu hori profesional medikoen gain erori ohi baita, eta kasu honetan Estatuarena baita erantzukizuna, indarrean dagoen araudiagatik.

Abortuaren aurkako munduko legerik murriztaileenetako bat da El Salvadorkoa, 30 eta 50 urte arteko espetxe-zigorrarekin. Pareko lege zorrotzak dituzten beste herrialde batzuetara estrapolatu liteke lorpen hau?

[M.H.]: Baietz uste dut. Hazi garen gizarteetan, legeak bereziki murriztaileak izateaz gain, ez zen gaiaz hitz egiten. Isiltasuna zen nagusi, gogoan dut gure herrialdean abortua existitzen ez zeneko garaia, legea aldatzean estatistika ezabatu zutelako. Horrelako istorioek ekarri dute jendeak hitz egitea, jarrera hartzea, emakumeok errealitate hori beste modu batean bizi dezakegula irudikatzeko gaitasuna izatea... Hori guztia bada errealitatea aldatzen hastea, gure irudimenarekin, gure nahiarekin.

Basaurin abortuaren inguruko jardunaldiak izan ziren. Endika PORTILLA | FOKU

Zuen borroka luzea izan da, baina nazioarteko babes handia ere izan duzue. Nolakoa izan da bide hori?

[D.C.]: Borroka hau hasi genuenean, bagenekien familia gisa pobreak ginela eta ez geneukala behar beste baliabide ogroekin lehiatzeko. Hala ere, erakunde eta kolektibo feminista ugari izan ditugu alboan, eta hor hasi ginen gogotsuago eta indartsuago sentitzen.

Nolako etorkizuna aurreikusten duzue? Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?

[M.H.]: Garrantzitsua da gure burua antolatu eta egituratzea, bai tokiko komunitateetan, bai eskualde artean eta nazioartean.

Jakin behar dugu ez gaudela bakarrik, mugimendu bat garela eta Latinoamerikan, zehazki, marea berdeak badirela adierazpen bat. Martxoan bertan, ekimen horietan parte hartzen dugun emakumeok bilerak egingo ditugu hainbat herrialdetan, eta hori da, nire ustez, lehenengo gakoa: beste batzuk badaudela eta artikulatu egiten garela ikustea.

Bigarrenik, uste dut funtsezkoa dela lortutakoa ospatzea. Mehatxupean gaude, presioak jasaten ari gara, baina, hala ere, aurrera egin dugu. Aurrera egin izan ez bagenu, gaur ez ginateke existituko. Hau gure aurrerapausoen erantzuna da.

Amaitzeko, belaunaldien arteko elkarrizketak sustatzea aipatuko nuke, hori baita mugimenduak iraungo duela ziurtatzeko modu bakarra. Ez naiz ari belaunaldi erreleboez, bizitakoak partekatzeko elkarrizketez baizik.

[D.C.]: Oraingoz, beharrezkoa den kasuetan, emakumeek tratamendu hori izan dezaten eskatzen jarraituko dugu. Ez da erraza izango, baina, denok batera borrokan jarraituz gero, lortuko dugun itxaropena dugu.