«Chambre»-ak
Gazteek, autonomiarekin bizi ahal izateko, etxebizitza bana behar dutela entzuten dudan bakoitzean, gure garaiko chambre-ekin gogoratzen naiz. Hamar metro koadro izango zituzten eta gutxi edo gehiago zoriontsu izan ginen. Eta baginen gela horietan bikote bizitza egiten genuenak ere. Egia da otorduak unibertsitateetako jantokietan egiten zirela, baina horretara jarriz gero, gaurko gazte askok ere gurasoek prestatutako tuperrekin egiten dute aste erdia.
Demagun gaurko gazteak gu baino altuagoak direla oro har, baina ikasketak bukatzen edo lanean lehen pausoak ematen ari diren bitartean, 25-30 urtetara arte alegia, hamabost-hogei metroko gela bat aski lukete, hori baita herrialde batzuetan hoteleko gelen batezbestekoa.
Irtenbidea, beraz, gazteentzako etxebizitzak egin beharrean gazteentzako gelak egitea litzateke, eta gela horiek, gure garaiko neskameen chambre-ak bezalaxe, teilatupean beharko lukete, gaur trastelekuek okupatzen duten solairu galdu horretan. Teknikoki ez dirudi zaila denik, ezta kudeatzeko formulak aurkitzea ere. Zaila benetan etxegileekin itunak lortzea izango litzateke. Gauza bat dago garbi, gazteentzako alokairuko etxebizitzak baino merkeagoak izango lirateke.
Chambre horietan bizitzen dagoen gazteak denbora izango luke ikasketak bukatu, lanean hasi, diru pixka bat aurreratu eta, mailegu bat tarteko, etxe taxuzko batean sartzeko.
Badakit fikzio hauek ez dutela ezertarako balio, nahiz eta niri gaztetako urteak gogoratzeko balio izan didaten. Dena den, mirari bat tarteko, norbaiti eraikin baten gainean gisa honetako gelak egitea bururatuko balitzaio, berehala aterako litzateke psikologo talderen bat prentsara, esanez gazteek osasun mentalean dituzten arazoak areagotzeko bakarrik balioko dutela. Beraz, segi dezatela gazteek gurasoekin bizitzen.
Lerro hauek idatzi ondoren jarri naiz pentsatzen guk ere baditugula gure gorabeherak osasun mentalarekin, baina seguru nago ez zirela jaio Parisko ganbara estu haietan denbora gehiegiz bizi izan ginelako. •

Zazpi herrialdeetako 2.500 bikote baino gehiago, karta jokoan eta herria egiten
Lanak eta lanak «Uko Handia»-ren garaiotan

«Gurea ahalduntze mugimendua da. Sistema hau irakasleekin eraiki behar da, eta ez irakasleen aurka»
