Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Material-hondakina

Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA
Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA

Egiten ari garen 2025. urteak hondakinen etorkizunaren lehen testigantzak emango dituela diote. Zure udalerriko hondakinen udal-zergak %25 inguru igo ez badira oraindik, apiriletik izango dute igoera malkartsua. Europako hondakin eta ekonomia zirkularraren hondakin legea aspaldi ezarritakoa bada ere, egokitzapen fase baten ondoren, hemendik aurrera fiskalizazio serioa egingo duela dirudi, eta udalen gain jarri da zeregina. Ez da edozein egiteko sortzen dugun zaborrarena: Zaldibarko zabortegiaren desastrearekin, EAEko hondakinen kudeaketaren atzean biltzen den iruzurra eta hondakinen desegitearen zailtasunen gaineko jabekuntza izan genuen nolabait. Jakin badakigu zenbat hondakin sortzen ditugun gure bizipoza mantentzeko (!), baina bere kudeaketa bideraturik dagoela sinistu nahi dugu lasai lo egiteko.

Ekologisten zerrendan, ur-botilen ekoizpena eko-terrorismoaren gailurrean dago, hondakin tona handiak sortzen dituelako, ekoizpen energia altua delako eta ez-ezinbesteko produktua delako. Ur-botilaren adibideak ongi biltzen du hondakinen arazoaren muina, baina hondakinen arautegiak ez du materialaren ez-nahitaezko izaeran zuzenki eragiten, material-hondakinaren ondorengo desegite prozesuan trabak jartzen dituen arren. Antza, hondakinen kudeaketaren industriaren boom bat bizituko dugu; trantsizio eko-sozialaren eraldaketan iragarri bezala, materialaren bizi-zirkulazioan oinarritutako ekonomiek ekonomia zaharrak ordezkatuko dituzte.

Industria-enpresetan erabilgarria ez den edota erabilgarritasuna galdu duen material kantitatea erraldoia omen da, edo bere handitasuna nabarituko dugu orain arte hondakin kontsideratu dugun “hori guztia” (zaborretara bota duguna) hemendik aurrera gure artean mantenduko dugulako, zirkulazioan jartzeko gordeta edo biziberritzeko prestaketetan. “Bat-batean” baliabide material askorekin topatuko gara (metalak, plastikoak, harriak neurri eta izaera desberdinetakoak, beira, hormigoia, baldosak, adreilua, mota askotako tutuak, egur zatiak, sareak, kartoiak, paperak, eta abar, eta abar); materialekin zer egin ez badakigu, arazo baten aurrean topatuko gara, baina lehengai gisa ikusi ezean, abagunea izango dugu gure aurrean. Hondakinak balio ekonomiko bat duela (eta ekologikoa) jakina den arren, hemendik aurrera “azpi-materialen” merkatu zabala irekiko dela ematen du. Materialaren ber-balorizazio bat dakar, botatzearen eta birziklatzearen ondotik, berriz erabiltzeari garrantzia emanez. Bigarren eskuko eraikuntza materialen merkatu baten sorrera; kontzeptualki, materiaren fluxuari harrera ematearen parekoa.

Irudikatzen dut hondakin-materialen bilketak espazio handi bat hartuko duela berriz zirkulazioan jarri arte eta inbentario lan zehatza eskatuko duela; hau da, material berriaren kudeaketaren pareko eskakizun bat sortuko dela. Obrako hondakin materialak, behin interes ekonomikoa jasota, hondakinaren zaintza enpresa bakoitzaren ardura izango diren edo zerbitzu publiko bat sortuko ote den zalantza airean dago... •