Infernua

Hitzak itzalak dira; esaten dutena beste da ezkutuan daukatena. Eta han hasiko gara, arkeologoen pare, hautsa, lurra, sedimentuak kentzen, pintzel txiki bat hartu eta garbiketa-lanetan. Eta geruzak eta geruzak aurkituko ditugu azpian, aztarna arkeologikoak, fosilak, hildakoak eta hondakinak. “Berdintasun” hitza hartu eta azpian ez dugu desoreka besterik ikusiko; “integrazioa”-k baztertuak, abandonatuak eta kriminalizatuak lurperatzen ditu eta “herri”-k eta “jendarte”-k aterperik gabe uzten dituzte milaka gorputz. Eta halaxe ariko gara, erabiliaren erabiliaz sedimentuak erantsi eta erantsi, ezkutuan dagoena erabat desagertu arte.
Ez gara elkarrekin bizi; elkarren kontra bizi gara, elkarren gainean, elkarren azpian, elkarrekin gurutzatzen ez diren dimentsio paraleloetan. “Parasite” gorpuztuetan. Hartu autobusa klase altuko familia zurien auzo batean, badakizue, igerilekua eta lorategia, auto elektrikoa kargatzeko entxufea eta dobermana. Eta azal beltzaranak eta bizkar okertuak aurkituko dituzu, besteren etxeak garbitzera eta besteen haur eta zakurrak zaintzera doazenak, sekula Suub bat erosi ez eta garraio publikoa erabili beste aukerarik ez dutenak. “Ghetto”, “bazter auzo” edo “segregatu” deitzen diegun auzoetan bizi eta, hala izendatzen ez ditugun arren, “ghetto”, “bazter auzo” edo “segregatu” egiazkoak diren auzoetan lan egiten dutenak. Apetatsuak izaten dira hitzak; beraiek aukeratzen dute nor seinalatu. Eta nondik.
Edo etorri hona, Infernura, Añorgaren eta Errotabururen arteko Donostiako eremu ahaztu honetara. Meteorito batek jo eta 0 gune bilakatu den hondakin sorta honetara. Kartzela bat egon zen hemen aspaldi, lantegi abandonatuak ondoren. Etxerik ez zeukatenak etorri ziren gero, edo bizi eredu alternatiboak eraikitzea amets zutenak. Hainbeste bizitza aterpetutako hormak, lurrarekin berdinduak, isilaraziak, deseginak. Aurki inor ez da oroituko izan zirenik ere.
Etxeak eraikiko dituzte, 500dik gora. Tasatuak eta babes ofizialekoak erdiak, “merkatu librekoak” gainerakoak. Eraikitzailearen arabera, ametsezko bizileku bat, Donostiako birika berdean. Jasangarriak erabat. Piszina eta solariuma, 450.000 etxe bakoitzeko. Jasangarriak erabat. Gu eta gu bezalakoak soilik bizi gaitezen, gainerako dimentsioetan bizi direnekin gurutzatzeko arriskurik gabe.
Hemen bizi zirenak nora joan diren, hori inon ez dut irakurri. “Zubiberri” eta “Ibaeta Berri”. Hauxe da etorkizuna, iraganeko izenen eta eraikinen eskeletoen gainean gorputz berriak jartzen dituena, oroitzapenekin gupidarik ez duena.
Elizak ere, infernuaren gainean eraikitzen omen zuen zerua. •

Basauriko kartzelako ia hilabete biko ihes saioa, protagonistetako batek kontatua

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
