Tsunamia, olatuak eta itsasaldiak
Aurreko batean, gure herriko entitate finantzario handi bateko arduraduna elkarrizketatu nuen. Etorkizunari buruz aritu ginen. Aurreikuspen zehatzak baino, aztertu nahi genuen nola ulertu eta baliatzen duten enpresek etorkizuna bera. Etorkizun zehatz bat irudikatzen dute, eta horri egokitzeko, orainaldian, estrategiak garatzen dituzte? Edo alderantziz? Gaurdanik identifikatzen dituzte etorkizun posible desberdinak eta norabide batean edo bestean bideratu haien ekinbidea? Hurbilpena nahiko filosofikoa zela kontuan izanik, lurreratzeko, garapen jasangarriaren arlora ekarri genuen galdera zehatza. Nola ari zarete europar iraunkortasun zuzentarauetara egokitzen? Soilik legea betetzera mugatzen zarete? Eta erantzun zidan: “Soilik? 1.000 adierazletik gora, ez da soilik...”.
Galdera azken urteetan enpresetan bolo-bolo ibili den erregulazio tsunamiari buruzkoa zen. Europar Komisioak bide bat egiteko erabakia hartu zuen, edo horrela zirudien behintzat. 2014an onartu zen txosten ez-finantzarioei buruzko zuzentaraua. Labur, zuzentarauak zehazten zituen maila bateko enpresek argitaratu beharreko txosten ez-finantzarioaren irizpideak hiru arlo nagusitan: ingurumena, jendarte gaiak eta gobernantza. 2017an argitaratu ziren txostena osatzeko irizpideak eta, adibidez, 2019an egokitu ziren espainiar legedira eta aplikatu zitzaizkien Hego Euskal Herriko enpresei. Ariketa test moduko bat izan zela esan daiteke. Gero etorriko ziren iraunkortasun taxonomia, iraunkortasun txosten korporatiboa eta iraunkortasunarekiko behar bezalako ardura (“due diligence” delakoa) erregulatzen dituzten zuzentarauak.
Bide bat zen. Bazirudien Europan norbaitek deliberatu zuela aldaketa klimatikoari aurre egiteko lurraldea mugitu beharra zegoela. Itsasaldia. Baina lurraldea mugitzeko, administrazioarekin batera mugitu behar ziren herritarrak eta enpresak. Olatuak. Enpresei dagokienez, estrategia ez da izan oso berritzailea. Pastanagrea eta makila. Lehenik makila. Iraunkortasuna zer den zehaztu (taxonomia), iraunkortasunari buruzko bilana egitera behartu (txostena), eta neurketatik neurketara egindako bideari jarraipena egin (ardura hartu). Ostean, pastanagrea: 750.000 milioi euroko inbertsioa, egokitzapenak laguntzeko. Enpresak, hala ere, nagusiki, kexu ziren. 1.000 adierazle ez dira soilik… Kasu askotan arrazoiz, onartu behar da. Baina norabidea ere argi zuten. Eta baten batek ere ikusten zuen aukera; negozio berriak, sektore berriak, aire berriak…
Omnibus proposamena Europar Komisioak argitaratu zuen otsailaren 26an eta Europar Parlamentuan eztabaidatuko da datorren apirilaren 1ean. Errelato ofizialari erreparatuz gero, proposamenaren helburua da tsunami erregulatzaileak europar enpresen lehiakortasunari gehitzen dion zama arintzea, zuzentarau desberdinetan zehazten diren jarraibideak txosten bakarrean bilduz. Markoa ez da oso itxaropentsua. Iraunkortasuna bilakatu da lehiakortasunarentzat zama eta soluzioa, hemen ere; burokrazia arintzea, edo modan dagoen eran, motozerra, “y que viva la libertad, carajo!”.
Iritzia, honetan ere, bakoitzak berea. Bada aukera ikusi nahi duenik, Omnibus proposamena Europar garabide legegilean barrena aurrera doan heinean. Arrazoi, itsasaldiak ez dira legez aldatzen. Urak beti aurkitzen du bere bidea. Aldiz, inork ez du eztabaidatzen Omnibus proposamenak nabarmen apaltzen duenik iraunkortasun zuzentarauen irismena. Bestela esanda, tsunami zena olatu bihurtu da, etorri bezala joaten diren horien tankerakoa. Tankeak, horiek bai, geratuko dira, motozerrarekin batera. Baina zein da oinarri horiekin etorkizunean irudikatzen dugun norabidea? •

Zaldien lehen azokaren atarian, amets bat, zergatik ez euskal odolgarbi bat?

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
