Mikroerasoei erantzun eta aniztasun sexuala aldarrikatzeko argazki proiektua
Zenbat aldiz aditu ote dugun «gay izatea aukera bat da» edo «homosexualak promiskuoak dira». Komentario arinak dirudite, baina kalte handia egiten dute, «Zaindu zure hitzak» lagunarteko proiektuaren egileek ohartarazi dutenez. Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira plazaratu dute lana.
Arrazismoaren kontrako Interneteko kanpaina batean du sorburua “Zaindu zure hitzak” proiektuak. AEBetako lan horretan, kartel banari eusten zieten azal kolore desberdinetako lagunek. Bakoitzak bizitakoan oinarritutako estereotipoak zituzten idatzita. Adibidez, «ongi ikusten duzu begi horiekin?» galdera zeraman txinatar batek. Behin baino gehiagotan aditu behar izan duen galdera gogorra.
LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexual) komunitatearen inguruko komentario negatiboekin bertsio desberdin bat egitea bururatu zitzaion Leonard Martin londrestarrari, oraindik «ia egunero» entzuten dituztelako esaldi mingarriak. AEBetako kanpainako estereotipoek ez zeramaten erantzunik eta proiektu berrian horiek sartzea interesgarria izanen zela pentsatu zuen, normalean ez ditugulako aditzen eta ezagutzen.
Lagunekin batera gauzatu zuen ideia Martinek, Donostian, amaren etxean. Bederatzi pertsona bildu ziren otsailaren 1ean etxeko salan, Lander Rezola argazkilariarekin. Bakoitzari lau argazki atera zizkion honek, bat estereotipoa idatzita zeraman kartelarekin eta bertzea hari emandako erantzunarekin, gaztelaniaz eta euskaraz. Ingelesezko azpitituluak jarri dizkiete, baita serbierara itzuli ere (bertako lagun bati esker), nazioartera zabaltzeko. Parte-hartzaileetako batek, Mattin Garikanok, erran bezala, paperezko txalupa bat jaurti dute ibaira. Harrera ona izaten ari da eta bide oparoa eginez portu ugaritara irits daiteke. Zabalik daude aukerak.
Armairutik ateratzea zaildu
Adibidez, lagun batek gustatzen ez zaion honako komentarioa aukeratu zuen: «Gay izatea aukera bat da». Eta hala erantzun zion: «Nik ez dut gay izatea aukeratu, horrela izateko zortea besterik ez dut izan».
Bi txandatan egin zuten lan, goizez eta arratsaldez, laguntasuna oinarri pasta eta croissant batzuen inguruan esperientziak eta ideiak partekatuz. Kolektiboaren parte direnek eta ez direnek hartu zuten parte. Hagitz gustura gelditu ziren eta hagitz produktiboa izan zen.
Proiektuan jaso dituzten bederatzi estereotipoak (eta baliabide faltagatik kanpoan utzi arren sartu nahiko lituzketen guztiak) gehienetan erabat faltsuak direla azaldu dute. «Ezjakintasunean oinarritzen dira, eta kolektiboaren zein gure bizimoduaren imajinario oker bat sortzen dute». Mikroeraso deitzen diete. «Beldurra sortzen dute eta lagun askoren autoestimua kaltetzen dute, armairutik irteteko trantsizioa zailduz».
Alde batetik, mikroeraso horiei erantzutea dute helburu eta, bertzetik, aniztasun sexuala aldarrikatzea. Eskerrak eman dizkie Martinek ekarpenak egin dituzten lagun guztiei eta, nola ez, argazkietan aurpegia emateko prest egon direnei. «Jendeari kosta egiten zaio agertzea», erran dute Martinek eta Garikanok aho batez. «Eta hori jendartean gertatzen denaren isla da», erantsi du bigarrenak. «Aldaketa nahi dugu baina gauzatzeko orduan bigarren lerroan geratzen gara. Beharrezkoa da aurpegiak eta hitzak jartzea, baina zeinek egiten du?».
Errealitate hau paperera eta esku aunitzetara eraman nahiak batu ditu lanaren parte hartzaile guztiak, baita hitzak zaintzearen garrantziaz ohartarazi nahiak ere. Erremintak ematen dituzte estereotipoei aurre egiteko, hitzei hitzekin erantzunez. «Denaren oinarria hezkuntza» dela konbentzituta, beren alea jarri dute data seinalatu batean. Bihar, ez aspaldi, 1990eko maiatzaren 17an, homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zutela ospatuko dute, transexualitatea oraindik ez dutela bertatik ezabatu salatuz.
«Homofobia existitzen da, gradu oso altuetan eta biolentoetan, eta toki publikoan, matxismoa eta arrazismoa bezala»
Leonard Martin eta Mattin Garikano. SUSTATZAILEA ETA PARTE HARTZAILEA
Mattin Garikanok mutikotatik sufritu du bulling-a, ez delako inoiz “arauen barrenean” sartu. Beti izan du atzetik maricón, miriquita... eta halakoak erraten zizkion itzala. Orain 27 urte ditu eta oraindik ere itzal hori segika du, bere lagun aunitzek bezala, mutilak zein neskak.
«Gau batean jai batetik atera eta mutil batekin nindoala, mutil batek bizikletan aurreratu eta ‘maricón’ oihukatu zigun. Momentuan min egin zidan? Bada, ez, ez zidan egin. Baina beharrezkoa da halakoak entzutea?».
«Jada ezkon gaitezke, adoptatu dezakegu, baina nire egunak 24 ordu ditu, eta, momentu batzuetan, klabeak diren momentu batzuetan, gorrotozko hitzak entzun behar ditut», adierazi du.
Nazioarteko Osasun Erakundearen Asanblada Orokorrak homosexualitatea gaixotasun psikologikoen zerrendatik ezabatu zuen duela 25 urte, 1990eko maiatzaren 17an. Ez da hainbertze denbora pasa, adibidez, elkarrizketatutako bi lagunak jaio zirenean gaixotzat hartzen zituzten.
Norbera kaltetu gabe
Eurentzat, biharkoa egun inportantea da, «inportantea delako jakitea bakoitza libre dela nahi duena egiteko, beste inor kaltetu gabe... ezta bere burua ere».
Armairuarekin hori gertatzen dela diote. Batzuk hor gelditzen dira, errazagoa delakoan “bizitza normala bizitzea”. Mattinen iritziz, kontziente izan behar dugu non bizi garen, kontuan izan behar ditugu inguruko egoera eta arauak, baina batez ere indartsu egiten gaituena gure nahietan sinestea da. Hau da, «gay banaiz gay naiz».
Guztiz bat dator Leonard Martin laguna. Londresekoa da eta 34 urte ditu. «Hiri handia eta anitza izanda, arazorik ez dagoela pentsatuko duzue, baina badaude. Nire kasuan, ez nuen ‘lumarik’ eta ez ziren nirekin sartzen, baina bazen lege bat, gero kendu egin zutena, ikasgeletan homosexualitateaz hitz egitea debekatzen zuena. Horrek tabua sortu eta bulling asko eragin zuen. Bazen ni baino urte bat gehiago zuen mutil bat, androginoagoa, ‘luma’ gehiago zuen, eta sekulako jipoiak jaso zituen. Nik, 14-15 urterekin, beldur handia pasa nuen».
Zeinen mantso
Bitxia da zeinen mantso pasa daitezkeen gauza batzuk. Errate baterako, urte aunitz igaro dira Mattin Garikano umetan eta gaztetxotan bizitakoari buelta ematen hasi den arte. Bizi-bizi oroitzen ditu xehetasunak eta hitzak.
Aitortu duenez, oraindik ere baditu hurbilenekoei ere kontatu gabe barrenean gordetzen dituen kontu mingarriak. Bi lagunak bat etorri dira gorrotozko ekintza horiek eta hitzek ere autoestimuan eragina izan dezaketela agertzean, bereziki gaztetxoa zarenean eta zure identitatea osatzen ari zarenean.
Dardo bat denoi
Dardo bat jaurti dute gu guztion pentsamenduetara, jendarteak, orokorrean, moral bikoitza duela eta hipokresiaz jokatzen duela salatuz. Errate baterako, ez dira gutxi «homosexualitatea ona da besteen etxean gertatzen denean» diotenak.
“Zaindu zure hitzak” argazki proiektuaren harira sortutako solasaldian aipatu duten bertze ideia bat izan da «etsaia homofoboak» direla pentsatzen dutela, baina homosexualek beraiek ere barneratuta duten homofobia ere kontuan izan behar dela.
Azaldu dutenez, batzuek bizitzen ari direna zerbait txarra dela uste dute. «Denok denetik dugula iruditzen zait, eta, beraz, nik ere badut homofobotik, arrazismotik...», adierazi du Garikanok.
Erasoak Madril erdian
Argazki proiektuan parte hartu duen lagun baten seme txikiena bisexuala da, eta androginoa, kontatu du Leonard Martinek. Harriak bota dizkiote. Madril erdian jendea erietxera eraman duten erasoak gertatu ziren iaz. «Homofobia existitzen da eta gradu oso altuetan. Gradu oso biolentoetan eta toki publikoan, matxismoa eta arrazismoa bezala. Eta ona da detektatzen jakitea eta lan egitea. Ekintzak egitea, erantzunak bilatzea eta batez ere gauzak onerako aldatzen ahalegintzea. Horretarako lan izugarria egin behar da, aliatuak bilatuz», diote bi gazteek aho batez.
Horretarako hagitz baliagarri ikusten dute Internet, nahiz eta, eurek giza eskubideen alde sarean lan egiten duten bezala, kontrako indarra egiten dutenek ere tresna berak baliatzen dituzten. Edozein modutan, erasoei aurre egiteko erreminta aunitz dauden garaian bizi garela pentsatzen dute.
Sarearen bidez estereotipoak hausteko argazkiak munduan barna zabaltzen hasi dira dituzten kontaktuen laguntzaz. Adibidez, irudiekin azaldu nahi dute LGBT (Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexual) komunitateak kolektibo gisa borroka egiten badu ere, bertan denetik dagoela, toki guztietan bezala: «Aberatsak gara aniztasunean».
Ama bat eta aita bat ez, maitasuna
«Ume batek aita bat eta ama bat behar ditu», dio argazkietako batean lagun batek eusten duen kartelak. Hona erantzuna: «Ume batek maitasuna behar du».
Lagun bakoitzak estereotipo bat aukeratu du, bere bizian sarri aditu behar izan duena edo arrazoi batengatik edo bertzeagatik ukitzen duena eta aldatu nahi duena. Emandako erantzunak ere pertsonalak dira, baina lagunarteko proiektua da eta denen artean ideiak partekatu eta terminoak zaindu dituzte.
Bertze kartel batek hala dio: «Ez dut ulertzen zergatik daukazuen homosexualak zaretela agertzeko behar hori». Eta erantzuna: «Ez da homosexualak garela esateko gogoa, duintasunez azaltzeko beharra baizik».
Belgradera
Guatemalara bidali dituzte argazkiak. Belgradera ere iritsi dira, toki adierazgarrira, arriskutsua izan daitekeen lekura. «1990ean Harrotasunaren Eguna egiten saiatu ziren eta odol putzu batean bukatu zen ahalegina. 2010ean gauza bera. Joan den urtean berriro ahalegindu ziren eta ongi atera zen», esplikatu du Leonardek.
Hango aktibistentzat hagitz garrantzitsua izan zen argazkiak jasotzea eta beren asmoa da Harrotasunaren Eguna iristear dela egunero argazki bikote bana jartzea webgunean eta eguna ailegatzean denak zintzilikatzea.
Egitasmoak Gehituren web orrialdean eta aldizkarian ere izanen du lekua.
Pertsona legalak ala ilegalak
Herrialdearen arabera legalak ala ilegalak dira gay, lesbiana eta bisexualak. Errusian, “ez dira existitzen”. Iranen heriotza zigorra jaso dezakete. Eta, kilometro gutxi batzuk gorabehera, ezkon daitezke ala ez. Adibidez, Euskal Herrian, Bidasoaren alde batean edo bertzean bizi ezkontzeko eskubidea zeneukan ala ez. 2012an aldatu zen hori, Estatu frantsesak homosexualen arteko ezkontzak baimendu zituenean. Elkarrizketatuek azpimarratu dute izaera erlijiosotik aparte, eskubide kontua dela ezkondu ahal izatea.
Leonardek eta Mattinek ikusten dute azken urteetan «aurrerapauso dezente» eman direla baina jendea hor gelditu dela, urrats gehiago egin gabe. Nabarmendu dute ez direla kontu pribatuak, giza eskubideak baizik. «Asko dago aldatzeko eta beharrezkoa da ikusgarri izatea», defendatu dute.
Urraketa, kolpetik edo pixkanaka
Homofobia sistema batek elikatzen duela eta horretatik bizi dela azpimarratu dute. «Ez da jipoia bakarrik. Pixkanaka-pixkanaka desgastea sortzen du. Giza eskubideak urratzeko bi modu daude, kolpetik edo gutxika-gutxika. Eta gutxika-gutxika osasunarentzat oso txarrak diren egoerak sor daitezke».
Horrekin erran nahi dute gure hitzek pertsonak markatzen dituztela. «Sartutako arantzak bezala dira. Ni markatu egin naute –onartu du Mattinek–, txarrerako eta onerako».
«Hori da, onerako ere bai, besteak beste horregatik zabiltza orain aktibista», jarraitu du lagunak.