1181_7K_oliden3

Oliden anaiak, ibaitik itsasora jauzi egin eta Kontxan historia egin zuen sendia

Arraunaren historian asko izan dira familia ezagunak, abizena entzun orduko estropadak eta traineruak gogora ekartzen dituzten sagak. Abizen horietako bat da Oliden, Kontxako estropaden historian leku berezia duena merezimendu osoz.

Ortzaikako ‘Konpaxa’ baserrian jaioak, Inazio, Batista, Alejandro eta Antonio anaiak izan ziren Oliden abizena arraunaren historian betiko iltzatuta utzi zutenak, eta, konkretuki, Kontxako estropadan. Lortutako garaipen kopuruagatik batez ere, 33 garaipen lau anaien artean, baina baita garaipen horiek lortzeko bidean izan zituzten gorabehera gogoangarriengatik ere, arraunak Euskal Herriko kostaldeko herrietan zuen garrantzia ongi erakusten dutenak.

Konturatuko zen irakurlea lehen paragrafoan Orio aipatu dugula, eta bigarrengoan Ortzaika. Eta hortxe dago olidendarren bizipenak ulertzeko ezinbestekoa den lehen gakoa. Gaur egun Ortzaika auzoa Orioko herrigunearen jarraipen moduko bat den arren, XX. mendearen erdialdean bi guneen arteko distantzia askoz handiagoa zen, zentzu guztietan.

Eta sorlekuari oso lotuta dago garai hartako gizartea (eta arraun mundua) ulertzeko bigarren gakoa, ogibidearena. Urte askoan arrauna itsasgizonen kiroltzat hartua izan zen arren, XX. mendeak aurrera egin ahala egoera hori aldatuz joan zen, baita horri buruzko Kontxako araudia ere, eta baserritarrek pisua hartu zuten traineruetan. Olidendarrak izan ziren horren adibide onena, baina Ortzaikan sortuak dira arraunaren munduan zeresan handia eman duten beste hainbat abizen ospetsu ere; Korta, Etxeberria eta Arreseigor, batzuk aipatzearren.

Oliden familiaren erretratua. Zutik ageri dira lau anaiak, arraunaren eta Kontxaren historian ohorezko lekua ongi merezia dutenak.

Ibaiari lotuta ume-umetatik

Baina aldaketa horrek ere badu bere zergatia, oso argia Ortzaikaren kasuan. Bertako baserritarrak ibaiari oso lotuta bizi izan dira beti, eta arraunean egin behar izan dute ume-umetatik. Olidendarren kasuan, esaterako, ‘Konpaxa’ baserria Oria ibaiaren alde batean kokatuta zegoen, eta bere lurrak ibaiaren beste aldean zituen. Ibaia arraunean zeharkatzea eguneroko eginbeharra zen bertako baserritarrentzat, idi parea txalupan hartuta ere bai, hainbat aldiz gogoratu izan denez.

Pasarte hori eta garai hartako beste hainbat ezagutzeko aukera bikaina izan dira Antonio Olideni, anaietan gazteenari, azken urteotan egindako elkarrizketak. Antonio oraindik bizi da, 95 urte ditu, eta orain gutxi Alvaro Bermejok eta Joseba Urretavizcayak argitaratu duten bere biografia informazio iturri oparoa da olidendarren nondik norakoak hobeto ulertzeko.

Bertan kontatzen duenez, eta aurrez aipatutako gakoak zein neurritaraino diren garrantzitsuak konturatzeko, Antoniok jokatu zuen lehen estropada auzokoen eta herrikoen arteko desafio bat izan omen zen. «Batel proba batean egin genuen erronka. Nire bizitza osoan ababorrez arraun egin dudan estropada bakarra izan zen. Vicentico Elizondo patroi, eta nire hiru anaiak arraunean. Eta Oriorekin Sarasua aita. A zer estropada izan zen hura, a zer jende aritu zen arraunean. Gerora onenak izango ginenak hantxe ginen. Eta, gainera, ez ziren lehiaketa-batelak, arrantza-batelak baizik. Hantxe inguratu zen herri osoa; gertaera bat izan zen», gogoratu du Oliden anaietan gazteenak, garaipena Ortzaikako ontziak «aise» lortu zuela gaineratuz.

Lau anaietan, Kontxan garaipen gehien eskuratutakoak Batista eta Antonio dira. Inazio anaia zaharrenak irekitako bideari jarraituz –1935ean 17 urterekin egin omen zuen arraun Kontxan– Batista Olidenek horrenbeste zeresan eman duen 1939ko ekitaldian lortu zuen lehen bandera Oriorekin, eta horren ondoren beste hamabi irabazi zituen; guztira hamahiru, eta denak arraunlari moduan, beste inork lortu ez duena. Erraz ezagutzen da Batista argazki zaharretan, txapela jantzita hankako lanetan beti.

Antonioren kasuan hamaika aldiz irabazi zuen Kontxako bandera, horietatik hamar arraunlari gisa eta bat gehiago patroi lanetan. Alejandrok sei bandera bereganatu zituen eta Inazio anaia zaharrenak, hiru. Lau anaien artean Kontxako 33 bandera; azkar esaten da.

Antonio da Oliden anaietan oraindik bizi den bakarra. Alvaro Bermejok eta Joseba Urretavizcayak argitaratu berri duten biografia informazio iturri oparoa da. Argazkia: Joseba Urretavizcaya

Herriz herri, arrakasta helburu

Aipatutako garaipen horiek denak, ordea, ez zituzten Orioko traineruarekin lortu. Eta horixe da olidendarren ibilbidean atentzioa ematen duen beste kontuetako bat. 1950ean, esaterako, Batistak eta Antoniok Kontxarako propio sortu zen Gipuzkoako selekzioan egin zuten arraun. 1944an azken garaipena lortu ondorenetik, Oriok hainbat arazo izan zituen traineru lehiakorrak osatzeko, eta Pedreña oso indartsu zebilen, 1945, 1946 eta 1949ko ekitaldiak irabazita. Horregatik, selekzio bat osatu zuten, Donostiako Esperanza elkartearen izenean, bandera Gipuzkoan gera zedin (paradoxikoki, Pedreñak uko egin zion ekitaldi hartan parte hartzeari).

«Hilabete inguru pasa genuen Kontxarako entrenatzen, eta eguneko hogei duro ematen zizkiguten arraunlari bakoitzari. Mantenua ere beraien kontu… Ni ez naute inon horren ondo zaindu», onartu zion Antonio Olidenek Ibon Gaztañazpi kazetariari orain urte batzuk Euskal Telebistako saio batean. Elkarrizketa Donostiako Esperanza elkartean bertan grabatu zen eta 1950eko Kontxako Bandera bertan zegoen oraindik ikusgai.

Baina olidendarrak beste traineruetan ikustearen arrazoia gehiagotan izan da Oriorekin izandako haserre eta liskarren ondorio. 1957an eta 1960an, adibidez, Aginagarekin irabazi zuten Kontxa. Arraunlarien arteko ezinikusiak aurrez ere baziren, noski, itsasgizon eta baserritarren artean, Ortzaikakoen eta herrikoen artean, entrenamendu kontuak zirela, diru kontuak zirela… baina olidendarrak Aginagara joateko atea Kontxako araudi aldaketek ireki zuten.

Banderen ohiko bedeinkapena Orion.

Araudi aldaketa etengabeak

Urte askoan arraunlariak traineruaren herrikoak bertakoak izatea derrigorrezkoa izan ostean, 1957an antolatzaileek arau hori kentzea erabaki zuten, herri askotan arazoak zituztelako bertakoekin bakarrik trainerua osatzeko. Antza denez, Aginagako angula enpresen babesarekin, traineruz aldatu nahi zuten oriotarrek erraztasun denak izan zituzten Aginagara joateko.

Araudia berriz aldatu zen 1958an; herrikoa izatea berriz ere nahitaezko bihurtu zen, eta hiru Oliden anaiak Oriora itzuli ziren, eta Kontxa irabazi. Eta 1960an beste buelta bat eman zioten araudiari, lehen aldiz bailaren sistema ezarriz: traineru bakoitzak bere bailarako edozein arraunlari eduki zezakeen. Urte horretan olidendarrak berriz ere Aginagara joan ziren, herri horrentzat bigarren Kontxa irabaztera.

Mugimendua ez zen hor amaituko, ordea. Tolosan eta Ibarran proba egin ondoren, eta Orion beste Kontxa bat irabazita, Lasarten aurkitu zuen bere lekua Antonio Olidenek, 1973an lau anaien garaipenetan azkena izango zena lortzeko. Antoniok kontatzen duenez, 1967an lanik gabe geratu zen uholde baten erruz –lurrak eta lan ematen zien aroztegia urez beteta geratu ziren– eta Lasarteko Michelin fabrikan hasi zen lanean. Ordurako Lasarte-Michelin trainerua sortua zen, baina Antonio Olidenek –eta berarekin eraman zituen oriotarrek– beste maila batera eraman zuen: 1969an eta 1973an Kontxa irabazi zuten, eta 1970ean eta 1971n bigarren izan ziren.

Konstituzio Plaza leporaino beteta 1947an.

Sarasuaren baserrira joan zirenekoa

Trainerua atera ala ez erabakitzeko mugimenduak, edo herri batean edo bestean atera erabakitzekoak nolakoak izaten ziren irudika dezakegu Antonio Olidenen kontakizunetatik. Bereziki adierazgarria da, esaterako, 1951ko kasua. Hainbat iskanbila tarteko, Oriok hiru urte zeramatzan Kontxan arraun egin gabe, eta sei bandera irabazi gabe, asko garai hartarako. Egoera ikusita, Antonio eta Batista Oliden , Vicentico Elizondorekin batera, Inazio Sarasua handiaren baserrira joan omen ziren, atera nahi zuten traineruan patroi izan zedin eskatzera.

«Sarasua inoiz izan dugun patroi onena zen, baina ez zuen itzuli nahi, zaharra zelako, eta baita iskanbilengatik ere. Harik eta egun batean, bat-batean, berarekin arraun egin zuten Batista eta Vicentico Elizondo konbentzitu nituen arte hirurok bere baserrira joateko, gau hartan bertan. Bizikletak hartu genituen, danba-danba joan ginen, baratzearen parean utzi genituen, eta sartzera gindoazenean, Batista eta Vicentico leken artean ezkutatzen zaizkidala ikusten dut, Sarasuak ematen zien beldurragatik. Beraz, ni bakarrik joan nintzen, ea zer egin behar nuen. Baina ez pentsa, Sarasua agertu zenean, nion errespetuagatik ez zitzaidan hitzik ateratzen. ‘Antonio, esan’ bota zidan Sarasuak, ondoezen bat neukala pentsatuz. Azkenean mihia askatu zitzaidan eta esan nion ‘trainerua atera behar dela pentsatu dugu eta zuregana gatoz’. Baina berak, apaiza bezain serio, ezer ez. ‘Nik sekula ez’, esan zidan, ‘eta adin honetan gutxiago’. Ez zegoen modurik, baina halako batean ez du ba esaten ‘bueno, probatu egingo dut’. Hurrengo egunean kuadrilla osoa biltzen ari nintzen jada», kontatu du Antoniok.

Pasadizoa ulertzeko Inazio Sarasua nor izan zen nabarmendu beharra dago. Olidenek «patroi onena» zela esaten badu ere, Sarasuak denetik egin zuen arraun munduan, arraunlari, entrenatzaile eta delegatu lanetan ere aritu zelako, eta gaur egungo ikuspegitik begiratuta, aulki mugikorrean egin zuen lana izan daiteke deigarriena, historia liburuek diotenez bera izan baitzen arraun mota hori Orion ezartzen lehena, eta Berlingo Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortu zuen 1936an, nahiz eta azkenean ezin izan zuen parte hartu. 1910eko apirilaren 25ean jaio zen Arratola baserrian eta «zaharregia» zela zioenean, 41 urte zituen; garaiak nola aldatzen diren erakusten duen beste adibide on bat. Seguru asko, Sarasua ere baserritar izateak eragina izango zuen olidendarrek zioten begirunean.

Orioko arraunlariak dotore jantzita, banderarekin argazkia ateratzeko.

«Hogei irabaziko genituzkeen jarraian»

Aro bikain baten hasiera izan zen Oriorentzat, hiru Oliden anaia tostetan zirela 1951, 1952 eta 1953ko Kontxako banderak irabazi baitzituzten gipuzkoarrek. Baina garai hartako gorabeherak ulertzeko balio duen beste biraketa batean, 1954an hautsi egin zen batasuna. «Urte hartan auzokoak herrikoekin haserretu egin ginen. ‘Ba bagoaz’, esan genien, ‘ea nork egiten duen arraunean hemen’. Eta Usurbilera joan ginen. Alkateak berak ere eskatu zigun itzultzeko, baina ez ginen itzuli direktibo ‘dexenterik’ ez zegoelako. Oriok direktibo ‘dexenteak’ izan balitu, ez genituzkeen hiru irabaziko, hogei bandera irabaziko genituzkeen jarraian», oroitu du Antonio Olidenek, aldebakarreko kontaketan, noski.

1954an argi ikusi zen, ordea, Antoniok zioenaren kontra, auzokoen eta herrikoen arteko urruntzeak ez zuela emaitza onik ematen bi aldeetako inorentzat: Oriok laugarren amaitu zuen, Usurbilek bosgarren eta bandera Sestaoko Iberiak eraman zuen etxera. Eta, aldiz, bien arteko batasunak, horretan arrazoi zuen Oliden anaia gazteak, bandera ia ziurtatu egiten zuen Oriorentzat: 1955ean erraz nagusitu ziren horiak Inazio Sarasua oraindik patroi zutela.

1956an bigarren izan ziren oriotarrak, San Juanen atzetik, eta 1957an berriz ere banaketa iritsi zen, aurrez aipatu ditugun joan-etorriei hasiera emanez. Olidendarrak lehenik Aginagara bidean jarri ziren eta 1957ko Kontxa irabazi –garaiko kronikek aipatzen dutenez, eskifaiaren erdia Ortzaikakoa omen zen, hiru Oliden anaiak tartean–, 1958an Oriora itzuli ziren –berriz garaile Kontxan–, 1959an ez zuten parte hartu, 1960an berriz Aginagara eta berriz txapeldun, 1961ean Tolosara –Kontxan hirugarren–…

Olidendarrek Oriorekin irabazitako azken Kontxa 1964koa da, Claudio Etxeberria ‘Gorria’ patroi zela, eta bere balioa du, urte horietan aurkari oso gogorrak izan zituztelako. San Juanek, esaterako, hiru bandera jarraian irabazi zituen 1961 eta 1963 artean, eta Hondarribiak beste lau irabaziko zituen segidan 1965 eta 1968 artean. Bi ontzi horietan patroi handi bat nabarmendu zen: Jose Angel Lujambio. Oliden eta Sarasua abizenen pare jar liteke Lujambiorena ere, baina horrek bere erreportaje propioa mereziko luke.

Eta, aurrez esan bezala, olidendarren sinadura daramaten Kontxako azken banderak Lasartek 1969an eta 1973an irabazitakoak dira, Antonio anaia gazteena protagonista bilakatu zen heinean –1973ko taldean Jose Luis Korta bere iloba ere bertan zen–. Kontuan izan behar da urte horietan iritsi zela Orioren iraultza famatua, traineruen munduan ezarrita zeuden entrenamendu eta arraunketa sistemak errotik aldatuz, eta garai horretan pasatu zen Antonio patroi lanetara. Patroi moduan jarraituko zuen 1979ra arte, eta garaipen asko lortu zituen, nahiz eta Kontxa gehiago eskuratu ez.

Arraunaren historia da, Ortzaikako lau anaiak hizki handiz idatzia eta guri zuri-beltzeko argazkietan iritsi zaiguna. Baina Euskal Herriko historia ere bada, gerra garaiak lehenik eta Francoren diktadurak ondoren erabat baldintzatu zuena. Eta gaur egungo egoera ulertzeko oso baliagarria dena, arraun munduarena baina baita euskal gizartearena ere.