Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
1192_7K_xole6
Azoka berri bat abiatuko da larunbat honetan Durangon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Durangoko Azoka, hauspo poliedrikoa kultur sorkuntzarentzat

Ez dute zalantzarik. Aurrera begira Azokak ohiko izaera eta formatua berreskuratzea da sektorea osatzen duten eragileen nahia eta beharra. Biak batera, gurean kulturgintzak bizi duen errealitatearen ispilu.

Saldu eta erosi, kontsumitu. Plaza da Landako. Urtean zehar su eztian ekoitzi eta Azokaren bezperan labetik atera berri diren liburu, disko zein beste hainbat kultur produktuk argia ikusten duen erakusleihoa.

Eta elkargunea da Landako. Editoreen, sortzaileen zein kulturzaleen bilgune.

Agertokia da Azoka. Talde hasi berriak zein beteranoak agertoki gainera igo eta publikoarekin zuzeneko harremanaz gozatzeko eszena.

Foroa da Azoka. Nor garen erakutsi eta zer nahi dugun adierazteko gunea. Hausnarketa.

Euskal kulturari babesa ematea da Azoka.

Olatz Osa Elkar taldeko argitaletxeen –Elkar (literatura eta musika), Txertoa, Ttarttalo eta Sua– zuzendariaren esanetan, «kulturgile, kulturzale eta euskaltzaleontzat garrantzitsua da Azoka nazionala eta aurrez aurrekoa berreskuratzea. Urteetan eta urte osoan egindako lana erakusteko, saltzeko eta zuzenean jasotzeko aukera eskaintzen du Azokak, kulturgileak eta zaleak elkartu eta saretzekoa. Euskal kultura badela eta bagarela nor erakutsi eta aldarrikatzeko plaza nagusia den aldetik, pozgarria da berriz ere ateak irekita ikustea».

«Azoka norabide askotako elkargune bat da, bai kanpora begira eta baita ‘etxe’ barrura begira ere. Bost egunez musika taldeek harreman zuzena izaten dute beren zaleekin, eta argitaletxeoi ere balio izaten digu gure taldeekin eta baita beste argitaletxeetako jendearekin egoteko, hausnarketak partekatzeko, ‘kotileatzeko’ edota talde berriak ezagutzeko», esan du Mauka-Airaka musika zigiluko kide Iñaki Larrañagak.

«Ez dugu aukera askorik urtean zehar irakurleekin aurrez aurre egoteko, idazleak edo gainerako argitaletxeetako kideak ikusteko, Ahotseneko liburu aurkezpenak entzuteko, eta Durango horretarako aukera bat izaten da. Aurrez aurrekoak badu salmentatan neurtu ezin daitekeen beste zerbait». Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editorearen hitzak dira.

«Azokak aurrez aurrekoa behar du, irakurleekin mintzatzeko eta elkar ezagutzeko, harremanetarako leku bizi bat. Aunitz ikasten dugu haiengandik», nabarmendu dute Txalaparta argitaletxeko Garazi Arrulak eta Jon Jimenezek.

Olatz Osa, Elkar Taldeko argitaletxeen zuzendaria, Donostian. Elkar, Txertoa, Ttarttalo eta Sua batzen dira bertan. Argazkia: Gotzon Aranburu | Foku

Iaz hasitako haizearen kontrako bidea

2020ko abenduko haizea are hotzagoa ekarri zuen izurriak. Urteroko hitzordua, ohiko formatuan behintzat, zapuztu baitzuen. Aurtengoak ere izango du osasun krisiaren usaina, izan ere, iazko udaberrian hasitako izurria ez baita oraindik gugandik aldendu.

Garai zailak izan ziren eta dira. Izurri betean, etxe zuloan sartuta egon ginen aste luzeetan argia eman ziguten sortzaileek, baina kulturgintza gorriak ikusten ari zen une berean. Eta gainera, sektorearentzako ‘birika’ den Azoka ere ezin izan zen egin.

Bere historian lehen aldiz, Landako Gunea biltegi bilakatu zen. Bertan prestatu ziren Euskal Herriko txoko denetara errepidez iritsi ziren liburuz eta diskoz osatutako paketeak.

Erantzuna oso ona izan zen. Abendu hotz hartan antolatzaileek eta kulturgileek distantzian bada ere, jaso zuten kulturzaleen beroa. Makina bat buruhausteri egin behar izan zioten aurre. Erronka handia izan zela baina esfortzuak merezi izan zuela adierazi zuten antolatzaileek, hunkituta, amaieran.

Iaz, halabeharrez, irekitako bide berriari ere eutsi egingo zaio aurten. Ordenagailuan klik eginez ere eman ahal izango zaio babesa euskal kulturgintzari. Izan ere, sareko denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra www.durangokoazoka.eus helbidean.

«Iaz, aurrez aurrekoa ezin izan zenez egin, eredu digitala martxan jartzea eskertu egin genuen, beste formatu batean bada ere, Azokari eutsi egin zitzaiolako. Aipagarria da Gerediagak egin zuen ahalegina. Iaz irekitako bideari jarraipena ematea begi onez ikusi dugu, euskal kultur sormenari eta ekoizpenari ikusgarritasuna emateko eta Durangora hurbildu ezin duenak birtualki bada ere Azokan izateko beste modu bat eskaintzen duelako. Eta jakina, Azoka presentziala egitea funtsezkoa da. Uztargarriak eta osagarriak dira eta bitariko eredu honek Azoka indartu egiten duela ulertzen dugu», kontatu du Osak.

Lopez Ziluagaren ustez «online Azokak balio izan zuen iaz kasu batzuetan salmenta batzuei eusteko, baina online salmentek ezin dute ordezkatu aurrez aurrekoak duena. Gainera, argitaletxe txikienak galtzen ateratzen dira beti horrelakoetan, eta iaz salmenta oso txikiak izan zituzten askok».

«Txalapartak aspaldi egin zuen online salmentaren aldeko hautua. Amazon eta multinazionalen esku utzi beharrean, merkatu digitala ere hemendik eta hemengoentzat antolatzeko beharra ikusi genuen. Bagenuen eskarmentua, gainera, ia 30 urtez funtzionatu duen irakurle klubak ere eskaini digulako aurrez aurreko salmentan oinarrituta ez dauden harreman erak garatzeko aukera. Hortaz, mundu birtualean ere euskal literaturak eta oro har kulturak leiho bat irekitzea baikorki hartzen dugu», adierazi dute Garazi Arrulak eta Jon Jimenez editoreek.

Iaz, oso epe laburrean online salmenta antolatu beharrean izan ziren Gerediaga Elkarteko kideak. Hasieran 25 lagun aritu ziren biltegian lanean, baina eskaerak hala behartuta kopurua bikoiztu eta 50 lagun baino gehiago egon ziren beharrean bertan.

Aurten Gerediaga arduratuko da produktuak standetatik hartzeaz, egunaren amaieran. Gero produktu horiek Elkarreko logistika gunera eramango dira han paketeak sortu eta handik banaketak egiteko.

Sareko salmentaz hauxe dio Osak: «Salbuespenezko testuinguru eta baldintzetan ekin zitzaion iaz bide horri eta beste urteetako diru-sarrerekin alderatu ezin badaiteke ere, diru-sarrera garrantzitsua izan zen euskal ekoizleontzat, une zail haietan. Behin bide horri ekinda, egungo gizartearen kontsumo ohituretan errotzen ari den praktika denez, eremu horretan ere euskal kultur ekoizpena eskuragarri eta ikusgarri egotea estrategikotzat jotzen dugu. Errealitate horri bizkar emateak oraindik ere ikusezinago izatea ekarriko luke eta abiatutako bidea interesgarria izan liteke, sektoreko eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bidetik, euskal kultur ekoizpena modu iraunkorrean online bidez eskuragarri izateko aukera artikulatzea».

Bat dator Larrañaga. «Musikaren kontsumo eredua aldaketa etengabean dago. Gizarteak hartzen dituen kontsumo ohituren atzetik joan behar dugu, zalantzarik gabe. Musikaren sektore honetan kontziente gara diskoen salmenta beheraka dioala abiada handian. Gaur egun, gizarteko sektore oso handi batek ez dauka diskoak erreproduzitzeko gailurik bere egunerokotasunean, ez etxean, ez kotxean, ez lanean. Aurretik ere ezagutu ditugu biniloak, kaseteak, MP3 erreproduzitzaileak eta diskoak. Eta orain ikusten ari gara musika modu digitalean kontsumitzen dela, inolako euskarri fisiko barik. Nik uste hausnarketa oso sakon bat egin beharko genukeela horren inguruan».

 

Leire Lopez Ziluaga, Susa argitaletxeak Zarautzen duen egoitzan. Argazkia: Jon Urbe | FOKU

Salmentak

Iazko edizioa berezia izan zen. Salmentari dagokionez izan zen galerarik izan zuenik, baina baita ezusteko polita hartu zuenik ere. «Guztioi bezala asko eragin zigun, batez beste taldeko argitaletxeen salmentak beste urtetakoekin alderatuta %30 ingurukoak izan ziren, hau da, laurdena pasa saldu genuen online eta bideragarritasun justu-justua duen aktibitate batean, galera hori izugarri handia da», esan du Elkar Taldeko argitaletxeetako zuzendariak.

«Durangoko Azoka ez da salmenta puntu bat soilik, balio erantsi bat du. Aspaldian irakurri nuen ‘oasi’ antzeko bat dela, eta ni ere ados nago horrekin. Diskoen salmentari dagokionez, Euskal Herrian daukagun ‘oasi’ bakarrenetarikoa desagertu zitzaigun. Pandemiak sekulako lehortea eragin du kulturgintzan. Kontua da ‘oasi’ gehiago behar ditugula eta horretarako basamortua ‘ureztatu’ beharko genukeela».

«Salmenta aldetik espero genuena baino hobeto ibili ginen. Elkargunerik ez genuen izan. Liburu aurkezpenen bat egon zen Ahotsenean, eskerrak haien lanari, eta jende nahikotxo hurbildu zen, baina irakurleekin, idazleekin, lagunekin egoteko aukerarik ez zen izan», esan du Susako editoreak.

Eta elkarguneari dagokionez, «galera erabatekoa» izan zen Osaren esanetan. «Online eskaini ziren aurkezpenak eta eskertzekoa da ahalegina, baina ez dago alderik Durangoko Plazak eskaintzen dituen aukerekin: sortzailea, bitartekariak eta kulturzaleak harremanetan jartzeko abagunea, hurbiltasuna, kultura zuzenean jasotzeko aukera, liburuak eta diskoak eskuan hartzeko plazera, proiektu berriak amestu eta egosteko konplizitatea… hori guztia falta izan zen iaz».

Durangon ez, baina Euskal Herrian ondoren izan zen beste elkargunerik. Iruñean, esaterako. «Euskal Herriko hiri buruzagian izan genuen aukera irakurleekin bat egiteko eta haiekin elkartzeko, zeren Nafarroako editoreen eta liburu denden azoka antolatu baikenuen urrian. Horrek, nolabait, hurbiltasun horren gabezia leundu zuen zertxobait eta, nolanahi ere, etena ez da hain handia izan, aurten egon baikara hainbat feria eta topaketatan», kontatu dute, baikorrago, Txalaparta argitaletxeko editoreek.

 

Miren Narbaiza musikaria arduratzen da Ahotsenearen koordinazio lanez. Argazkia: Raul Bogajo | FOKU

Itzalak. Egiturazko arazoak ditu euskal kulturak. «Kultur sortzaileak ez du estatus aitorturik eta nahikoa babesik kultur jardunetik modu profesionalean eroso jardun ahal izateko, kultur industriak baliabide eta baldintza mugatuak ditu garatu nahi lituzkeen proiektuak bideragarri egiteko. Euskal merkatua ez da hazten ari, hizkuntza eta kultura hegemonikoen eragina gero eta nabarmenagoa da, ikusgarritasun oso mugatua du euskal kulturak, kultur transmisioan atzera egiten ari garen zantzuak ikusten ari gara, kulturak gizarte honetan duen lekua periferikoa da guztiz… Bada, testuinguru konplikatu horretan, guztiz ezinbestekoak ditugu Azoka bezalako arnasguneak. Bultzatu, sustengatu, babestu, indartu, zaindu ditzagun horrelako ekimenak, bakoitzak dagoen lekutik eta dituen arduretatik har ditzala konpromisoak norabide horretan», azpimarratu du Osak.

Argiak. «Pandemiaren lehen parteak, oro har gizartean eta gure kasuan sektorean ere, ondorio positiboak izan zituen: elkartasun sareak antolatzen hasi ziren eta elkartasun horren hartzaile ere izan zen kulturaren mundua. Aurreko urteko Azoka telematikoaren arrakastak ere badu zerikusirik ufada horrekin», adierazi dute Arrulak eta Jimenezek.

«Egia da aurreko urtean topagune garrantzitsuak falta izan zitzaizkigula sortzaile eta bitartekarioi eta horrek eragin zuzena duela gure lanean. Baina, alde ezkorrenetik ihes egitearren, ematen baitu beti kexaka gabiltzala, bi burutapen aurreko urtean bizi izan dugunarekin: iazkoa izan da ziurrenik azken hamarkadetan irakurle gehien egon den urtea (datuen faltan, sentsazio hedatua da); eta, argi eta garbi, liburu salmenten aldetik urte paregabea izan da», gaineratu dute biek.

Tonu bertsuan, hauxe dio Lopez Ziluagak: «Guretzat joan den urtea ona izan zen oro har. Irakurleek erantzun egin zuten, asko irakurri zen, eta hori eskertu beharreko zerbait da».

«Ez dut uste egoeraz kexatzen edota ahulguneen inguruan negarrez aritzea irtenbide bat denik. Nik uste oso bide eta aukera politak irekitzen ari direla eta musika ‘demokratizatzeko’ aukera parez pare daukagula, eta paradigma horretan lan egiten ikasi beharko dugula ekoiztetxeok», dio Larrañagak.

 

Iñaki Larrañaga, Mauka-Airaka musika zigiluko kidea, Durangon. Argazkia: Monika Del Valle | FOKU

Ikasgaia

Izurriak utzitako ikasgaiez galdetuta, hauxe erantzun digu Osak: «Etengabe aldatzen ari den testuinguru batean bizi gara, kulturgintzan aldaketa handiak bizitzen ari gara azken urteotan zentzu askotan eta errealitate horren erdian iritsi zaigu pandemia, ziurgabetasuna eta noraeza oraindik ere gehiago areagotuz. Beldurraren aurrean urratsik ez emateko bulkada naturala da oso, baina errealitate berria ahalik eta ondoen ezagutu eta horretara egokitzeko ahalegina egitea ezinbestekoa dugu bizirik jarraitzeko. Arrisku neurtuak hartu eta aurrera».

Bizitako bakardadea du gogoan Larrañagak. «Nik uste ikasgai asko utzi dizkigula pandemiak, eta horietako garrantzitsuenetarikoa dela kulturgintzaren bakardadea eta ia inork ez gaituela lagunduko. Hau da, guk geuk bilatu beharko ditugula irtenbideak inori itxaroten egon beharrean».

Are gehiago, estigma soziala ikusten du kulturgintzaren inguruan. «Irakasle, arkitekto, mediku edota tailer bateko peoi izan zaitezke, baina kulturgintzatik bizitzea txarto ikusia dago gizarteko sektore askotan, ‘benetako’ lan bat izango ez balitz bezala», azaldu du.

«Kulturgintza oso sektore ezaguna da: denok joan gara edo goaz kontzertu batera, liburu bat irakurtzera edota antzerkira. Baina horren guztiaren atzean dagoen lana oso prekarioa da, arrakasta handia dutenen kasuan ere, eta pandemiak hori are ageriago utzi du», jarraitu du.

Mina. «Talde ezagunen kasuan zuzenekoak jotzeko aukera izan dute, baina hor badaude talde, areto edo gaztetxe asko ia bi urtez beren jarduna eten behar izan dutenak, eta horrek min asko eragin du», nabarmendu du Larrañagak.

Epe ertainean pandemiak sorkuntzari dagokionez eragina izango duelakoan dago. «Badaude dinamika txiki asko eten egin direnak eta berreskuratzeko zailak izango direnak: musika lokaletan entseatzeko aukera, gaztetxeetan edota aretoetan jotzeko aukera, belaunaldi berriek instrumentu bat hartzeko aukera, eta abar. Kulturaren ‘geruza’ guztien, mainstream-ak eta alternatiboagoak, dinamikak berreskuratzen ez baditugu, horrek isla izango du datozen urteetan».

Bizitako garai petralek literatur sorkuntzan, aurten argitara eman diren idazleen testuetan, izan du islarik. «Liburu batean baino gehiagotan ageri da pandemiari erreferentziaren bat, bai», dio Lopez Ziluagak.

Baina denborak esango du gaiak zer emango duen. «Batzuek aunitz idatzi zuten, eta beste batzuek ezin izan zuten deus sortu; edukian, berriz, goiz da oraindik halako zerbaiti erantzuteko, bilakaerari erreparatu beharko litzaiokeelako, gaiei, azterketa sakonago batez», Txalapartako editoreen iritziz.

Iritzi berekoa da Osa: «Hemendik urte batzuetara, seguruenik, perspektibarekin argiago ikusiko da nola eta zenbatean eragin duen pandemiak sormenean. Gaur-gaurkoz, liburu jakin batzuetan zuzenean hitz egiten da pandemiaz, saiakera formatuan batez ere. Baina, oro har, fikziozko lanean eta hauen gaiei dagokienez behintzat, bestelako gaiak eta testuinguruak dira nagusi aurtengo ekoizpenean».

 

Garazi Arrula eta Jon Jimenez Txalapartako editoreak, Tafallan. Argazkia: Iñigo Uriz | FOKU

Guneak

Ezin ahaztu Landakoko guneak, Saguganbara, Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia eta @Kabia. Une zailak bizi izan zituzten iaz. «Buruhauste handiak izan genituen koordinazio mahaian. Erantzukizunez jokatu behar genuen eta modu berean sortzaileak eta kulturzaleak bere egingo zuen formula bilatu behar genuen. Azkenean Azoka txikiago bat egin zen, bertaratu ezin zirenek ere etxetik erraz eta eroso jarraitzeko Azoka bat», gogoratu du Miren Narbaiza musikariak. Iaz, pandemia betean, hasi zen gunearen koordinazio lanetan.

Inguruko herrietako biztanleek bakarrik izan zuten Ahotsenera bertaratzeko aukera iaz. Lehenengo aldiz Plateruenak hartu zituen musika saioak eta Landakok liburu aurkezpenak. «Lehen karpa bitan banatzen ziren kontzertuak, batek amaitu orduko hurrengoa hasten zen etenik gabe eta gaur egun baino talde gehiagok zuten diskoa aurkezteko aukera. Plateruenak, bestetik, horretarako prestaturiko oholtza batean jotzeko aukera ematen die musikariei, izan beterano edo hasiberri. Eta hori ere eskertzekoa da», dio.

Zuzenekoez gozatzeko aukera eskaintzen du Ahotseneak, nola ez, baina bere eskaintzaren eragina harago doa. «Musika sektorean lan egiten dugunontzat Ahotsenea indartsu bat izateak, musikariek beraien diskoak sinatu ahal izateak edota hedabideen arreta bereganatzeak eragin zuzena dauka salmentetan, gezurra dirudien arren», aitortu du Mauka-Airaka zigiluko ordezkari Larrañagak.

«Durangon bizi dugun sukar horretatik harago ere kultur zaletasuna txertatzea» da erronka Narbaizaren esanetan. «Urtean zehar hainbat azoka eta ekimen antolatzen dira eta horietan sinistea eta parte hartzea ere oso garrantzitsua deritzogu. Zergatik mugatu abendura idazleak ezagutzeko zita, zuzeneko musika entzun eta liburuak eta diskoak erostea?». Hortxe airean geratu den galdera.