Interview
Aritz Aranburu
Surflaria
gara-2022-04-25-Entrevista
Aritz Aranburu surflaria. (Maialen Andres | Foku)

«Kirolean ateak irekitzen aritzeak alde onak eta ez hain onak ditu, baina asko gozatu dut»

Inor gutxik jarriko du zalantzan Aritz Aranburu (Zarautz, 1985) dela Euskal Herriak inoiz eman duen surflaririk onena. Munduko surflaririk onenekin munduko olatu onenetan lehiatzera iritsi da, bere ametsa egia bihurtuz eta bidean jarraitzaile kopuru gero eta handiagoa lortuz.

Euskal surfaren historiarako –eta kasik Europako surfarentzako ere bai– geratuko dira Aranburuk bere ibilbidean lortutako hainbat balentria. Gazte mailetan bikain aritu ostean, 2007. urtean Europako txapeldun izan zen eta CT gorengo mailara sailkatzea lortu zuen 22 urterekin, 2008an eta 2014an errepikatuko zuen esperientzia. Lehiatu bakarrik ez, emaitza ikusgarriak ere lortu izan ditu gorengo maila horretan. 2009an, esaterako, Kelly Slater handia kanporatu zuen Tahitiko Teahupoo olatu beldurgarrian egiten den txapelketan, hirugarren postua eskuratuz. Hossegorren, Portugalen, Hawaiin… olatu handi eta indartsuetan bere maila erakutsi du behin eta berriz zarauztarrak, arrotz sentitzen genituen paraje ederrak gertuagoko sentiaraziz. Eta gaur egun ere gogotsu jarraitzen du, erritmo lasaiagoan bada ere.

Lehen errazago jarraitzen genuen zure pista munduko zirkuituan. Gaur egun txapelketa jakin batzuetan ikusten zaitugu, baina nahiko tarteka. Zein da zure norabidea surfean oraintxe bertan?

Lehenik esango nuke surflari profesionala izaten jarraitzen dudala, hori dela nire lan nagusia. Egia da lehiaketei dagokienez selektiboago izaten ari naizela azkenaldian. Gustuko txapelketetara joaten naiz. Aipatu behar da iazkoa urte berezia izan zela surfarentzat. Lehen aldiz surfa kirol olinpikoa izan zen eta buru-belarri zentratuta egon nintzen Munduko Txapelketan, Jokoetara joaten saiatzeko. Azkenean pare bat posturengatik kanpoan geratu nintzen. Gertu ikusteak gose hori uzten dizu alde batetik, baina bestetik pozik amaitu nuen horrenbeste urtean lehiatzen ibili ondoren helburu berri bat aurkitu nuelako, eta helburutik gertu geratu nintzelako. Oso zaila zen sailkapena lortzea, hogei surflarik bakarrik izan zuten aukera hori, eta taldetxo horretatik gertu geratzea lorpen polita izan zen niretzat. Eta aurtengoari begira, kontua da orain World Surf League (WSL) zirkuituan, munduko surf zirkuitu pribatuan, urtero rankingak hutsetik hasten direla. Lehen ez zen horrela: aurreko urtean hobeto edo okerrago amaitu zirkuitua, hurrengo urtean hobeto edo okerrago kokatuta hasten zinen lehiaketan, eta horrek oso ‘engantxatuta’ egotera behartzen zintuen. Aldaketa hori baliatuz nire ibilbidean lehen aldiz txapelketak aukeratzea erabaki dut eta denbora gehiago eskaintzea beste arlo batzuei: libreki beste bidaiak egitea, dokumentalak eta horrelakoak aurrera eramatea. Orduan, txapelketa pare bat egingo ditut, batez ere olatu oso onetakoak, edo independenteak, olatu onak izatera itxaroten dutenak, ze horiek karamelu bat izaten dira niretzat. Ilusio handia egiten didate. Baina bai, gogoa neukan zirkuituko egutegia alde batera utzi eta nik nire egutegia moldatu ahal izateko. Urteak daramatzat zirkuitua beste proiektu batzuekin uztartzen, gehiago betetzen nauten bidaiekin eta antzerakoekin, eta horretan sakondu nahi nuke.

Arlo desberdin asko ukitzen dituzu, eta aurrerago galdetu behar nizun, baina zuk aipatu dituzunez, Olinpiar Jokoei buruz galdetzen hasiko naiz. Esan duzu hortik zatozela, azken urtean helburu horren atzetik ibili zarela. Zer sentsaziorekin amaitu duzu zuk? Izan ere, kanpotik apur bat kaotikoa eman du: hogei txartel bakarrik, azkenak banatzeko txapelketa bat El Salvadorren, pandemia ere bai tartean…

Lehen aldia zen, hori ere kontuan izan behar da. WSL zirkuitutik hamar sailkatzen ziren; munduko hamar onenek txartela lortzen zuten. Eta gero selekzioka egiten diren txapelketak zeuden, ISA izena hartzen duen zirkuituan, desberdina dena. Hortik beste hamar sailkatzen ziren. Sailkapen proba bat egon zen Japonian eta beste bat El Salvadorren. Seguruenik kanpotik jarraitzeko ez zen errazena izango, baina guk barruan egonda bagenekien gutxi gorabehera zer emaitza lortu behar genituen sailkatu ahal izateko.

Baina ez zen presio handiegia El Salvadorreko txapelketa horretarako? Lehiaketa bakar horretan ongi aritu beharra zegoen sailkatu ahal izateko...

Bai, baina ohituta gaude. Eta esango nuke Olinpiar Jokoek badutela faktore hori beste kiroletan ere, egun jakin batean zure onena eman behar duzula. Bagenekien hori horrela izango zela eta hilabete lehenago aste pare bat egon ginen bertan entrenatzen, adibidez.

Jokoekin jarraituz, jada erabakita dago Paris 2024ko ekitaldian surf lehiaketa Tahitin egingo dela, Teahupoo olatu famatuan. Zuk ongi ezagutzen duzun olatua da, zure ibilbidean leku berezia izan duena. Horri begira jarri zara ala goizegi da oraindik?

Buruan daukadan zerbait da, ez dut ezkutatuko. Lehenik ikusi egin beharko da Joko horietarako sailkatzeko lehiaketa sistema berdina erabiliko duten edo aldaketaren bat egongo den, horrek ere baldintzatu baitezake egin beharreko bidea, baina argi dago niri horrelako helburuek surfari konektatuta jarraitzeko indarra eta motibazioa ematen didatela. Nolabait, niretzako helburu desberdin eta fresko bat da aurrera jarraitzeko. Ni surfean hasi nintzenean ez nuen inoiz pentsatuko surfa Olinpiar Joko batzuetan egongo zenik, edo nik surflari bezala Joko batzuetan parte hartzeko aukera izango nuenik. Burutik pasa ere egiten ez zitzaidan zerbait zen. Eta orain aukera hori edukitzea oso berezia da. Gainera, argi dago Tahitikoak ez duela zerikusirik izango Japoniakoarekin. Tahitikoak benetako olatuak dira, benetako surf helmuga bat da. Justu Parisekiko munduko beste aldean dago, baina ondo egongo da. Surfa ezagutzen ez duenari Tahitiko olatuek askoz gehiago inpaktatuko diote Japoniakoek baino. Olatu arriskutsuak dira, guk ere asko jartzen dugu jokoan bertan surfeatzen dugunean, eta horrek ere badu bere erakargarritasuna.

Olinpiar Jokoek bi aste eskas irauten dute. Seguru samar esan daiteke tarte horretan itsasaldi bat egongo dela Teahupooko olatuan?

Bai. Gainera Jokoak udan dira eta han sasoi potentea izaten da. Agian ez da tokatuko tamainaz oso olatu handiak egotea, baina txapelketa ikusgarri bat egiteko adina bai. Eta kontrakoa ere gerta liteke, benetan olatu handiak tokatzea eta surflariek baldintza horietan duten maila erakutsi behar izatea. Nahiko nuke hala izatea, oso polita litzateke. Arrisku puntu horrek gure kirolari erakargarritasun handia ematen dio. Horregatik gustatzen zaizkit niri horrenbeste olatu horietako txapelketak. Ez zara ari pentsatzen bestearengan, ea besteak zer egiten duen, baizik eta zure lehia da itsasoarekin, zuregan pentsatu behar duzu: nola kokatu, zenbat arriskatu, itsasoa irakurtzen saiatu… Zure zentzumen guztiak itsasoarengan ipintzen dituzu eta nire ustez txapelketa politenak horiek izaten dira, aurkariez ahazten zarenean.

Zure ibilbideko elementu asko laburbiltzen ditu Teahupoon surf egiteko esperientziak. Zure bidaiekiko zaletasuna, olatu handietan surf egiteko gaitasuna, mundu mailan lehiatzeko grina… Emaitza oso onak lortu izan dituzu bertan eta bere garaian zeresan handia eman zenuen, seguruenik ez geundelako ohitua euskal surflari bat baldintza horietan munduko onenekin ikustera.

Bai, leku berezia da niretzat. Azkenean, surflari izatea serio hartzen duzun momentutik buruan daukazun helburu bat da: badakizu CT zirkuituan (munduko onenak biltzen dituena) sartzen bazara Tahiti edo Pipeline bezalako olatuetako txapelketetan parte hartzeko aukera izango duzula. Olatu ezagunak dira, arriskutsuak, xarma berezia dutenak. Argi dago rookie bezala zirkuituan sartzen zarenean beldur puntu bat eduki dezakezula olatu horien aurrean. Horregatik saiatu izan naiz CT zirkuituan sartu aurretik leku horietara bidaiatzen olatu horietan surfeatzen ohitzeko. Txikitatik amesten nituen olatuak, aldizkarietan edo bideotan ikusten nituelako, gehien gustatzen zaizkidanak bihurtu dira. Garai batean ilusio edo beldur puntu horrekin amesten nuen, eta orain esan daiteke olatu horietan dezente espezializatu naizela. Azkenean askoz gehiago gozatzen dut baldintza horietan hondartza normal bateko olatu kaxkarrekin baino.

Zalea zara. Hemen inguruko olatu handietako txapelketetan parte hartzen ikusten zaitugu askotan. Saiatzen zara hitzordu horiek ez galtzen.

Bai, gauza freskoa iruditzen zait, berria. Zirkuituko txapelketetan beti gustatu izan zait olatu handiekin lehiatzea, baldintza zailetan nire burua probatzea. Eta orain zirkuitua apur bat utzi dudanean denbora gehiago eskaini ahal izan diot olatu handietako surfa lantzeari. Nire babesle den Pukas markarekin ere asko lantzen dudan gaia da, ea nola lortu ohol egokiak olatu jakin baterako edo besterako. Buru-belarri ibili naiz horretan, azkenean lan asko dago txapelketa horien atzean: entrenamenduak ere aldatzen dira… Alde horretatik freskura bat dakar niretzat eta asko betetzen nau.

Behin baino gehiagotan atera zaigu gaia: zure esperientzia gorengo CT maila horretan. Nola gogoratzen dituzu lehen aldiz sailkatu zinen garai haiek? Izan ere, jende askok zure eskutik ezagutu zuen mundu hori eta jarraitzaileek oso gogotsu bizi izan zuten hura.

Oso oroitzapen politak dauzkat. Batez ere orain konturatzen naiz. Azken urtean edo bi urteetan zirkuitua barrutik bizitzen jarraitu dut, baina kanpotik ere bai gehiago, distantzia apur batekin, eta egindako guztian pentsatzeko denbora gehiago izan dut. Asteburu honetan adibidez [elkarrizketa apiril hasieran eginda dago] nire kide asko Portugal aldera doaz lehiatzera, baina nik ez joatea erabaki dut, beste gauza batzuen artean gaztetxoentzat txapelketa bat antolatu dugulako hemen, Zarautzen. Eta Portugalera ez joatea erabakitzen duzun une horretan, orduan etortzen zaizkizu burura han bizitako oroitzapen asko. Alde batetik, nabarmenduko nuke Zarauztik kanpora irtendakoan ere zer babestuta sentitu naizen beti. Ez nuen inoiz pentsatuko nire atzetik hainbeste jende izango nuenik animatzen. Adibidez, Hossegorreko txapelketan Kelly Slaterren aurka txanda bat jokatzen egotea eta jende gehiago egotea ni neu animatzen Kelly Slater baino... Ez sinistekoa! Hasierako urteak ziren, jendeak ez zuen espero agian horren urrutira iristea… Azkenean, ate berriak irekitzen dituen kirolari baten alde ona horixe da: jendea ezustean harrapatzen duzu eta asko bolkatzen da zurekin. Beste aldea ere badauka: denen ahotan zaude. Helburu berriak lortzerakoan, eta lortu aurretik ere bai askotan, kritika asko egoten dira. Badaude kritika batzuk konstruktiboak direnak, eta beste batzuk ez hainbeste. Kirol batean ate berriak irekitzen aritzeak alde onak dauzka eta ez horren onak. Argi dago kirolaren parte dela, eta kirolari denok hortik pasa beharra daukagula, baina hori eramaten ikasi egin behar da. Eta nik esango nuke ikasi dudala pisu hori eramaten, gustura eraman dudala azkenean. Baina hasiera batean, zerbait lortzen duzunean eta jendea zuri buruz hitz egiten hasten denean, ez zaude ohituta. Denborarekin ohitu egiten zara.

Kritika aipatu duzu. Noizbait kritikatua sentitu zara?

Ni txikitatik ohitu nintzen kritika elementu konstruktibo bat bilakatzen. Niri beti sua pizten lagundu izan dit ingurukoek pentsatzeak nik ez nituela lortu ditudan gauza asko lortuko. Gogo handiagoa sartzen zitzaidan ahal nuela erakusteko. Asko gozatu dut egindako bidearekin, bizipoz handiarekin. Baina bai, kritika beti dago kirolean. Argi dago futbolariek surflariek baino kritika gehiago jasotzen dituztela, jarraitzaile gehiago ere badituztelako, baina kritika hor dago beti, kirolaren parte da.

Eta zirkuitua distantzia apur batekin ikusteko aukera aipatu duzunez, zure iritzia eskatuko nizuke. Zer iruditzen zaizu azken urteotako joera? Brasildarren aroa bizitzen ari garela esan liteke?

Brasildarren inguruan aipatuko nuke ez dela ahaztu behar kulturalki nondik datozen. Gazte-gaztetatik erakutsi dute sekulako gosea garaipenak lortzeko, eta nire ustez hori oso garrantzitsua da goi mailako lehiaketan. Liga profesionaletara sailkatu ahal izateko esfortzu estra bat egin behar izan dute, eta behin hor egonda antzeman egiten da ez direla ari lehiatzen ospeagatik edo kirola gustatzen zaielako bakarrik, baizik eta beraien familian pentsatzen dutela, nondik datozen, zenbat kosta zaien horra iristea... eta hori plus bat da. Oso zaila da egoera horiek bizi izan ez dituen pertsona batek plus hori edukitzea. Ikusi egiten da lehiakortasuna oso barruan daramatela. Eta herrialde bezala, kontuan izan behar da brasildarrek grina handia izaten dutela orokorrean, faveletan jaio ala ez. Era berean, ez dira ohituta egoten olatu handi indartsuetan surf egitera. Gabriel Medinaren kasuan, adibidez, argi ikusi da behin zirkuituan sartutakoan bertan joan dela ikasten, horretarako ere sekulako gosea erakutsi duelako. Baina beste askori nabaritu egiten zaie gabezia hori eta baldintzen arabera asko aldatzen dira beraien emaitzak. Baina brasildarrek erakutsi diete hurrengo belaunaldiei zein den goian ibiltzeko sekretua: esfortzua, lehiakortasuna, gosea… Obsesio txiki bat bilakatu behar du surfak, onena izatea edo onenen artean egotea ez delako inoiz kasualitatea izaten. Atzetik grina berezi bat egon behar du.

Eta euskal surflariei buruz zer esango zenuke? Zer puntutan gaudela uste duzu?

Harrobi oso polita daukagu. Egia da azken urteetan agian punta-puntara ez direla surflari gehiegi iritsi, baina jendea badator. Aipatu behar da orain euskal surflariak lurraldeko zirkuitu batean hasten direla lehiatzen, eta hortik onenak munduko zirkuitura pasatzen direla. Munduko zirkuitu horretan bi maila daude, lehen bezalaxe, baina gure garaian zuzenean munduko zirkuitu horretan hasten ginen lehiatzen. Esan dezagun lehen bi maila bakarrik zeudela, eta orain hiru. Ba lurraldeko maila horretan, eta Zarauztik oso urrutira joan gabe, Adur Amatriain eta Nadia Erostarbe oso ongi kokatuta daude mundu mailakora igotzeko, Portugalen jokatuko dute dena. Ikusi dut Garazi Sanchez ere hor dabilela. Azkenean pausoz pauso joan behar da, eta horretan ari dira. Eta aipatutako horien hurrengo belaunaldiak ere, oraindik gaztetxoak izan arren, zeresana emango duela uste dut. Ez dugu ahaztu behar hemen surfa oraindik kirol gaztea dela beste potentzia batzuekin alderatuz, formazio egiturak askoz landuago dituzte beste leku batzuetan. Ari gara ikasten, eta ildo horretan uste dut garrantzitsua dela lehen bide profesional hori egin dugunok hurrengoei ahal dugun laguntza eskaintzea. Zer ideia izan behar dituen oinarri surflari batek, zer motibazio izan behar dituen, eta zer egitura behar diren bide horretan lagundu ahal izateko.

Ildo horretan aipagarria da Shelter gune honetan bildu garela gaur. Surf eskola bat da, baina zerbait gehiago ere bai zuretzat. Zure ibilbidean bizitako esperientziak jendearekin banatzea da zure nahia hemen?

Niretzat Shelter surflarientzako bilgune bat da, erdaraz punto de encuentro deituko genukeena. Berdin zait zer mailatako surflariak diren. Izan hasiberriak edo maila jakin bat edukita hori hobetu nahi dutenak, ateak zabalik izango dituzte hemen. Niri surfa partekatzea gustatzen zait eta horregatik ateratzen dira hemendik proiektu desberdinak, adibidez gazte mailako txapelketak. Gazteek aukera bat izatea nahi dut lehiaketek nola funtzionatzen duten ikusteko. Orain egingo duguna [Zarautz 4Teens] 14 urtez azpikoentzat da, baina epaile profesionalak jartzen ditugu, sistema informatiko denak lehen mailan erabiltzen direnak dira. Nahi duguna da gazteak ate handitik sartzea lehiaketetan eta mundu horrek nola funtzionatzen duen ikustea. Esan dezaten: «ba gustatzen zait», edo «aizu, ba hau ez doa nirekin». Surf egokituko Kind Surf programa ere eramaten dugu hemendik… Ez zait gustatzen batzuetan entzutea jendeari: «Puff, hori Aritz Aranbururen surf eskola da, horra maila altuko jendeak bakarrik dauka joatea». Ba ez, justu kontrakoa da. Nire helburua ez da surflariak maila gorenera eramatea, baizik eta erakustea surfaz gozatzeko modu desberdinak daudela, nik ere horrelaxe egiten dudalako. Nik ez dut lehiaketekin bakarrik gozatzen, lagunekin surfeatzen gozatzen dut, bidaiatzen… Bizitako esperientzia guztiak hona ekartzen saiatzen naiz eta horrekin jendeari oinarri sendo bat eskaintzen.