Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
1215_7K_globe2
Wilt Chamberlain taldeko izar nagusiak NBAra salto egitea lortu zuen.
Zazpika

Harlem Globetrotters Bilbon da: Eman eta zabal ezazu!

Harlem Globetrotters saskibaloi talde ospetsua Euskal Herrian da. Asteazkenean 19.00etatik aurrera Bilboko Casilla kiroldegian izango da Spread Game Tour biraren barruan, ia 100 urteko historia eta gero osasuntsu itxura batean.

Zirkua badatorrela abisatuz txirulak eta bozina hotsak entzutea besterik ez da falta. Harlem Globetrotters taldea Euskal Herrira itzuliko da, Bilbora, 2016an eta 2018an egin bezala. Aurreko bi hitzorduetan Miribillako Bilbao Arenan izan baziren, hilaren 11n Casillan arituko dira, 19.00etatik aurrera. Spread Game Tour; hau da, ‘Jokoa zabaldu’, mundu guztira. Euskal Herrian ez ezik, Katalunian, Galizian eta Estatu espainolean barrena ere ariko da New Yorkeko taldea, hilaren 7an hasi eta 16an amaitu arte, egunero etengabe. Azken finean, Harlem Globetrottersen izaera ikuskizuna eta alaitasuna saskibaloi jokoaren bitartez zabaltzea izan baita sortu zenetik bertatik. Covid-19aren pandemiaren erruz 2020ko eta 2021eko saiakerek porrot egin ostean, azkenean hemen dira berriz ere.

Harlem Globetrotters (HGT) aspaldi sortu zen, eta taldea partidak lehiatzeko eta irabazteko esperantzarekin kantxaratzen zen gainera hasiera batean! Hori bai, New Yorkeko Harlem auzoan errotu baino lehen, Chicagon ikusi zuen argia lehenik eta behin, munduari biraka ekitekoa zen taldea Chicago Globetrotters izan baitzen 1926tik 19227ra bitartean. Edo hobeto esanda, Savoy Big Five, Savoy Bal dantzalekua girotzeko sortu baitzen taldea.

Ikuskizuna izan da ia beti HGTk bere burua munduan ezagun egiteko erabilitako amua, baina, era berean, ikuspegi soziala ere oso lotuta dago taldearen sorrerarekin eta garapenarekin. Chicagoko Savoy Bal beltzak bakarrik joaten ziren aretoa zen, zurientzako dantzalekuetan ez baitzitzaien lekurik eskaintzen beltzei, ezta jokalari zuriek osatzen zituzten saskibaloi taldeetan ere. Hargatik, 1928an hasierako saiakera bat egin ostean –‘The New York Harlem Globetrotters’ izenarekin ezaguna–, 1929an Abe Saperstein entrenatzaile eta enpresariaren bitartez –Londresen jaio zen 1902an, baina 6 urterekin heldu zen Chicagora familiarekin–, Harlem auzoan errotu zen Globetrotters taldea. Eta latinez esaten den bezala, per secula seculorum, gaur arte.

Beltzek zuriekin batera jokatzerik ez zuten garaian, zurien aurka lehiatzeko ez ezik, ikuskizuna emateko ere gai zirela erakutsi zuten HGT taldeko kideek.

Artean ez zekiten, baina munduan zehar biraka ibiltzeko bokazio zekarren zainetan barrena talde hark. Talde xelebrea bada gaur, zer izango ote zen orduan! Izan ere, gaur egun nahi eta behar baino muga gehiago dituen gizarte batean murgildurik bagaude, zer esan duela ia 100 urtekoaz. Azkenean, beltzen artean beren burua eta izaera azpimarratzeko beharrak errotu zituen taldekideak Harlemen, eta beren betiko auzunea epizentro gisa harturik, mundura zabaldu ziren berehala. Pentsa, dagoeneko 123 herrialde bisitatu ditu Harlemeko taldeak, 26.000 norgehiagoka jokatuz eta milaka kilometrotan barrena bere showa zabalduz.

Alabaina, HGT eta edozein zirkuren artean, badago alderik. Ikuskizuna hor dago, umorea hor dago, pertsonaia ezberdinak hor daude –Meadowlark Lemon showman jokalaria, adibidez, edo egun entrenatzaile lanetan diharduen Lou Dunbar I.a (Lou Dunbar II.a galtzamotzekin ari den honetan), esaterako–, baina bereizgarririk baldin badago, hori saskibaloia da. Azken batean, saskibaloiak harilkatu zuen solte zebilen hari mataza luze eta nahasia; saskibaloi baloi laranja jokalari baten haz luzearen puntan dantzan ikustea, planeta birakari ero bat balitz bezala, hori da HGTren esentzia. «It's basketball, man!», izan ohi da saskibaloiaren patua onartzeko jokalariek erabiltzen duten esaldi edo ia aforismoa. Saskibaloian jokatzeko prestatu zara, baina, hori bai, azken unean baloiak berak erabakitzen du.

Izarrik handienak erretiratu badira ere, HGT taldeak bizirik jarraitzen du, eta Bilbotik behin baino gehiagotan pasa dira: 2016an eta 2018an azkenengoz. Pandemia dela-eta, 2020an eta 2021ean bertan behera geratu zen New Yorkekoen bisita, orain arte.

NBAko izarren aurrean garaile

Esan bezala, bere garaian, beltzak eta zuriak talde, liga, harmaila eta kantxa berdinetan elkarrekin aritzea ezinezkoa eta ia pentsaezina zen garaian, Harlen Globetrotters taldea ez zen saskibaloia aitzakiatzat hartu eta ikuskizunean murgilduriko taldea. Ezta pentsatu ere! ‘World Professional Basketball Tournament’ izeneko txapelketan parte hartu zuen HGTk eta 1940an Liga hura irabazi egin zuen. Segidan 102 partida irabaztera iritsi zen Harlemgo taldea, baina garai hartan aurreneko urratsak egiten ari zen NBAren ateak giltzarrapo bikoitzaz itxita zeuzkan.

Alabaina, 1948an ezinezko zirudiena egia bihurtu zen: HGTren eta NBAko txapeldun zen Minneapolis Lakersen –egungo Los Angeles Lakers taldearen aitzindaria– arteko dema. Lakers haien izarra George Mikan zen, jatorri kroaziarreko pibot estatubatuarra, 2,08 metroko garaierarekin saskibaloiak ofizialki emandako mundu mailako aurreneko izarra, bere betaurreko lodi eta guzti. Alegia, jokalari beltzez osaturiko talde bat jokalari zuriz osaturiko talde baten aurka, buruz buruko norgehiagokan.

Bat eta bi baino gehiago asaldatu ziren halakorik nola zitekeen posible esanez, baina partida jokatu, jokatu zen, eta Chicago Stadiumean 18.000 zale bildu ei ziren, dela jakin-mina, dela morboa, dela zapaldutako arraza baten aldeko aldarria egin nahia... Arrazoia dena delakoa izanda ere, neurketa hura jokatu egin zen, eta txorakeriak eta txantxak bazterrean utzi behar izan zituzten batzuek eta besteek, oso lehiatua izan baitzen. Minneapolis Lakersek hartu zuen partida menpean hasiera batean. George Mikan bere garairako erraldoia izateaz gain, uztaipean jokaldiak ezkerrez zein eskuinez amaitzeko fina zen –gaur egun ere jokalari guztiek ezin dezakete halakorik esan, profesionalak izanda ere–.

Egoera ikusita, atsedenaldian estrategia aldatu behar izan zuten New Yorkekoek: Mikan izarrari «bi baten kontrako» defentsa egitea deliberatu zuten eta erasoan, aldiz, abiadura eta kontraerasoa baliatu zuten atzetik aurrera egin eta neurketa azken segundoetara 59-59 berdinduta iristeko. Ermer Robinson izan zen neurketa hartako heroia. Denbora agortzeaz zela berari iritsi zitzaion baloia, eta, garaiko kronikek diotenez saskitik bederatzi metro ingurura egonagatik, neurketa HGTren alde irauliko zuen saskiratzea sartzea lortu zuen. Garai hartan hirukorik ez zen oraindik saskibaloian –Ameriketako Estatu Batuetako ABA Ligak XX. mendeko 70eko hamarkadan ezarri zuen eta, gerora, bere eredua NBAk lehenengo eta FIBAk ostean jarraitu zuten–, baina bi puntu horiek nahikoak izan ziren beltzen taldeak itxura batean «munduko talderik onena» zena menderatzeko.

Hori baino gehiago lortu zuen lagunarteko partida hark. Izan ere, 1950ean, HGTko kide izandako Chuck Cooper izan zen NBAko draftean aukeratutako aurreneko jokalari beltza. Boston Celticsek hautatu zuen. Hori bai, Nat Sweetwater Clifton, Lakersen aurkako garaipen hartan parte hartu zuen jokalarietako bat, izan zen NBAko talde batekin –New York Knicks taldearekin, kasu honetan– kontratua sinatu zuen aurreneko jokalari beltza.

Muga guztien gainetik

Gonzalo Vazquez kazetari bilbotarrak eta AEBetako saskibaloian aditu den Maximo Jose Tobias cadiztarrak 2012. urtean ‘Invasión o Victoria. Extranjeros en la NBA’ liburua argitaratu zuten –Ediciones JC argitaletxeko ‘Baloncesto para leer’ bildumaren barruan–. Bertan, Vazquezek NBAren hastapenetan bertan jokatzera iritsi ziren hainbatek gainditu behar izan zuten ‘atzerritartasun hirukoitza’ azpimarratzen du: etnia, erlijioa eta arraza. Are, behin oztopo horiek atzean lagata, beste hainbatek politikan oinarritutako ‘atzerritartasunaren’ oztopoa aurkitu zuten, AEBetatik kanpoko jokalariek oso zail izan baitzuten luzaroan NBAn tokia egitea. Nahiz eta NBAko jokalari mitoko hainbaten arbasoak AEBetatik kanpokoak izan –Red Auerbach judua, George Mikan kroaziarra, John Havlicek txekiarra edo Pistol Pete Maravich serbiarra besteak beste–, izugarri zaila zen atzerrian jaiotako jokalarientzat NBAra heltzea.

Esate baterako, Dragan Dalipagic eta Kresimir Cosic jugoslaviarrek aukera izan zuten 70eko hamarkadan NBAn jokatzeko, baina azkenean atzera egin zuten Tito mariskalaren pean zeuden bi jokalariek –nahiz eta atzerrian ibiltzeko arazorik izan ez; Cosic, adibidez, AEBetako Brigham Young Unibertsitatean aritu zen–. Oscar Daniel Bezerra Schmidt brasildarrak ere –Mäo Santa» mitikoak– New Jersey Netsen eskaintza izan zuen, baina ez zuen onartu. Batetik, garai hartan ezingo zukeen Brasilgo selekzioarekin gehiago jokatu NBAra joan izan balitz –FIBA Nazioarteko Saskibaloi Federazioaren ‘A’ hark ‘amateur’ esan gura zuen– eta, hori gutxi ez, eta Italiako saskibaloi ‘amateur’ hartan diru gehiago ordaintzen zioten NBA ‘profesionalean’ baino. Harritzekoa bada ere, 1975ean, New Orleans Jazz taldeak NBAko drafteko 161. postuan Aleksander Sasha Belov sobietarra aukeratu zuen; hau da, 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan Sobietar Batasunak AEBei finalean irabazi zien hartan sobietarren garaipeneko saskiratzea lortu zuen jokalaria. Tamalez, 26 urte bete baino lehen, minbizi madarikatu batek eraman zuen Sasha Belov. Hargatik, NBAn debutatu zuen aurreneko jokalari atzerritarra Bulgariako Georgi Glouchkov izan zen, 1985/86 denboraldian.

Zer ikusi du horrek guztiak Harlem Globetrottersekin? Bada, NBAk hain zurrun izan dituen mugak, HGTk askoz malguago izan dituela munduan zehar bidaiatzeko. Behin XX. mendeko 50. hamarkadaz geroztik, lehiaketa baino ikuskizunaren alde egitea deliberatu zuen New Yorkeko taldeak, ia beti Washington Generals taldea sparring moduan hartuta –2015ean teloia jaitsi zuten arte–. Gero eta indar handiagoa hartzen ari zen NBAn lehiatzeko gai izan zitekeen, baina showa zabaltzea erabaki zuen Harlemgo taldeak, eta mugarik gabeko mundu bat aurkitu zuen bere zain. Eta bere zain ez bazegoen ere, ez zion aterik itxi behintzat, nahiz eta Gerra Hotzaren sasoia izan: Koreako Gerra (1950-53) eta ondorengoak alde batetik eta Joseph McCarthy eta Richard Nixonek bultzaturiko ‘Sorgin Ehiza’, bestetik. Hala, Bigarren Mundu Gerraren ostean, 1950ean Berlin zapaldu zuen aurrenekoz HGTk. 1936an Adolf Hitler berberaren nahiak zapuztu zituen Jesse Owens atleta beltzak –Owens berak geroago aitortuko zuen bere herrialdean Alemanian baino tratu eskasagoa jasan behar izan zuela– lau urrezko domina erdietsitako estadio olinpikoa leporaino bete zen Harlem Globetrotters taldea ikusteko: 75.000 lagun, alajaina!

Meadowlark Lemon.

Dena den, 1959. urtea are eta zirraragarriagoa izan zen HGTren ‘enbaxadore’ lanetan. Zortzi urte jo eta su lanean aritu eta gero, Saperstein entrenatzaileak azkenean lortu zuen HGT taldeko beltzek Moskun lur hartzea. «Ez zuten, nonbait, beltzik sekula santan ikusi eta ez zekiten gure kolorea kendu ote zitekeen ere!», adierazi zion BBC kateari Meadowlark Lemon jokalariak. Hori bai, kontuan izan behar da Clown Player ezizenarekin egin zela ezagun Lemon eta, beraz, zalantzan ipini behar dira bere hitzak...

Egia biribila dena honakoa da: HGTren ikuskizuna hasi zenean ikusleek ez zekiten nola erreakzionatu. «Eliteko kirolariak ginen. Gure artean, esaterako, Wilt Chamberlain zegoen, gero NBAko izar handienetakoa izango zena, baina beste era batera jokatzen genuen. Baloiarekin amarruak egiten genekizkien, hatzaren puntan baloia jiraka erabiltzea bezala, edo aurkariei zein epaileei adarra jotzen genien... Jendea ez zegoen halakoak ikustera ohituta, eta hasiera batean ez zekiten ontzat, txartzat edo nola hartu egiten ari ginena», onartu zuen Meadowlark Lemonek.

Ikuskizunak aurrera egin hala, ordea, jendea zer gertatzen ari zen ohartzen hasi zen eta, ikuskizunak txundituta, beraien begientzat batere ohikoa ez zen dibertsio hura ikusita, pozez zoratzen amaitu zuten. Ikusleen artean zegoen, besteak beste, 1953an Stalin hil eta gero Sobietar Batasunaren buruzagitza hartu zuen Nikita Kruschev ere. «Ez zekien ingeles askorik, eta guk errusieraz tutik ere ez, baina keinuen bitartez eta umoreari esker ondo konpondu ginen», esan zuen Meadowlarkek. Azkenerako, Leninen Ordenako Domina ere jaso zuten HGTko kideek egindako ekarpenarengatik. «Partida bakoitza amaitzen zenean jendearekin egotera eta besarkatzera joaten ginen, eta azkenerako estimu handia hartu ziguten», azaldu zuen Meadowlark Lemon ‘jokalari pailazoak’. Orotara, bederatzi egunez jarraian izan ziren Moskun eta kantxa goitik behera bete zuten egun horietan guztietan. Arrakasta itzelezkoa izan omen zen eta garaiko egunkarietako titularrak ere bete ei zituzten, baita AEBetan ere.

Mugarik zailenak hautsi eta gero, mundu osoan barrena ibili da Harlemgo ibiltarien taldea azken hamarkadotan. Orotara 123 herrialde bisitatu dituzte eta 26.000 ikuskizun partida jokatu. Aipatu Meadowlark Lemonek, adibidez, 16.000 jokatu zituen 1954tik 1979ra bitartean. Wilt Chamberlain ez zen halako showmana... edo bai. NBAko bi eraztun irabazi zituen 1967an eta 1972an, baina 1973rako erretiroa hartu zuen, lehia baino, ikuskizuna –eta parranda, eta emakumeak– nahiago zituelako behinola 100 puntu sartu zituen 2,16 metroko erraldoi hark. NBAko izar handienetakoa izanda –Boston Celticseko Bill Russell handiak apur bat itzalitako izarra, hori bai–, aukera zuen bakoitzean HGTrekin ikuskizunen batean parte hartzen ikustea ez zen harritzekoa, 1959an eta 1960an HGTko kide izandako garaiak gogoan. 1999ko urriaren 12an zendu zen 63 urterekin The Big Dipper handia. 2000. urteko martxoaren 9an HGTk bere kamiseta, 13 zenbakiarekin, erretiratu zuen. Huraxe izan zen aurrenekoa. Marques Haynez, Meadowlark Lemon, Goose Tatum, Fred Curly Neal eta Washington General talde ‘arerioko’ kide izandako Red Klotzi ere erretiratu diete ordudanik.

Ezinbesteko beste izen propio bat Lynette Woodard jokalariarena da, 1985ean HGTko kide bihurtu baitzen aurrez AEBetako saskibaloi selekzioarekin Munduko Txapelketa eta Olinpiar Jokoetan hiru domina irabazi eta gero. Hau da, gizonezkoen talde batean jokatzen zuen aurreneko emakumezkoa izan zen Woodard. Eta ez da bakarra. Egun, 2011tik, HGTko kide dugu TNT Lister ere, 1993az geroztik taldera iritsitako aurreneko emakumea. Baina ez da bakarra bera ere; Torch George ere bertan ari baita jokatzen 2017az geroztik. Are, 2018tik Guinness errekor baten jabe ere bada: minutu batean baloiari 32 hankartetik eragin zizkion boteak bere burua zilipurdika bueltaka zerabilela.

HGTren hainbat ikuskizun karitate ekintzetarako dirua biltzeko erabili izan dira eta 11 milioi dolar (10.263.000 euro pasatxo) bildu dituzte. Bere garaian saskibaloia beltzak eta zuriak berdintzeko erabili zuen taldeak. Geroago, emakumeak eta gizonak. Eta, noski, baita mundua punta batetik bestera ere. Ez da lehia eta ezin esan galtzailerik dagoenik –nahiz eta ofizialki galdutako partida gutxi batzuek badituen HGTek 26.000 baino gehiago jokatu ostean–, irabazten zaleak ateratzea baita ideia. Saskibaloiaren ikuskizuna eman eta zabaltzea, alegia, mundu osoan.