Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Interview
Kike Amonarriz Gorria
Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria
gara-2022-11-11-Entrevista

«Euskaraldia ez da epikoa, oso praktikoa da»

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria da Kike Amonarriz Gorria, baita Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen bilgunekoa ere. 1961ean Tolosan jaioa, gazte-gaztetatik dabil euskalgintzan.

Euskaraldi betean harrapatu dugu, eta 2023an Topaguneak eginen duen kongresua prestatzen ere bai, lan eta lan, baina ilusionatuta. 2022a euskararen urtea izateko nahia aipatzen zuten iazko abenduan Alizia Iribarren AEKko koordinatzaileak eta Kike Amonarrizek sinatu zuten iritzi artikulu batean. «Pandemiatik gentozen. Mugimendu sozialak ahulduta zeuden, harreman sareak etenda. Ez genekien zer etorriko zen, eta Korrika leherketa ikaragarri handia eta pozgarria izan zen, arnasa eman zigun denoi».

Orain, Euskaraldiaren txanda da. Hirugarren edizioa denez, sorpresa faktorea desagertu eta «parametro normalagoetan» hasi da, baina izurritearen ondorioak oraindik nabaritzen ditugula.

Topagunearen egoitzan hartu gaitu bertako lehendakariak. Mahaian jarrita, solasaldi lasaia izan dugu, Euskaralditik abiatu eta panoramika bat osatuz. «Euskaraldia baliabide bat da sekulako potentzialitatea daukana eta berrikuntza handiarekin etorri zena», azpimarratu du. «Ez da euskararen aldeko kanpaina bat. Ez da epikoa, oso praktikoa da. Beste jarrera bat, beste abelera bat eskatzen du. Baina, hain zuzen ere, hortxe jokatzen dugu partidaren zati handi bat: zuk zeuk maila indibidualean edo erakunde edo entitate modura zer urrats zehatz egingo dituzu euskararen erabileraren alde?».

«Euskaraldiak ispilu funtzioa ere betetzen du: noraino gaude prest? Noraino ahal dezakegu? Gure kontraesanak azalarazten dizkigu. Denok bizi dugu, ustekabeko pertsona bat, beti erdaraz egin diozuna, txaparekin ikusi eta ‘glups’ sentitzea: euskaraz egin behar diot. Psikolinguistek azaldu beharko dute zergatik den batzuekin hain zaila aldaketa eta besteekin hain erraza. Erakundeekin gauza bertsua gertatzen da».

Ariketaren kualitatibotasunean sakondu nahi dute, ahalik eta hobekien egitean. Horretarako masibotasuna ezinbestekoa da. Aitzineko edizioek erakutsi dute indar metaketa handi batekin zalantzak eta zailtasunak dituen jendea puskaz errazago animatzen dela erabileran urrats bat egitera. Testuinguru abegikor horiek ikusgarri egitea ere garrantzitsua da, txapa, banderola eta kartelekin.

«Orain bi urteko Euskaraldia oso apala izan zen maila horretan, nahiz eta sekulako arrakasta izan zen egitea bera, euskararen gaia ia desagertuta zegoelako eta zentralitatera ekarri zelako. Ikusi genuen zer garrantzi duen harreman fisikoak, gertukoak, zenbat laguntzen duen euskaraz egiteak, burutik pasatu ez zaien horiek edo horretarako zailtasunak dituztenek esan dezaten: ‘Zergatik ez dugu urrats hau egiten? Euskaraldian gaude’».

Heldulekua da Euskaraldia. «Askotan ez da erraza izaten halako gaiak mahai gainean jartzea enpresa edo elkarte batean. Ematen du egoera biolentatzen edo molestatzen ari zarela. Euskaraldiak giro babestu eta eroso bat sortzen du, hizkuntz ohituretan aldaketak egin ahal izateko».

Ariguneak. Ariguneak planteatu zituzten edizioan pandemian geunden, eta entitate aunitz itxita edo funtzionamendu mugatuan zeuden. Orain egin ahal izanen da ariguneen ariketa modu errealagoan. «Zure erakundean zer egoera naturaletan egin liteke euskaraz? Partaide guztiek euskara ulertzeaz gain, bi baldintza inportante bete behar dira: arduradunek ontzat eman behar dute, eta partaide gehienek baiezkoa eman behar dute».

Asmoa da hamabost egun trinko hauetan eginen diren aldaketei ahalik eta gehien eustea. Gorantz doan zerra batekin konparatu du Amonarrizek: jendeak euskara gehiago eginen du, gero inertziarekin zertxobait galduko da, baina ahalik eta gehien mantentzen saiatu behar dugu. Eta hemendik bi urtera berriro eginen da Euskaraldia.

Ariguneak abiapuntu izan daitezke erabilera dinamika sendorik ez zegoen lekuetan. «Lehenbiziko erabakiak barrutik atera behar du, eta entitateak berak eutsi behar dio, baina Euskaraldiak bitartekoak eskaintzen ditu: aholkuak, iradokizunak, eta gero euskara elkarte eta zerbitzuen bidez entitateei kanpo laguntza emateko aukera beti egongo da».

Euskaltzaleak ohartarazi du Euskaraldia ez dela euskararen gaitz guztien edabe miragarria: helburu konkretu bat du, egun batzuetan hizkuntza ohituretan eragiteko indar erraldoi bat egiten da, baina gero ohiko jarduera eta jokaeretan txertatu behar du.

Lan jarraitu horri begira proposamen batzuk prestatzen ari dira Topagunean. Iaz ‘Haurren aurrean helduak heldu’ dinamika jarri zuten martxan, Euskaralditik Euskaraldirako tarteetan euskara elkarteek eta udalek helduleku gehiago edukitzeko, eta hori nola bideratu aztertzen ari dira.

Gobernantza eredu bat. Izugarria da euskaldunok zenbat gauza egiten ditugun. «Horretaz ohartzen gara kanpora goazenean. Oso kritikoak gara geure buruarekin, baina batzuetan perspektiba hartzea komeni zaigu. Duela hilabete, Alacanten, Alcoyn izan nintzen hitzaldi batzuk ematen, eta beraientzat interesgarriak izan daitezkeen egitasmo batzuk aurkeztu nizkien: Euskaraldia bera, Korrika, Euskarabentura, Errigora... Flipatu zuten! Sekulako indarra dugu. Eta horri babes instituzionala erantsi behar zaio».

Euskaraldiak gobernantza eredu bat ere sortu duela nabarmendu du. «Artefaktu oso konplexua da. Egin kontu Gasteizko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika saila, Nafarroako Euskarabidea, eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Elkargoa daudela. Topagunea da herri mugimendutik ardura gehien duena, baina euskalgintzako eragile asko eta asko daude inplikatuta. Elkarlan sare ikaragarri handia da, eta horrek konplexu egiten du erabakiak hartzerakoan. Asmatu dugu eta Euskaraldia zaintzeko ardura bat ere badugu denok».

Bidegurutzean gaude. ‘Euskararen bidegurutzetik’ (Elkar) liburua kaleratu zuen Amonarrizek 2019an. Dioenez, alderdi batzuetan atzera goaz eta besteetan aurrera, hortik bidegurutzearen irudia. Kale erabileraren datuak ezagutu ditugu aurten: «Hortxe mantendu dira, eta lasaitua hartu genuen, baina indar handi bat egin behar dugu aurrera egingo badugu».

Jauzi hori emateko ikuspegi sistemikoa lantzen ari dira Topagunean. «Salto bat egingo badugu, sistema bere osotasunean mugiarazi behar dugu. Euskaraldiak ere ikuspegi hori du. Denok bultzatu eta inplikatu behar dugu, gehienok behintzat».

Ezegonkortasun handia bizi dugu: pandemia, krisi ekonomikoa, gerrak, klima larrialdia... Eta horrek zalantza giro bat sortzen du, ez gurean bakarrik: «Munduko hizkuntza handi askotan planteatzen ari da kezka, batzuetan biziraupenaren inguruan, besteetan garapenaren inguruan. Islandian edota Suedian, adibidez, ingelesa hartzen ari den nagusitasunaren eraginez».

Faktore berriak agertu dira, eta euskaldunok ditugun baliabideak ditugu. Milioi bat hiztun potentzial gara, kale erabilera %10-15 inguruan kokatzen da, iniziatiba asko daude, hainbat esparrutan aurrerapausoak ematen ari dira; kontraesan horretan bizi gara. Tolosarrak aldarrikatu duenez, «hausnarketa kolektibo bat behar da hizkuntza politiketan jauzi handi bat egiteko, instituzioen, eragileen zein euskalgintzaren aldetik».

Topagunearen 2023ko kongresua. Gogoeta kolektibo horri ekarpena egitea da Topagunearen 2023ko kongresuaren xedea. «Aldaketaren teoriaren metodologia erabili nahi dugu. Teoria horrek planteatzen digu guk bakarrik ezingo dugula eta beste hainbat eragilerekin egin behar dugula. Ahots horiek ere barneratu behar ditugu, gazteak, etorri berriak, erdaldunak, sortzaileak, erakundeak, euskalgintzako beste eragileak entzun behar ditugu ikusteko zer baldintza behar ditugun jauzi hori egiteko». Duela hamabi urte egin zuten aurreko kongresua, eta aldaketa handia ekarri zien. Hari esker sortu dira hainbat ekarpen, tartean Euskaraldia. «Ikusten dugu guk geuk ere gure jauzia egin behar dugula gauzak egiteko moduan, diskurtsoan, eta beharbada baita antolatzeko moduan ere».

Kontseilua bide berean doa, eta Batuz Aldatu prozesua barrenetik bizitzen ari da Topagunea ere. Prozesu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina elkar osatu eta aberastuko dute.

Etorri berriena, gai konplexua. ‘Zubi bat euskaratik’ hitzaldi zikloa egin dute Topagunean. Bizikidetza hizkuntzetatik eraikitzeaz aritu dira zazpi hizlari herri banatan, Eskoriatzan, Gasteizen, Aretxabaletan, Soraluzen, Ibarran, Donostian eta Arrasaten.

«Etorri berrien gaia konplexua da, ez daukagu nazioartean erreferentziarik ikusteko  nola txertatzen den etorri berriekiko harreman hori hizkuntza berreskuratze prozesu batean, eta galdera asko ditugu». Kasu honetan ere iruditzen zaie harreman bideak sakondu behar direla. «Hauxe da lantzen ari garen gai guztietatik konplexuena. Iaz Topaldi bat eskaini genion, garrantzi berezia ematen diogulako, baina askotan ez dakigu nola landu eta nola harremanak egin etorri berri diren kolektibo horiekin». Auzoko programa egiten den herrietan planteatu dituzte hitzaldiak, egiten ari diren lana bistaratu eta indartzeko asmoz. Esparru hau askoz  herri gehiagotan jorratzea nahiko lukete.

Ikus-entzunezkoak. UEMAren ikus-entzunezko kontsumoaren azterketa ere aipatu dugu elkarrizketan. Honen arabera, lau ikasletik hiruk gaztelaniaz ikusi dute azkenengo telesaila. Gazteez aritzen gara usu eta normala da, eurak direlako etorkizunaren ispilu. Amonarrizek, ordea, bertze adin tarte batean jarri du arreta: «25-45 urteko tartea funtsezkoa da; hor daude guraso gazteak, entitate askotan ardura postuetan daudenak, gazteek euskaraz egin dezaten baldintzak sortuko dituztenak. Badagoelako gazteak seinalatzeko joera hori. Adibidez, kirol mundua euskaldunduko bada gazteek zeresan handia izango dute, baina pisu gehiago izango dute elkarteetako arduradun eta begirale bezala ari diren helduek. Bada datu bat: haur eta gazteek helduek baino euskara gehiago egiten dute. Orduan, bakoitzari berea».

Badira esparru batzuk batez bestekoa baino erdaldunagoak, futbola kasu, eta lan handia dago hor erabiltzen den hizkuntzak zer garrantzi duen ikusarazten. Begirale bezala dabiltzan gehientsuenek badakite euskaraz, baina inertziak eramaten ditu erdaraz egitera. Euskaraldiak heldulekua ematen die gogoetatzeko zer arigune sor dezaketen. Euskal Herriko kirol talde ugari, erdaraz funtzionatzen ari direnak, arigune izan daitezke.

Kulturan, Elkarreko Olatz Osak eta Mikel Esnalek berriki adierazi dute, inoiz baino euskal hiztun gehiago izan arren, ez garela gai kultur komunitatea handitzeko. Euskaldunen gehiengo zabalak ez du euskal kulturara jotzen, eta horren inguruan hausnarketa sendoak behar dira. Amonarrizen arabera, alde batetik gure kultur industria sendotu eta babestu behar dugu, eta erakundeek sorkuntzak babesteko neurriak areagotu behar dituzte; bestetik, jendarte bezala jarrera aktibo bat eduki behar dugu euskarazko kulturaren inguruan. Gero eta mundu globalizatuago batean gaude, eta erronkak gero eta handiagoak izanen dira.

«Ikus-entzunezkoen munduan aurrerapausoak ematekotan aliantza sendoagoak beharko ditugu; ez katalan eta galegoekin bakarrik, Europako hizkuntza ertainekin ere bai. Europa mailako politikak ere aplikatu beharko dira. Hastapenak badira, ELEN erakundea da horren adibide. Halako guneak gero eta beharrezkoagoak izango ditugu».

Euskal Herriari dagokionez, Topaguneko lehendakariaren iritziz, EiTBren ereduak duela 40 urteko egoera soziolinguistikoari erantzuten dio, eta sakoneko hausnarketa bat behar du bizi dugun uneari erantzuteko. «Euskal Herriko esparru komunikatiboa aztertzen badugu, irratiak salbuespena izan daitezke, euskararen presentzia nabarmenagoa baita horietan, baina, bai ikus-entzunezkoetan, bai idatzian, euskararen presentzia ez da iristen inondik inora beharko lukeen mailara. Sare sozialak ere hor daude, badakigu gure presentzia mugatua izango dela, baina bistakoa da gaurkoa baino handiagoa izan behar duela». Ezinbestekotzat ditu horretarako lan soziala eta instituzionala.

Maila formala eta informala. «Maila formalean gure presentzia interneten nahiko txukuna da, maila informalean daukagu hutsunerik handiena. Beste galdera ikur handi bat planteatzen digute adimen artifizialetik datozen berrikuntza teknologikoek. Hemendik hamar urte barru itzulpena beharko da edo automatikoa izango da? Hogei urte barru alemanez hitz egingo didazu eta nik euskaraz erantzun? Horrek zer eragin izango du hizkuntzekiko jarreran eta ikasketan? Hizkuntza teknologietan kokapen oso egokia daukagu». Hor dugu Elhuyar.

Duela belaunaldi batzuk euskara maila informalean erabiltzen zen, eta formalean zegoen hutsunea; orain irauli egin da egoera hori. «Gurean bezala gertatu da Katalunian. Horretan zerikusia daukate estatuetako hizkuntza politikek. Ikus-entzunezkoetan hori nabarmena da».

«Hizkuntzaren berreskurapen prozesuak, logikoa den bezala, hizkuntza formalari eman dio lehentasuna, eta kalea gelditu zaigu aski landu gabe. Horretarako kontzientzia soziala zabaltzea ezinbestekoa da». EAEko Hezkuntza Legea eztabaidagai da, eta «ikuspegi zabalagoa» behar dela defendatu du Amonarrizek: «Ez da bakarrik hizkuntza erakustea, testuinguru soziolinguistikoa ere esplikatu behar da. Esparru informala oso ahul dugunez, hezkuntzak lan handia egin dezake hor».

Euskaldun gazte gehienak, familia erdaldunekoak. Eustaten ezagutza datuen arabera, azken hamarkadan zortzi puntu igo da euskaraz dakitenen kopurua Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Kasu horretan bai espero zitekeen hobekuntza. Hezkuntzari esker datozen belaunaldi gazteak gero eta euskaldunagoak dira. Erronka oso interesgarri bat dugu: gure historian lehen aldiz euskaldun gazte gehienak familia erdaldunetatik datoz. Gehienek ez dute euskara lehen hizkuntza, ez dute inguruan asko entzuten. Jakin badakiten arren, askok ezagutza mugatua dute. Horrek esan nahi du eskola ez dela nahikoa, eta testuingurua eskaini behar zaiela ezagutza hobetzeko eta erabilera indartzeko».

%69,9k gaztelania dute lehen hizkuntza, %17,8k euskara, eta %7k biak batera.

«Nola lortu hurrengo belaunaldi horiek, ia ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi direnek, euskara gehiago erabiltzea? Hor eragitea lortzen badugu, egoera aldatu egingo da».

Horretarako arnasguneak zaindu behar dira. «Sua indartsuen dagoen lekuetatik su hori zabaltzea lortu behar dugu. Arnasguneen inguruan dauden hiriguneak ere euskalduntzen joatea ezinbestekoa da arnasguneen sua zaintzeko. Tolosa zenbat eta euskaldunago, inguruko herri txikiek errazago eutsiko diote euskarari, eta herri txiki horiei esker ere euskaldundu da Tolosa».

Arnasguneetan erabilera jaitsi egin da. «Edozein aldaketa txikik asko aldarazten ditu ehunekoak, eta mugimendu asko ari dira gertatzen. UEMA lan oso garrantzitsua egiten ari da herri euskaldunenen zaintzan, baina ikuspegi orokorra eduki behar dugu, ez daudelako bakartuta, ekosistema zabalago batean txertatuta baizik».

Euskal Herriko mapa osoa hartzen badugu, mugimendu sozialaren eta euskalgintzaren ikuspuntutik «fenomeno oso interesgarriak» gertatzen ari direla azaldu du Kike Amonarrizek. Topagunea oraintxe egituratu da Ipar Euskal Herrian, eta libertimentu eta kabalkaden inguruan herri txikietan sortzen ari diren mugimendu berritzaileen testigu izaten ari da. Gazteek bultzatutako ekimen horiek euskalgintzarentzat aire berritua ekartzen ari dira. Baionan, Angelun eta Biarritzen Mintzalasai jaio da, Euskal Herria Zuzenean jaialdia frantsesez antolatzen hasi ziren eta gaur egun euskaraz egiten dute, Molac legearen inguruko manifestazioak ere hor dira. «Bada mugimendu bat oso interesgarria bertako euskalgintza trinkotzea lortzen ari dena».

Errigora eta Agerraldia ditugu Nafarroa hegoaldean, Laba Iruñean, Ekintzen Faktoria Aiaraldean. «Euskal Herri osoan ditugu mugimendu interesgarriak hizkuntzaren aldeko kezka soziala bizirik dagoela erakusten dutenak. Pandemia igarota, euskalgintza bizirik dago; eta hurrengo urteetan indartu egingo dela uste dut», adierazi du Topaguneko lehendakariak.