Ariane Kamio
7k-ko editorea eta edukien erredakzio burua / editora de 7k y jefa de redacción de contenidos
gara-2022-11-28-Reportaje
Argazkiak: Idoia Zabaleta | FOKU

Elkar taldea: Iraganak bezainbat etorkizun

Mende erdiko bizitza bete du Elkar taldeak aurten, argitaletxeek eta liburugintzaren sektoreak bizi duten paradigma aldaketa betean. Bere estrategiaren norabidea aldatuta, egun Estatu mailako banaketa alorrean puntako enpresa da.

Etxez etxe zernahi saltzen aritu zen Joseba Jaka gazte haren eta gaur egungo Elkar Taldeak duen dimentsioaren artean alde handia dago. Berrogeita hamar urtekoa, hain zuzen. Nostalgia poetikoa, alde batean; berrikuntza eta teknologia, bigarrenean. Batak bestearekin zerikusirik ez duela esango luke norbaitek, baina bigarrena ez legoke dagoen lekuan Jaka gazte hark eta bere anaiek atez ateko lan hura egin ez balute hastapenean.

Historian atzera joatea ezinbestekoa da oraina ulertzeko. Rewind. Hirurogeiko hamarkada da gaurkoa baino hotzagoa den Euskal Herri batean. Ez soilik aldaketa klimatikoagatik, baita euskal kulturak Francoren diktadurapean bizi duen egoera lazgarriagatik ere. Batez ere horregatik, noski. Loraldi baten hasiera zen hura, ordea. Lur azpia erroak mugitzen hasten denekoa, hazia loratu aurreko une hori. Zulo bat, zoruaren azpian dagoena ernatzeko zain. Ureztatzeko ahalmena bazegoen, baina inausteko guraizeak ere zorrotzak ziren. Lehen ikastolak abian ziren jada, eta euskal sorkuntzak argitara ateratzeko indarra bazuen. Azpiegiturak behar zituzten, ordea.

Joseba Jakaren hasierako jardun hark, gaztelaniazko erlijio liburuak eta entziklopediak saltzen hasi zenekoak, garapen azkarra izan zuen. Laster batu zitzaizkion Goio eta Jon anaiak, eta Zabaltzen izena hartu zuen talde aitzindaria hezurmamitu zuten. Ikastolek testu liburuak behar zituzten, baina apenas zegoen euskarazko argitalpenik. Gordailu taldearekin egin zuten akordioari esker, euskarazko lehen testuak argitaratu ziren, Jaka anaien mezenasgoari esker. Milioi eta erdiko ekarpena egin zuten proiektua gauzatzeko, eta gaur egunera arte iraun duen filosofia oinarrian jarri zen: soldata bat langile bakoitzarentzat, bizitzeko, eta irabaziak berrinbertitu euskara eta euskal kultura sustatzeko.

Ipar Euskal Herrian ere bazen mugimendurik. Bi proiektu abiatu ziren Baionan: Elkar argitaletxea eta Zabal liburu denda eta banaketa. 1972a da. Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria (ELKAR S.A.R.L.) sortu dute hogei gaztek: Gexan Alfaro, Martxelin Arbelbide, Pantxoa Carrere, Patxika Erramuzpe, Mixel Etxeberri, Bernard Gayon, Jean Iriart, Maialen Hiriart, Jakelin Idiart, Joana Idiart, Maialen Ithurbide, Daniel Landart, Cristiane Lapique, Battitta Larzabal, Raymond Laskibar, Jean-Louis Maitia, Argitxu Noblia, Peio Ospital, Manex Pagola eta Arrosa Ruiz Ceberio. Eta bi urte geroago, 1974an, Hego Euskal Herriko beste hogei kide batuko zaizkie: Jokin Apalategi, Joxe Martin Apalategi, Koldo Aristegi, Amaia Aseginolaza, Joxe Azurmendi, Maria Pilar Garmendia, Maite Idirin, Eusebio Iriarte, Mari Jose Irizar, Paulo Iztueta, Goio, Jon, Joseba eta Xanti Jaka anaiak, Jesus Mari Larrazabal, Joxe Manuel Odriozola, Joxemari Sors, Juan Mari Torrealdai, Juan Jose Uranga eta Mikel Urteaga. Bazkide berriek hasierakoek adinako ekarpena egingo dute. Esan daiteke une horretatik aurrera abiatzen dela argitaletxearen zabalkundea.

Dendaren bultzatzaileak izan ziren Jaka anaien argazkia . Argazkia: Elkar Fundazioa

1976an Joseba Jakak, bere anaiekin, Bilintx liburu denda zabaldu zuen Donostian, eta ordurako martxan zuten Zabaltzen komertzial banaketa ere Gipuzkoako hiriburuan kokatu zuten. Bilintx hartara laster batuko zaizkie Jose Inazio Lizarraga, Iñaki Sors eta Joxemari Sors. Eta urtebete geroago, 1977an, Elkar argitaletxea egitura juridiko propioarekin egituratu zen Donostian. Handik aurrera, bi egoitza izango ditu, Donostiakoa eta Baionakoa. Egitasmo integrala izango da, argitaletxea, liburu denda eta banaketa zerbitzuak bateratuz.

Hurrengo hamarkadak, 80 eta 90ekoak, hedapenekoak izan ziren. Hor gertatu zen liburu denda kateen hedapena, banaketan Zabaltzenen profesionalizazioa, argitalpenean haur, gazte eta helduei zuzendutako funtsen ekoizpena. Hazkunde handiko bi hamarkada izan ziren, eta eraikitzera bideratu zituzten ahaleginak: kultura eta azpiegiturak eraikitzera.

Mende berriarekin, Estatu mailako zabalpena iritsi zen, bi markapean. Madilen ACL (Almacen Central del Libro) eta Katalunian MCL (Magacin Central del Llibre) erosi zituen Elkarrek, bere lehen urratsak Estatuan. Modu autonomoan funtzionatu izan zuten urteetan enpresa horiek biek. Baina liburugintzaren eta salmentaren formulazioak bere paradigmak aldatu zituen digitalizazioarekin batera, eta horrek molde zaharrak hautsi eta berriak sortzera eraman du azken urteetan Elkar taldea.

1976an zabaldu zen Donostiako Bilintx liburu denda eta garai hartakoa da irudia. Argazkia: Elkar Fundazioa

Paradigmak agintzen du

Ostegun goiza da. Elkarrek Adunan dituen instalazioetan, Mikel Esnal zuzendari kudeatzailearekin da hitzordua. Kamerari bi, kazetaria eta bera buru, instalazioetan barna paseoan garamatza, azalpen zehatzekin lagundutako bisita gidatuan. Jende andana ari da liburuz betetako korridoreetan lanean. Aleak hartzen eta garraiatzen, batetik bestera. Erabat automatizatutako gunea da Adunako ‘etxe’ berria. Estatu osoko bezeroen eskaerak zentralizatzen dira bertan, eta helburua argia da: eguerdiko 14.00ak arte jasotzen diren bezeroen eskaerek 24 ordutan beren helmugan egon behar dute. Zerbitzu azkarra ematea giltzarria da Esnalen aburuz, horrek eraman baitu Elkar taldea Estatuko banatzaileen alorrean lehen lerroan egotera.

Baina zerk eraman du taldea norabide aldaketa horretara? Digitalizazioa izan da beraien –eta beste askoren– Damoklesen ezpata. Musikaren alorrean bizi izan zen aldaketarik handiena, «oso azkarra eta bortitza». «Urte gutxitan ikusi genuen merkatuaren klabeak eta merkatuaren joko arauak erabat aldatzen zirela, merkatua desagertzeraino. Gero merkatua beste modu batera egituratu da, zerikusirik ez daukana garai hartako dimentsioarekin», aipatu du. Liburuekin aldaketa bestelakoa izan bada ere, digitalizazioak eragina izan du batez ere eduki pedagogikoetan eta bere euskarrietan. «Digitalizazioak lehiakide berriak ere ekarri ditu, ez bakarrik komertzializazioan; azkenean, ikus-entzunezko plataformek ere irakurketa orduak lapurtzen dituzte. Elementu eta aldagai ugariak dira bat egiten dutenak, nolabait, eta sektorea jartzen dutenak beste erronka baten aurrean eta beste etorkizun baten aurrean», gaineratu du.

Azken urteetan liburugintzaren alorrean «birmoldaketa» prozesu isil bat bizi izan dela ohartarazi du Esnalek. Argitaletxe handiak txikiak erosiz, kontzentrazio posizio bateranzko joera hartu izan dute. Eta banaketa enpresetan ere antzeko paradigma errepikatu da. «Urte askotan oso atomizatua egon den sektore bat izan da, enpresa txikiak, periferikoak, esparru oso zehatzetan lan egiten zutenak, liburu esparru mugatua lantzen zutenak, zailtasun handiekin ikusi dute haien burua egoera gainditzeko, bai teknologia berriez hornitzeko, bai web erremintak izateko. Hor prozesu bat gertatzen ari da, guk aurreikusi genuena; eta apustu estrategiko bat egin genuen, aldaketarako».

‘Hil ala bizi’ liburuaren azala. Hura izan zen Elkar taldeak argitaratu zuen lehena. Argazkia: Elkar Fundazioa

Zentralizazioa, gakoa

Jarduna etengabea da Adunako egoitzan. 400 langiletik gora, 24 orduz hiru txandatan lanean. Milaka liburu biltegian, Estatu osoko bezeroen eskaeretara bideratu zain. Dena da automatikoa, dena robotizatua. Sistema informatiko baten bidez zentralizatzen dira sarrera eta irteera guztiak, eta silo garaietan biltzen da liburuen stocka. Hogei bat metroko luzera duten dorre altuetan biltzen da materiala, eta sistema informatikoaren bidez egiten diren eskaerak etengabean lanean dagoen garabi automatiko batek bideratzen ditu.

Baina horra iristeko, Estatuan zituzten enpresen jarduna zentralizatzea izan da gakoa. Indarrak metatzea ezinbesteko baldintza izan da zerbitzu azkar eta eraginkor bat bermatu ahal izateko. Madrilen eta Bartzelonan zituzten egiturez gain, Elkar taldeak enpresa gehiago absorbitu ditu Estatuan. Valentzian eta Andaluzian, esaterako. «Kudeaketa txukuna zuten denek. Hazkunde bat ematen ari zen ere, eta, nolabait horiek palanka gisa erabilita, aipatu dizudan atomizazio prozesu horretan enpresa batzuk identifikatu genituen, belaunaldi erreleborik gabeak, euren ibilbide profesionala amaitutzat emandakoak; eta enpresa haien jabeek ere kontzientzia osoa zeukaten etorkizuna aldatzera zihoala, eta eurek ez zutela gaitasunik etorkizun horri aurre egiteko. Gehienetan, gure atea jotzera etorri ziren». Valentziako enpresak 1.700 bezero zituen, 25 langile eta 18 milioiko fakturazioa egiten zuen. «Azken operazioa Andaluzian izan zen. Guk Andaluzian sarbide pobrea genuen, eta hango enpresa bat gureganatu genuen. Eta horrela egituratu genuen Estatu osoan daukagun azpiegitura hau. Izan dituenak zentro logistikoak azken urte hauek arte, pixkanaka zentralizatzen joan garenak. Andaluzian zentro logistikoa itxi genuen, Murtzian ere bai, Madrilen ere iaz itxi genuen; eta orain tokatzen zaigun azkena Valentziakoa da», azaldu du Esnalek.

Adunako egoitzaren kanpoaldea. Argazkia: Idoia Zabaleta | FOKU

Elkarrek orain arte zeukan egoitza nagusia Donostiako Portuetxe auzoan zegoen. Baina Estatu osoan banaketaren lehen lerroan egoteko azpiegitura handiago bat eta teknologizatuago bat behar zuten, banaketa modu zentralizatuan eta, hartara, eraginkorrean egin ahal izateko. Gureak taldearekin batera Usurbilgo orube bat erosi eta proiektu partekatu bat garatzea izan zen lehenengo asmoa. Michelin lantegiaren jabetzako orubea erosi eta dena zerotik hasita eraiki behar zen, ordea. «Proiektu hori zerotik abiatzen zen, dena egin beharra zegoen. Eta horrek  jartzen gintuen, data azkarrena bezala, han operatibo egoteko 2025ean, dena ondo joanez gero, noski. Bitarte horretan gure zentralizazio proiektua ezin garaturik genbiltzan. Gaur egun azkartasunak garrantzia handia dauka, eta ahalik azkarren egon nahi genuen hor, lehiakortasun gaitasun handiagoekin. Merkatuko posizioa ere hobea izango zen».

Mikel Esnal, Elkar taldeko zuzendari kudeatzailea. Argazkia: Idoia Zabaleta | FOKU

Tartean, pandemia ailegatu zen. Eta zalantzak iritsi ziren. Eta Elkarrek atzera egin zuen. Eta atzera egite horretan topatu zuten Adunako egoitza hau, garai batean Unipapel enpresa zegoen eraikin huraxe. «Papera biltegiratzen zen hemen, eta erabat aproposa zen guretzat. Beste inbertsio kopuru bat zen, erabat desberdina Usurbilgoarekin alderatuta. Epeak ere oso desberdinak ziren. Guk erosketa operazioa burutu genuenetik hemen egokitzapen inbertsioak egin eta migrazioa egin bitartean, urtebeteko epea igaro zen. Horrek posible egin zuen gure ibilbide estrategiko honi abioa ematea eta zentralizazioa gauzatzea». Nolanahi dela, Adunan egindako inbertsioa ere ez da makurra izan. Datu gutxi batzuk ematearren: 12 milioiko inbertsioa egin du Elkarrek 30.0000 metro koadroko orubea erosteko eta egokitzeko. 215 lagunek lan egiten dute bertan, baina orotara 400dik gora dira Elkarren enplegatuta dauden pertsonak. Bi milioi liburu dauzkate biltegiratuta, eta beste milioi erdi ale papertegi eta jokoetan. Urtean, 9-10 milioi ale inguru zerbitzatzen dira hemendik Estatu espainiar osora. Nola itzultzen da hori zifra ekonomikoetara? 2021eko datuen arabera, Elkar taldeak 110.375.000 milioi fakturatu zituen orotara, gehiena banaketatik datorrena, proportzio handian.

Elkarrek egitura juridikoa aldatu zuen 1996an, fundazio bilakatu zen. Hala dio taldeak bere sortze agirian: «Euskal kultura herentzia bezainbat da eginkizun, iragana bezainbat etorkizun, eskubide bezainbat erantzukizun». 50 urteko ibilbide oparo bezain gorabeheratsua bete du taldeak, eta garai likidootan erronka berri baten aurrean dago, euskal kulturaren ontzia nola berriz porturatu eginkizun nagusia izanik.

Erabat automatizatua dago Elkarren barneko sarea. Horrek lanak optimizatzen lagundu eta azkartasuna bermatzen du. Argazkia: Idoia Zabaleta | FOKU