Usurbil, herritik eraikitako zaintza ekosistema
Gure jendartearen erronka handietako bat da zaintza, eta bere aletxoa jartzen ari da Usurbilgo herria. Parte-hartze prozesu zabal baten bidez, zaintza ekosistema bat irudikatu dute. Hor kokatzen dira Txirikorda eta Egurtzegi ekipamendu aitzindariak.
2022ko azaroan Zaintza Azoka antolatu zuen Usurbilgo herriak, 2020tik elkarlanean eraikitzen ari diren zaintza ekosistema plazaratzeko. Partaidetza izugarria izaten ari da, jendea aunitz mintzatzen ari da, lehenengo planotik beti. Agurtzane Solabarrieta EH Bilduko alkateak dioen bezala, Usurbilen eta Usurbildik ari dira, eta haientzat pozgarria da eredu izatea. Interes handiko gaia da, izan ere, zaintza eredu berriarena, eta hainbat tokitatik etorri dira lagunak 6.400 biztanleko herri honetara.
Batzuek beldurra diote helduaroari, tristea iruditzen zaie. Usurbilen ikusi dutenez, proiektu bat behar da, hori badaukazu, bizirik zaudelako da. Merezi du hausnartzea, parte hartzea, zuretzat eta inguruarentzat. Prebentziotik lan egitea ere interesgarria da, krisialditik edo larrialditik beharrean.
Belaunaldien arteko harremanak josten eta komunitatea indartzen ari dira. Jendea emozionatu egin da, eman nahi du, eta aunitz eman dezake, erakunde publikoei ardurarik kendu gabe.
«Eskua eman diguzue, eta esku hori hartu egin behar da. Zoragarriak zarete», hunkitu zen azokan pertsona nagusi bat. Udalak, «aurrera egiteko ilusio eta indar dosi inportantea» jaso zuen. Eta behar du; «eredu oso bat eraldatu nahi duen prozesu bat» baitu martxan Matia Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.
«Pandemia aurretik parte-hartze prozesu zabal bat hasi genuen, pertsonak erdian jarriko dituen ereduaren jirabiran ekosistema bat diseinatu eta martxan jartzeko. Orain, bide-orri oso bat dugu».
ETXEAN BEZALA
Zaintza behar duten lagun gehienek etxean bizitzen jarraitu nahi dutela jakinda, galdera batzuk egin zizkioten proiektuaren bultzatzaileek beren buruari: nola beteko ditugu beren nahiak? Zer egin dezakegu etxean bizi ezin direnak etxean bezala senti daitezen?
Erakundeek, hirugarren sektoreak eta komunitateak elkarrekin bilatu dituzte erantzunak. Udalak zaintzarako azpikontratatuak dituen enpresek parte hartu dute, eta baita zaintzan ari diren profesionalek, etxeetan ari diren langileek, senide zaintzaileek, zaintza behar duten herrikideek, komunitateak eta mugimendu feministak ere. Osakidetzarekin eskuz esku aritzea ere lortu dute. Hilabetero biltzen dira medikuekin, pertsonen nahiez eta beharrez mintzatzeko.
Lehen fasean, talde eragile bat osatu, eta zaintza ekosistema bat irudikatu zuten. Pertsona bakoitzaren erabakiei erantzutea, bizi proiektuetan hausturarik ez eragitea eta guztien duintasuna bermatzea, horiek dira ekosistemaren gako batzuk.
Gaur egun, zaintza hagitz zatituta dago, eta usurbildarrek ikuspegi osotik begiratu diote hasieratik, aukera guztiak bildu eta pertsona bakoitzarentzat zaintza plan bat eratzeko erronkarekin. Berrantolaketa handi bat jarri dute martxan, zerbitzuak modu koordinatuan emateko.
DOKUMENTAL BAT
Ibilbidearen bigarren etapan, bost langune eratu dituzte. Bat, zerbitzu, enpresa eta langileekin; bertzea, udaleko zaintza zerbitzuekin; hirugarrena, zaintza behar duten pertsonekin, eta laugarrena, herritarrekin. Horrez gain, talde estrategiko batek koordinatu ditu horiek guztiak. Orotara, 130 lagunek parte hartu dute prozesuan.
Zaintzan ari diren emakume migratzaileekin eskuz esku ari dira. Haiei zuzendutako formazio bat landu dute, zaintzen duten pertsonak zaintzeko eta ahalduntzeko asmoarekin. 17 langilek titulu bat jaso dute, eta horrek bertzelako enpleguetarako aukerak irekiko dizkie.
Eraldaketa sustraitzeko eta asmatzen ari diren ala ez jakiteko, inportantea da ebaluatzea, klabe ekonomikoetatik harago. Dokumental bat grabatzen ari dira, zaintzak zer-nolako eboluzioa izan duen jasoko duena. Aitzindaria da hori ere.
Zaintzen duen herri bat izateko helburuarekin, arlo ugaritan ari dira lanean. Jaietan, adibidez, zaintza behar dutenek bestak nola bizi nahiko lituzketen kontuan hartu dute. Udazkenean, merkataritza zaintzailea programa abiatu nahi dute, eta heldu den urtean, auzo zaintza.
TXIRIKORDA
Usurbilgo Udalak sustatutako belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen izena da Txirikorda. Zortzi etxebizitza emantzipatzeko adinean daudenentzat dira, eta bertze zortzi, 65 urtetik goitikoentzat. Apartamentu pribatuak eta gune kolektiboak daude. Eraikina prest dago, eta urtea amaitu aurretik bizitzen jartzea nahiko lukete.
«Oso pozik gaude izan duen erantzunarekin. Beraiek ari dira prozesua egiten, elkar ezagutzen eta kohesionatzen», kontatu du herriko alkateak.
«Han eta hemen hitzaldiak ematen ibili naiz, eta zenbat jende geratzen den txundituta nago. Euskal Herrian badira han eta hemen mugimenduak, zahartzaroa ulertzeko modua aldatu delako, komunitatean bizi nahi dutelako». Usurbilen badaude sare informalak. «Gure herria, zentzu horretan, herri zaintzaile bat izan da. Guk instituzionalizatu egin nahi dugu, zentzu baikorrean, herri balore horrek irauteko eta sare afektiborik ez duten pertsonengana iristeko».
Ausardia behar da Txirikorda bultzatzeko, berritzailea delako. «Funtzionatzen badu, eredu izan daiteke. Alde batetik, etxebizitzaren arazo larriari erantzuten dio. Bost urterako etxebizitzak dira, oso merkeak merkatuaren aldean. Bestalde, gazteak eta helduak elkarrekin bizitzeak balio erantsia du, zaintzaren ikuspegia sartzen dugu eta beste erronka sozial handi bati, bakardadeari, erantzuten diogu».
Gaur egun, pertsonek zer-nolako mendekotasuna duten ebaluatu, eta horren arabera aktibatzen da zaintza. «Guk buelta eman diogu horri. Txirikordara doazen batzuek mendekotasuna izan dezakete; besteek ez. Zaintza prebenitzen ari gara, ikuspegi sozialago eta humanoago batetik ulertuz».
Zaintza eraldatzeko herri prozesu handi honetan parte hartu dutenen gehiengo handi bat emakumeak izan dira, helduak, gainera. Alarma gorria piztu die horrek. «Zaintzaren zama emakumeongan erortzen da, are bortitzago emakume migratzaileengan. Zaintzari bestelako balore politiko bat ematea da gure asmoa, bestela ez duelako bestelako balore ekonomiko bat hartuko. Erantzukidetasuna landu nahi dugu».
Hernanin, Errenterian, Zestoan zein Azpeitian, lanean ari dira Gipuzkoan. Gaia agenda politiko eta instituzionalean dago. Agurtzane Solabarrietaren arabera, xedea argia da: «Herriz herri ekosistemak eraikitzea. Eta eraldaketa tokikotik etorriko bada, udalak baliabidez hornitu behar dira».
EGURTZEGI
Interes handiz begiratzen dio jendeak Egurtzegiri ere; espainiar Estatu osoan ez du parekorik, gaur egungo erresidentzia eredua aldatu duen proiektu bat da. Plaza guztiak Aldundiarekin itunduak daude. Fraisoroko egoitza zuen Zizurkilen Matiak, eraldaketa prozesuan daude, eta hango jendea Egurtzegira ekarri dute obrak egin ahal izateko. Usurbilen orain arte ez dute erresidentziarik izan eta kanpoan dauden usurbildarrei etortzeko aukera eman diete.
Errepidetik ezagutu dugu egur, harri eta leiho zabaleko eraikin moderno, goxo eta argitsua. «Hau izanen da», pentsatu dugu, Kalezar auzora hurbildu ahala. Bertan aparkatu dugu, eroso eta lasai, oinezkoek lehentasuna duten kaleetatik igarota. Atarian, gizon bat ari da pipatzen, plazerez, etxeko zapatiletan. Bilobaren besotik paseatzera atera da emakume bat. Txiki-txikia da bera; mutila, berriz, handia. Bertze bi lagun terrazatik plazara so daude. Ikaragarri maite dute balkoia, eta han jartzen dira beti.
Girotxoa dago. Plazan, gustura mintzatzeko moduan paratuta daude eserlekuak. «Altxatuko da, ez da altxatuko...», zalantza egin dugu gizon bati begira. Altxatu da. Ahal duten heinean gauzak eurei egiten uztea garrantzitsua dela uste dute zaintzaileek.
Zaintzadun etxebizitza hauek herrian bertan daude. Haur parke bat eta eskola bat dituzte parean. Zazpikaren bisitaren unean, isilik daude biak, bizitza oihukatzeko zain.
Egurtzegin ere bizitza sentitzen da, zentzumen guztiekin, bertako biztanleen osasuna kaltetuta egon arren. Hain zuzen, helburua bizi proiektuari eustea da, ahalik eta autonomia handienarekin. Etxean bizi ezin badute, etxean bezala bizi daitezela.
GIRO GOXOA
Txirrina jota sartu gara, senide edo lagun baten etxera goazenean bezala. Bebarrua gutako edozeinena izan zitekeen. Sarrera bertan bizi direnek ekarritako gauzez apainduta dago: antzinako aulki dotore batzuk, pitxer bat, lera bat... Tximiniek giro goxoa sortzen dute. Usaina ere halakoxea da.
Lau gune daude dependentzia duten lagunentzat; bi, profil psikogeriatrikoa dutenentzat; eta bertze bat, aniztasun funtzionala dutenentzat. Bakoitzean 15-20 lagun bizi dira. Eguneko zentro bat ere bada.
Joan den uztailaren 17an ireki zuten Egurtzegi, eta Fraisorotik mudantza egin zuten 84 lagunek. Geroztik, jende berria etortzen ari da, etxetik edo ospitaletik. Jaione Artieda zuzendariak azaldu digunez, 2017 inguruan hasi ziren etxebizitzak nola egin pentsatzen, eta zerotik eraiki dituzte, pertsona oinarri eta ardatz hartuta.
Bakoitzak bere etxebizitza txikia du, lehenagoko gela litzatekeena. «Espazio pribatua handiagoa da. Erabat hornitutako komuna eta 1,10 metroko ohea ditu, etxekoa bezalakoa, baina funtzionalitate guztiekin. Armairua, mesanotxea eta sukalde txiki bat ere baditu. Arropa eta nahi dituzten objektuak eraman ditzakete, eroso sentitzeko». Hagitz logela politak ikusi ditugu, pertsonalizatuak: argazkiekin, panpinekin, loreekin...
Egongela, jantokia, terraza, plaza... hainbat espazio partekatzen dituzte, eta norberak erabakitzen du non egon. Giltza eska dezakete nahi dutenean sartu eta ateratzeko, eta bisitak irekiak dira. Senide eta lagunek nahi dutenean bazkal dezakete bertan. Matiaren ohiko filosofia da, baina etxeen diseinuak malgutasun hori errazten du. Kafetegia eta ile-apaindegia ere irekiko dituzte aurki, ez egoiliarrentzat bakarrik, baizik eta etorri nahi duten guztientzat.
MALGUTASUNA
Zuzendariaren hitzetan, garrantzitsuena pertsona ezagutzea da, berak eta familiak erraten dutena adituz: zer gustatzen zaion, zer lanbide eta ohitura izan dituen... «Gauza positiboei, egin ditzaketenei heldu, eta hortik tiratu behar dugu. Galdera errazak eginda ederki erantzungo digute».
Hasieran tokiak inpresio handia egin zion jendeari. Egoiliarrak, senideak eta langileak, denak emozionatu eta urduritu dira. «Bizileku eroso eta duinak izan behar dituzte. Giza eskubidea da hori ere», aldarrikatu du Jaione Artiedak.
Ordutegietan eta ekintzetan ahalik eta malguenak izaten saiatzen dira. Jaiki, prestatu eta 9.30ak aldera gosaltzen dute. Unitate bakoitzak bere sukalde propioa du, eta bertan kafea, ogi txigortua, zukua... nahi dutena aukeratu eta, ahal badute, prestatu ere egin dezakete. Gero, batzuk gelara joaten dira, bertzeak terrazara edo paseatzera, baliteke ekintzaren bat egitea… 13.00ak inguruan bazkaldu, atseden hartu, eta afaria bitarte libre izaten dute.
115 langile ari dira, gehienak laguntzaileak. Erizainak, medikuak, psikologoak, gizarte langileak, monitoreak, fisioterapeutak, sukaldariak, garbitzaileak, mantenukoak eta zuzendaria daude. «Gure arteko koordinazioa eta komunikazioa oso garrantzitsuak dira. Denak gara lankide, denak ari gara egoiliarrentzat», erran du zuzendariak.
UNITATE BEREZI BAT
Aniztasun funtzionala dutenen unitatea beheko solairuan kokatzen da. Pasa den abuztuaren 24an jarri zuten martxan, eta oraindik janzten ari dira. Txoko bat dute hutsik eta eurek beteko dute nahi dutenarekin. Bakoitzak zein etxebizitzatan bizi nahi duen hautatu du dagoeneko. Jaione Artiedak lehen aldia du haiekin lanean eta konbentzituta dago aunitz ikasiko duela. «Beste profil, behar eta desio batzuk dituzte. Gazteagoak dira, 65 urtetik beherakoak. Gu biok bezain berdinak eta ezberdinak dira. Herrian gehiago parte hartuko dute. Arratsalde batean, taberna batean zuzeneko musika jarri zuten eta han izan ziren. Beraiek eskatu dute lehenago afaltzea. Zergatik ez? Ezin ditugu epaitu; babestea eta laguntzea dagokigu».
Pelikula bat ikusten harrapatu ditugu, etxea jaso ondotik. Harraska igo eta jaitsi egiten da. Domotika aunitz dago. Jangelan, hiru mahai daude elkarren ondoan paratuta, haiek erabaki dute horrela bazkaltzea. Bisitatu ditugunean, zazpi dira, eta bertze hiru batuko zaizkie laster.
HURBILTASUNA ESTIMATZEN DUTE
Bertze unitate batean, lehendabiziko pisuan, Pilar eta Maite gustura daude bistak ikusiz. Lagunak dira, Fraisoron elkarrekin zeuden, eta hemen ere etxea partekatzea erabaki dute. Pilarrek Donostian semea bisitatzen izan dela kontatu digu. Hagitz goxoa da. Ongi ematen diote jertse arrosak eta zapi koloretsuak. Aukera dute nahi dutena janzteko, eta hori ere hagitz garrantzitsua dela dio zuzendariak.
Bertze mahai batean, Antonio kartetan ari da ilobarekin, punttuan. Jenio biziagoa du Antoniok, baina haserreak ez dirudi benetakoa, irri bihurri batek ihes egiten baitio. «Ez du irten nahi, bere txokoa egin du hemen», azaldu du ilobak, osaba jokoan kontzentratuta dagoela. Hagitz elizkoia da. Fraisorotik dator, jende gehiena ezagutzen du, eta hurbiltasun hori inportantea da berarentzat. Aitortu du galdu egiten dela oraindik Egurtzegin.
‘Frozen’-ez jantzitako haurrekin ikusi dugu bertze lagun bat. Lasaitasuna dago hemen eta pila bat eskertzen dute hori biztanleek... baita etxerako lanak aitatxi-amatxiekin egiten dituzten bilobek ere.
«Zaintza behar oso-oso handiak izanda ere, ekarpena egin dezakegu. Oso indartsua da hori»
2010. urtearen bueltan, Matia Institutuak erabaki estrategiko bat hartu zuen: bere zentro eta zerbitzu guztietan pertsonen bidelagun izatea. «Eginez ikasi nahi genuen. Gauzak bestela egin daitezkeela frogatu», adierazi du Erkuden Aldaz zuzendaritzako kideak. Lakuarekin sinatutako hitzarmenak aitzinera egiteko bultzada eman zien.
Duela urte batzuk zaintza ekosistemetara egin zuten salto, herri zaintzaileak sortzeko. «Gu bidelagunak gara, baina proiektua herriarena da. Gu desagertuko gara eta herriak jarraituko du», azpimarratu du. «Gakoetako bat da tokian tokiko baliabideak ongi ezagutu eta zaintza behar dutenen mesedetan jartzea. Ona izaten da indarguneetatik hastea».
Matia Pasaian, Usurbilen eta bertze herri batzuetan ariko da aurten eta datorren urtean. Pasaian hasi ziren pilotatzen, Errenterian, Urretxun eta Arrasaten ere probatu zuten, eta gero, Usurbil etorri zen proposamenarekin. Aldazek dioenez, ekosistemak aurrera egiteko oso garrantzitsua da arlo politiko eta teknikoan lehentasun izatea eta benetan aldatu nahi izatea.
«Prozesu honen bizkarrezurra dira gizarte laguntzaileak. Gizarte zerbitzuak indartzea eskatzen du horrek. Gure papera ez da bakarrik laguntzak kudeatzea, herria oso eragile garrantzitsu bilakatzen da. Lehen, mendekotasun graduaren arabera, zerbitzu-zorrotik eguneko zentroa edo teleasistentzia egokitzen genion pertsona bati. Hori beharrezkoa izan daiteke, baina ez du kontuan hartzen ongi egoteko behar duen guztia. Komunitatean parte hartu behar du, agian. Beretzat esanguratsuak diren ekintzak egiten jarraitu. Pertsona bakoitza ezagutu behar dugu, eta beretzat merezi duen bizitza bat bizitzeko, orain arte kontuan hartu gabeko hainbat gauzari erreparatu. Eskubideak daude erdian, hortik definitzen da bakoitzaren bizi plana».
Ikerketen arabera, geroago iristen gara mendekotasunera, baina luzeago bizi gara egoera horretan, gehienbat emakumeak. Argi dago familiak bakarrik ezin duela zaindu, baina egon nahi izaten du.
«Zaintza eredua aldatzen hasi da, oraindik asko falta da, baina korrontea martxan dago, eta geldiezina izango da: inork ez daki norberak baino hobeki zer nahi eta behar duen. Arreta ereduak partaidetza eskatzen digu: eskubide bat da, baina benetakoa, ekarpena egiten duena, ez komunitatetik jasotzen duena. Zaintza behar oso-oso handiak izanda ere, ekarpena egin dezakegu. Oso indartsua da hori». Bada adineko ugari, maite duena jendartearen mesedetan nola jarri pentsatzen duena, badira betiko erretiro ereduak burutan dituztenak ere. Hainbat eredu daude, eta jubilazioa aukeratik ikusi behar dugu Aldazen iritziz.
Matia bere ikerketetan ondorioztatzen ari denez, pertsonek aunitz baloratzen dute beren berezitasuna ikustea, ezagutuak eta ulertuak sentitzea. Laguntza eta zaintza beharrak bizitzan aurrera egiteko dira: helburua bizitza da. Gertutasuna eta harremanak izugarri estimatzen dituzte. «Komunitatean parte hartzen dutenean, oraindik baliotsuak direla sentitzen dute, eta hori oso lotuta dago beren ongizatearekin».
Zaintzaileei dagokienez, kasu kudeaketara salto egiten dutenek benetako gizarte lana ikasten zuten momentuarekin konektatzen dute, pertsona bere osotasunean hartzeak lanarekiko asebetetze handia ematen du. «Estres puntu bat ere agertzen da. Orain arte egin dugunarekin jarraitzea errazagoa da aldatzea baino, baina ematen denean gehiago betetzen gaitu, zentzu handiagoa aurkitzen diogu lanari».
Matiako kideak erantsi duenez, kontu handiz erran behar dira gauzak. «Orain arte ahal izan dugun guztia egin dugu, ahalik eta hoberen. Beste gauza bat da aurreko arreta ereduari erantzuten ziola. Behin zer egin nahi dugun balioan jartzen dugunean, ‘zer ondo, profesionalizatu gara, ikastaroak egin ditugu’, ireki, eta kontuan hartu gabekoak identifikatzen eta horrek duen garrantzia ulertzen hasten gara».
Senitartekoek hurbilago sentitzen dituzte gizarte zerbitzuak. «Konexioa sor daiteke. Familiako kide guztiek ez dute ulertzen zergatik ez duten eurek lehen bezala erabakitzen, zergatik galdetzen diogun pertsonari. Bakoitzak bere erritmoa dauka, eta formatzea eta gaitzea oso garrantzitsua da».
Aurrera begira, ekosistema eredu honetan sinisten du Matiak, eraldaketa hemendik etor daitekeen konfiantza du. Sistema osoak aldatu behar du eta denbora behar da. Eragile pila bat dira eta ez da erraza guztiak norabide berean jarri eta hortik ekarpena egitea. Bertze erronka bat da nola orokortu prozesu hauek, nola prestatu sistema osoa etorkizunean halako eraldaketa bat emateko, nola egin jauzi proiektu pilotu batetik, Euskal Herrian zabaldu ahal izateko.