Sustrai Colina
Interview
David Fernandez
Militante politikoa
gara-2024-07-01-Entrevista
Idoia Zabaleta FOKU

«Benetan mobilizatzen nauena bizi naizen munduarekiko izu-ikara da»

Kazetari gehienek aitortuko dizute: askoz interesgarriagoa da politikari bat behin erretiratuta elkarrizketatzea, fokupean dagoenean baino. Salbuespenak ere badira, ordea. Badira politikari izan aurretik, politikari zirenean eta izan ostean interesa pizten dutenak. Horietako bat da David Fernandez.

Irribarretsu dator Iruñeko Kale Nagusian barrena David Fernandez (Bartzelona, 1974), CUP-eko Kataluniako parlamentari ohia eta orotariko mugimendu eta militantzietan zaildua. Turista kataluniar talde batek ezagutu eta argazkia eskatu dio. 2012ko maiatzean galdu zituen anonimotasuna eta pribatutasuna berreskuratu nahi lituzkeela kontatu digu, 7K-ko argazkilariari irribarre egiten dion bitartean. Baliteke irribarrea bere buruari egin izana.

Nola oroitzen duzu 2017ko urriaren 1a? Pertsonalki, gure bizitzetako zorion konpartitu handienetakoa bezala. Jende askoren bizitza aldatu zuen eguna izan zen; 2024ko hauteskundeetan gertatua gertaturik ere, atzera bueltarik gabeko inflexio puntua. Hazi baten gisa interpretatzen dut: sekulako espektatibak piztu eta ikusmirak zabaldu zituen aro bat, azken 30 urteetan Europan izan den desobedientzia zibil ekintzarik handiena, jendearen onena eta errepresioaren okerrena, elkartzeko eta automobilizatzeko gaitasuna... Egiari zor, orduko izpirituarekiko nostalgia eta mira sentitzen ditut oraindik.

Historia idazten ari zineten sentipena duzu faltan? Bai, erabat. Gogoan dut, egun hartan, militante libertario historiko batek errepikatzen zigula: «Goza ezazue bizitzen ari zaretena, hemendik landa denak okerrera egingo du eta!». Egun hura inflexio puntua izan arren, urteetako gatazkaren uberan zetorren. Ezin da Kataluniako gatazka ulertu gure belaunaldia baino atzerago jo gabe. Zergatik izan zen inflexio puntua? Estatuak oraindik askatu ez duen botoi nuklear bat zapaltzea erabaki zuelako. Gaur egun, intentsitate baxuagoko gatazka batera igaro garela dirudi, baina gatazkak hor dirau, botoi nuklearrak zapalduta jarraitzen du oraindik. Esaterako, azken hilabeteetan, Ginebrara erbesteratu behar izan dute hainbat herritarrek eta, gehiago ala gutxiago berbalizatu arren, denok dakigu urriaren 1a itzuliko dela.

2024ko maiatzaren 12ko hauteskundeetan independentismoak gehiengo osoa galdu duela azpimarratu da, ordea. Oso kuriosoa da. Kalitateari dagokionez, politika asko degradatu da. Paradoxa lotsaemangarri asko agertu dira. Adibidez, PP-koek boto-kutxen emaitzak errespetatu behar direla diotenean, «lehenago errespetatu izan bazenituzte, agian ez ginen hemen egongo!» pentsatzen dut nik. Gauza bera Salvador Illak Kataluniak Espainian geratzea erabaki duela adierazten duenean. «Ziur zaude, Illa jauna? Inori deus esan gabe erreferendum bat antolatu duzue?». Zinismoa da nagusi. Diskurtsoak boterearen komenentziara etengabe moldatzen direnean, hitzak hain trukagarriak eta maiztuak direnean, demokraziak galtzen du. Alabaina, ezin gara engainatu, 2017tik honako prozesuan, punturik apalenean gaude, baina horrek ez du esan nahi prozesua desagertu denik. Maiatzaren 12ko hauteskundeen emaitzak ez ditut porrot baten gisan bizi, autoporrot bat bezala baizik. Afera ez da partida galdu dugula, jokatzera agertu ere ez garela egin baizik. Mugimendu independentistaren autosuntsiketa erakusten dute emaitzek. Orain gertatu dena, ordea, ez da soluzio bat, stand by egoera bat da, zenbat iraungo duen inork ez dakien trantsizio bat. Ziklo amaiera bat da, ez prozesuaren bukaera. Independentismoaren baitako gerrek ez dute inolako estrategia bateraturik eman, alderdien interesek interes kolektiboa zapaldu dute eta, gauzak aurrera ez doazenean, frustrazioa, konfusioa, ezina eta erresumina ereiten dira.

Zer iradokitzen dizu amnistia legeak? Testigantza ezberdin askorekin osatzen den errelato batean, belaunaldiz belaunaldi doan arnasa bat bezala ulertzen dut prozesu hau. Kataluniarrok akats handi bat daukagu: ez dakigu garaipenak ospatzen. Amnistia lege bat gertakari historiko bat da, Espainiako historia garaikidearen testuinguruan oso esanguratsua. Onartu beharra dago, aitzitik, kasualitatea eta txiripa ere faktore politikoak direla. 2023ko uztaileko hauteskunde osteko kalkulurik gabe, ez litzateke amnistia legerik egongo. Denoi dagokigu ‘post-procesak’ banatu dituen kartak onartzea. Denoi. Estatuak denbora asko galarazten digu, are gehiago galarazten saiatuko da, baina zer gertatzen da gure artean galtzen dugun denborarekin, elkarri galarazten diogunarekin? Hori da garesti ordaintzen ari garena. 2017tik 2024ra milioi bat bozka galdu ditu independentismoak, baina boto horiek ez dira PSC-ra edo AC-ra joan.

Estatuak ez du denbora bakarrik galarazten. Zaurgarritasun osoarekin eta inongo gizonkeriarik gabe diot: zernahi espero dut estatuarengandik. Pedro Sanchezek gerra zikina salatzen duenean, ez dela hori pairatzen lehendabizikoa erantzuten diote Podemosekoek. Hori entzutean, «zuekin baino lehenago hasi ziren gurekin!» asaldatzen gara kataluniarrok, baina ez dezagun ahantzi zerrendan aurren-aurrena Euskal Herriko ezker abertzalea izan dela. Proces-ari buruzko epaiketa hasi zenean, 18/98 auziaren berri eman behar izan genuen, askok ez zekiten izan zenik ere. Zentzu horretan, Espainiaren kalitate demokratikoari dagokionez, pedagogikoa bezain libratzailea izan da kolektiboki urratutako bidea.

Elkarrizketan, etorkizunari buruz kezkatuta agertzen da David Fernandez. Mugimendu sozialak berreraikitzeko beharra ikusten du.

Eta pertsonalki? Epaile baten instrukzioan amarekin izandako frutari eta estufari buruzko neguko elkarrizketa bat irakurtzeak higuin fisiologikoa eta nazka politikoa eragiten dizkit. Asko hitz egin da ‘La vida de los otros’ filmaz [‘Das Leben der Anderen’, 2006; Florian Henckel von Donnersmarckek zuzendutako filma, Stasiri buruzkoa] gurean ezer ez delako pertsonala, kolektiboa baizik, baina Antonio Batista adituak oso ongi azpimarratzen zuen gisan, gure erreferentzia, pelikula hori ez, via Laietanako 43.ean dagoen Polizia Nazionalaren egoitza da. Frankismoaren garai ilunenetan bezala, hortik zabaltzen da errepertorio osoa. Oroit dezagun 2017an koxka militarra izan zela Espainiaren planean exekutatu gabe geratu zen bakarra. Horregatik, memoria kolektibo metatuaren jabe bazara, badakizu eskubide urraketa guztiak posible direla, Espainiaren marka inpunitatean oinarritzen dela... Zer espero behar duzu bere Gobernuko presidentea ere harrapatzen duen sistema batez?

Azken aldian, gero eta polizia infiltratu gehiagoren kasuak ari dira argitara ateratzen. Mugimendu sozialetan gertatzen diren infiltrazioak dira; ordea, ez orain arte estatu-aferatzat jo izan direnetan. Zer dago horren atzean? Grande Marlaska Espainiako barne-ministroak Omniumi idatziz helarazitako mezu bat. Kataluniar mugimendua bere osotasunean estatuaren aurkakotzat jotzen da bertan eta, ondorioz, terrorismoari bezala egiten zaio aurre. Oso zikoitza da. Egin dituztenak egiteko daukaten marko legal bakarra da. Baina zer zerikusi du horrek aurpegia bistan jokatzen duen eta egiten duen oro sare sozialetan zabaltzen duen mugimendu batekin? Eta, gainera, independentismo kataluniarra terrorismoa bada, estatuaren aurkakoa bada, zergatik hitzartzen duzu gobernu bat berarekin? Terroristekin paktatzen ari zarete? Zertan geratzen gara? Eraiki duen diskurtsoaren biktima da Espainia.

Mugimendu sozialetan nola Parlament-ean ibilia zara zu. Nola bizi duzu indar sozial eta instituzionalen arteko harreman askotan gatazkatsu hori? Oso perspektiba sano batetik, ezinbesteko zein etengabeko tentsio eta gatazka batetik. Bien arteko bat egiteak zein desadostasunak kudeatzen jakin behar da. Omniumek eta ANC-k, adibidez, soka tenkatzen asmatu dute batzuetan eta, beste batzuetan, berriz, koltxoi bezala jokatzen jakin dute. Gauza bera gertatzen da feminismoa edo ekologismoa bezalako arloetan. Nik dakidan bakarra da ez dela inoiz egongo barrurik kanporik gabe eta alderantziz. Aldaketa juridiko, sistemiko eta politikoak beti datoz koletibo edo komunitate politiko bat autoantolatu delako aurrez. Hori gabe ezin da. Horregatik, uste dut Katalunian mugimendu soziala, bere zentzurik pluralenean, berreraikitzea dela lehentasuna. Hori da exijentzia politikoa sortzeko bidea. Demokrazia askoz konplexuagoa, parte hartzaileagoa eta lurtarragoa merezi dugu. Lau urtez behin agintariak hautatzera mugatzen den demokrazia pobrearen hurrengoa ez, terratenienteena da.

Baina sistema eraikita dagoen gisan, badirudi jende gutxi egon daitekeela, aldi berean, mugimendu sozialetan eta politika profesionalean, ezta? Mugimendu sozialek beti izango dute alderdiek irensteko edo disolbatzeraino kontrolatu nahi izateko arriskua. Aspaldiko teoria da sozialdemokraziak, boterera iristeko, mugimendu sozialak eskilara legez erabiltzen dituela eta, behin boterera iritsita, eskilara jaurtitzen diela gainera. Horregatik, ezker subiranista eta alternatiboek mugimendu sozialen zerbitzura egon nahi badute, zikloak errespetatu behar dituzte. Ez da ezer gertatzen desadostasunak badaude, adostasunak ez badira erabatekoak, eztabaidak edo gatazkak sortzen badira...Susmoa dut azken urteetako kapitalismoaren garaipen handiena ez dela ez ekonomikoa, ez ideologikoa, kulturala baizik. Gizarte lotura komunitarioak birrindu dira eta horiek berreraikitzea dagokigu, lotura horiek definitzen baikaituzte gizarte kontraesankor eta konplexu gisa. Elkarrekin bizi behar dugu, ez elkarren kontra.

Nola gogoratzen dituzu legebiltzarkide izan zinen urteak? Urte bizi eta intentsoak izan ziren, etengabeko ikasketa batean bizi nintzen sentipena neukan. Nire begiz konprobatu nuen legebiltzarrei zinezko botere politikoa erauzi zaiela eta parlamentuek botere gutxi izatea merkatuek harturiko erabaki politiko bat dela. Ekonomiaren fase politikotik politikaren fase ekonomikora igaro gara. Saiatzen zarenean boterea non dagoen atzematen, ez duzu ikusten, ez dago parlamentuan. Horren aurrean, esperantza karga handi batekin gobernatzea ahalbidetzen diguten erakunde politiko komunak behar ditugula uste dut.

Parlament-a botere politiko gutxikoa bezain klasista dela esan izan duzu. Gure janzteko modu eta itxuragatik gutxiesten gintuzten. Zergatik? Boterearen liturgia bat dagoelako. Guk arazorik gabe kudeatzen genuen hori, bizitza osoa eman dugulako bazterrean eta, karrikan ere oker begiratzen gintuztenez, ohituta geunden. Oso erantzun erraza geneukan, gainera: «Ez al dakizue herri honetan lapurrak janzten direla trajez? Guk ez dugu lapurrak bezala jantzi nahi!». Baina oso ikuspegi elitista zen nagusi. Arrotzak ginen beraientzat. Hori gutxi ez eta 15M-aren sasoiak ziren eta susmoa dut negozioa arriskuan nabaritzen zutela. Horrelakoetan sistemak beti egiten du gauza bera: behetik ireki dena goitik itxi. Horregatik diot ezinbestekoa dela autoantolakuntza, mugimendua eta bizitza egotea behean, goitik itxi nahi dutena behetik zartatzeko.

Nola kudeatu zenuen etengabeko esposizio mediatiko hura? Militantearen ikuspegitik zer aldatu asko dago. Lehendakaririk, zuzendaririk edo nagusirik ez dagoen eta horizontala izan nahi duen mundu asanbleario batetik zatozenean, kudeagaitzak bihurtzen dira fokupea eta espektakuluaren gizartea. Beti da gatazkatsua egitasmo kolektibo baten eta erreferente premiaren arteko gatazka. Uste dut hori izan dela peajerik handiena, susmoa dut ordaintzen ari naizela oraindik. Ikuskizunaren gizarteari buruzko analisi oso kritiko bat eskatzen du testuinguruak. Gainontzeko militantziakideekiko diferentziak, logika piramidalak, besteek ikusten eta instrumentalizatzen zaituzten modua... Gatz asko bota daiteke zaurira. Ezarritako sistema gure logika politikoarekiko antagonikoa zenez, egoera ezberdin asko kudeatu behar izan genituen. Esaterako, hilabete eta erdi oro, elkarrizketa bat tokatzen zitzaigun Kataluniako Telebisa Publikoan, eta, hastapenean, ni nintzen onartzen zuten bozeramaile bakarra. CUPen izenean nork hitz egiten zuen CUPek erabakitzen zuela erantzun genien arte, ez zen bakerik egon, ez zuten amore eman. Hedabideetan zein parlamentuan, errotazio sistema bat jarri genuen martxan. Guk naturalki onartzen genuena gainontzekoei onarraraztea asko kosta zitzaigun, ordea.

Kazetaria izateak lagundu zizun ikuskizunaren gizartean modu eraginkorrean mugitzen? Bizioz edo bertutez, betidanik jarraitu izan dut politika. Banekien non sartzen nintzen. Esango nuke kolektiboki kode berri bat inposatzen asmatu genuela. Politika parlamentarioan gutxi eta kalean asko erabiltzen ziren hitz arruntak txertatu genituen debatean. Kooperatibismoa, desobedientzia, feminismoa, ekologismoa... Ordura arte apenas entzuten ziren Parlament-ean. Denentzat oso ulergarria izango zen kode bat sortzea izan zen gure apustua, denek izan zezatela argi zertaz ari ginen Katalunian egunero 70 etxegabetze gertatzen zirela salatzen genuenean. Erreleboa eman genuenean, Parlament-eko takigrafo taldeak esan zigun ordura arte inoiz idatzi ez zituzten hitzak jaso zituztela guri esker.

CUPeko estatutuei segituz, legegintzaldi bakarra eginda eman zenuten erreleboa. Ezer ez da betiko, ez ona ez txarra, ez garaipenak ez porrotak. 1979tik diputatua zen eta egunero Bartzelonako Palace hotelean gosaltzen zuen legebiltzarkide batek gorpuzten zuen aro batetik gentozen. Horregatik jarri ginen hain zorrotz. Horregatik legegintzaldi bakarra eta etxera. Horregatik kargurik ez bikoiztea. Berehala jabetu ginen, ordea, parlamentuko lana konplexua zela askotan, erakundearen tripen ezagutza eskatzen zuela, lege eta prozedurei buruzko jakintza eta, ondorioz, gehienez bi legegintzaldi egitea proposatu genuen CUPen.

Beste askok bizitza osoa daramate karguz kargu. Independentismoaren kasuan, etxera joaten lehena Jordi Cuixart izan zen. 2022ko otsailean berriz aurkeztu ez zenean oso mezu argia utzi zuen lerro artean, 2017ko lidergoek ez zutela 2022rako balio, odol eta aurpegi berriak behar zirela. Zenbait lidergok proposamen estrategiko bateratuak blokeatu dituzte eta konfrontazio oso bortitzak eragin. Urteen perspektibatik begiratuta, gatazkak pertsona jakin batzuengan enkistatu direla uste dut. Ez zen egoera erraza, ordea. Pertsona horietako asko errepresaliatuak ziren, tartean exilioan zegoen eta lehengoratua izatea merezi zuen Generalitateko President bat.

Pertsonez harago doa perspektiba historikoa? 2021era arte aski ongi eutsi geniolakoan nago. 2019tik 2021era tentsio horiek existitzen ziren, baina bi gertakarik biderkatu zuten euren intentsitatea: espetxe zigor luzeen sententziak eta pandemiak. Horrek, alde batetik, inoiz izan gabeko gehiengo independentista bat eman zigun 2021eko otsailean, baina, bestalde, ixten gero eta zailagoak ziren zauriak zeuden alderdi independentisten artean. Poeta zaharrak zioen bezala, sekula ez da herri bat pertsona bakarraren agindupean jarri behar. Zergatik ez gara gai izan dena alde genuen legegintzaldi batean aurrera egiteko? Hori da gizartean ulertu ez dena. Hori da desmobilizazioa ekarri duena. Alderdi guztietako pertsonalismoaren gehiegikeriaren ondorioak dira.

Prentsak ez al du laguntzen tentsioaren intentsitatea biderkatzen? Jakina. Pentsa, Espainiar estatuan errepresioa trinomio bat da: Guardia Zibila, prentsa eta justizia. Hori da ohiko katea, une jakinetan elementuen ordena aldatu arren. 2017an, subiranismo espainiarrak, manifestazio jendetsuak antolatzen zituen aldi orotan, autobusak ekarri behar izaten zituen kanpotik. Ez zeukaten egitasmo alternatiborik, gurekiko kontrakotasuna baino ez. Hala, pertenentzia sentipen hori sustatzeko zeuzkaten arma nagusiak ez ziren ez Ciudadanos ez PP, Antena3 eta Tele5 baizik. Tankeak ez ziren Diagonaletik sartu, Antena3 eta Tele5tik bidali zituzten. Basakeria hutsa izan ziren gorroto diskurtso hura eta errealitatearen manipulazioa. Oraindik dirauen beldurra txertatu zioten independentista ez den kataluniar gizarteari. Zer esan dezaket ez dakigunik txandakako gobernuek kontrolatutako medio publikoez edo administrazio kontseiluen mende dauden hedabide pribatuez? Horrela amaitzen dugu hedabideez euren nagusiei buruz dugun iritzia izaten.

Garai nahasiak dira prentsarentzat ere. Etengabeko zarata desaktibatu eta ahotsik gabekoen altaboza izan behar luke prentsak, baina, aldi berean, sakelakoaren aurkako kontzientzia ere sortu behar luke. Nondik kontsumitzen dugu informazioa, ordea? Gizarte lotura komunitarioak berreraiki behar ditugula diogunean, sozializazio espazioak ezin direla pantailak soilik izan esaten ari gara. Denoi ematen digu min egunean zehar segapotoa zenbat erabili dugun begiratu eta listua irentsi behar izaten dugun une horrek. Zer da kapitalismoak gehien lapurtzen diguna? Denbora eta arreta. Zeri eskaini behar genizkioke denbora eta arreta? Bizitzari eta munduari. Egungo kazetaritza eredu asko, alta, entretenimendutik ala ogiaren eta zirkuaren bertsio distopiko batetik gertuegi daude.

Sistema salatzen duenak ere erreproduzitzen du sistema. Hor dago debatea. Nola iritsi gara sakelakoak dena konponduko zigula sinestera? Ez teknofobiarik ez teknofiliarik, mesedez. Hautatzen ez dituzun edo hautatu ezin dituzun guda zelaiak daude, baina ia beti hautatu dezakezu bataila hori nola libratu. Teknika ez da sekula neutroa izaten. Zure telefonoak zuk baino gehiago daki zutaz. Denok dakigu algoritmoa zer den. Denok dakigu telefonoaren erabileraren atzean kontrol soziala dagoela. Denok dakigu errealitate paraleloak sortzeko sekulako tresna dela. Espainian TicToceko jarraitzaile gehien dituen alderdia Vox izatea kasualitatea dela uste duzu?

Espainian bakarrik ez, mundu guztian ari da gora eta gora eskuin muturra. Mundua bihurtu den Frankestein globalean, askotarikoak dira Trumpismoak. Are gehiago, elkarrekiko kontraesankorrak ere izan daitezke. Hori bai, denek arakatzen dituzte gure oinarrizko beldur eta intseguritateak eta denek dihardute ingeniaritza sozial oso erasokor batekin zaurgarrienak atzaparpean harrapatu nahirik. Izugarria da nola joan diren erortzen behialako auzo elkarteak, herri mugimenduak zein mugimendu sindikalak eta nola sartu den sukalderaino eskuin muturra jokaldia errematatzera. Ezkerraren erantzukizuna zuzenean interpelatu behar luke horrek. Egia da horren aurkako erresistentzia ere badagoela, baina, ez gaitezen engainatu, Bartzelonan, bizi-esperantzari dagokionez, hamar urteko aldea dago auzo pobre eta aberatsenaren artean.

Bartzelonaz, zure hiriaz, galdetu behar nizun… Bartzelona S.A. Ordu oro familia batek bere etxea galtzen duen hiria. Hilabete oro alokairuaren prezioak marka hausten duen hiria. Hamabost urteko higiezinen krisi argi utzi du politika ez dela deus frenatzeko gai. Ez da fatalitatea, boterea merkatuen esku uzteko erabakia da. Pentsa, Bartzelonako turismo partzuergoak ere onartzen du turismoak goia jo duela hirian! Masa turismoak, kruzeroen turismoak, hiria eraldatu eta gizarte geruza guztiak eraitsi ditu. Ni Gracia auzokoa naiz eta ez da nire haurtzaroaz deus geratzen. Auzo osoak eta jende askoren bizitza duinerako eskubidea erailtzen ditu turismoak. Hala ere, tranpa sistemiko batekin egiten dugu topo. Hiriko jabetza egituraren %8 baizik ez da funts putreena. Horrek zer esan nahi duen? Etxebizitza bat baino gehiago duen klase altu eta ertaineko jende asko baliatzen ari dela hiri egitura horretaz. Aldi berean, funts putreek %15eko errentagarritasuna eskaintzen zuten iaz Bartzelonan. Horretarako, ez dago sekreturik, jende asko bota behar duzu etxetik, jende askori izorratu behar diozu bizitza. Ezin dut etxebizitzaren aldeko batailara zotz bat eskuan goazen sentipena erantzi. Merkatuek egunero bozkatzen dute, guk lau urtean behin.

Hala, nola egin desesperantzari aurre? Asko da gutako bakoitzak egin dezakeena. Kontua ez da paradisura iristea, infernutik ateratzea baizik. Datorren olatu erreakzionarioak denbora galaraziko digu, bidez erratuaraziko gaitu, baina ni benetan mobilizatzen nauena bizi naizen munduarekiko izu-ikara da. Esperantza erradikala baino ez zaigu geratzen. Ez dugu ezer asmatu beharrik: garai onak ahal beste luzatzea eta makurrak laburtzen tematzea da gakoa.