Kirola egitea debekatuta duten arren, Afganistango emakumeak ezkutuan entrenatzen dira
Talibanek Gobernua berreskuratu zutenetik, Afganistango emakumeek debekatuta daukate kirola egitea. Hala ere, ezkutuan elkartzen dira, eta neurri zapaltzailea desobeditzen dute ahal den neurrian.
Ezkutuan aritzen dira kirola egiten, ez lehiatzeko asmoz, baizik eta osasuna zaintzeko. Buruzagi fundamentalistek emakumeei kirola egitea debekatu diete Afganistanen, baina mandatua desobeditzeko moduak bilatzen dituzte.
Ia goizero, otoitz egin ondoren, Sanahek bere auzoko beste emakume batzuekin bat egiten du Kabulen, Afganistango hiriburuan, kale nagusitik ibilaldi bat egiteko, korrika egin gabe eta talibanen kontrol postuetara gehiegi gerturatu gabe.
«Ezin gara talibanen kontrol guneetara gerturatu, esaten dutelako: ‘Zergatik daude etxetik kanpo hain goiz? Zer egiten dute? Zergatik entrenatu behar dute? Ez dute horretarako beharrik, beraz, ez dezatela egin», azaldu du 25 urteko gazte honek. Bere izena, AFPk erreportaje honetarako elkarrizketatu dituen gainontzeko emakumeena bezala, aldatu egin dira, balizko zigorrak ekiditeko.
Talibanen agintariek lege islamiarraren interpretazio zorrotzaren araberako politikak ezarri dituzte herrialdean, eta neurriok bereziki murriztaileak dira, NBEren arabera, «genero apartheid» baten biktima diren emakumeekin.
2022ko azaroan, Bertutearen Sustapen eta Bizioaren Prebentziorako Ministerioak debekatu egin zien emakumeei parke eta gimnasioetara joatera, leku horietan estaltzera behartzen dituen janzkera kodea urratzen dutela argudiatuta.
Debekuaren aurretik, gimnasioek ordu zehatz batzuk gordetzen zituzten emakumeek kirola egin zezaten. Nahiz eta andreentzako ariketa zentro batzuk badauden, gutxi dira eta ixten ari dira.
Sanah eta bere lagun Latifah hiriko zuhaitz-parke zabaletan ibili ohi ziren emakumeentzat bakarrik irekita zeuden egunetan. Alta, Latifah parkera joan zen azken aldian, espazio horietan emakumeei ezarritako betoaren ondoren, kolpatu eta indarrez bota zuten.
«Zoriontsu egin ninduen [Joko Olinpiarretan] ikusteak emakumeek oraindik ez dutela amore eman, euren helburuekin konprometituta jarraitzen dutela»
«Medikuak esan zidan ariketa gehiago egin behar nuela, kolesterol altua eta gibel gantzatsua nuelako, baina talibanek ez digute entrenatzen uzten, ezta gimnasiora joaten edo aire zabalean ibiltzen uzten ere», esan du.
Sanahk yoga irakaslea izan nahiko luke, baina ez diote uzten. Goizaldeko argi horixkaren azpian, Sanahk hatz lodia eta eskuen erakuslea elkartu ditu bere belaunetan, eta leunki esan du: «Hartu arnasa sakon».
Ezkutuan boxeatzen
Gimnasiotik kanporatu zituztenez geroztik, Rayan (19 urte) eta beste boxeo-kide batzuk lagun baten etxera joaten dira, eta kirol hori egiten jarraitzeko duten ekipamendu urria erabiltzen dute.
«Gutxiago entrenatzen dugu, baina inoiz ez gara gelditu», esan du Rayanek, mugikorrean bere bideo bat ikusten duen bitartean, ukabilkada bizkorrak botaz.
2021ean talibanak boterera itzuli aurretik ere gizarteak gaizki ikusten zuen emakumeek kirola egitea, baina orain murrizketak drakoniarrak dira.
Bero egiten du Kabulen, eta buruko zapia kendu du Baharrek, azaldu bitartean egoera honek emakume asko larrituta, akituta eta lur jota utzi dituela, baita bera ere.
«Baina boxeatzen dugunean, hori guztia botatzen dugu une batez. Minutu batzuengatik bakarrik entrenatzen badugu ere, alde handia egiten du», dio 20 urteko gazteak.
Bere eskuetan oraindik eztei berrirako egindako hennazko tatuajeen orbanak ditu. Senarrak ez daki boxeatzen jarraitzen duela.
Emakume kirolari askok Afganistandik ihes egin zuten talibanak boterera iritsi ondoren, nahiz eta Gobernu hori ez duen ofizialki inongo estatuk onartu.
Batzuk oraindik ere nazioartean lehiatzen dira; hala egin zuten Parisko Jokoetan, baina herrialdetik kanpo entrenatu behar dute.
«Itxaropena eman»
Banafshak wushu arte martzial txinatarra praktikatzen du, eta emakume afganiarren parte-hartze olinpikoak eragindako sentsazioak adierazi ditu.
Afganistanek Parisen izan zuen ordezkaritzan hiru gizon eta hiru emakume zeuden. Beste afganiarrak batzuk errefuxiatuen taldean lehiatu ziren.
«Zoriontsu egin ninduen ikusteak emakumeek oraindik ez dutela amore eman, euren helburuekin konprometituta jarraitzen dutela», adierazi du kirolari honek.
«Gutxiago entrenatzen dugu, baina inoiz ez gara gelditu»
«Baina, bestalde, triste jarri nintzen. Zergatik ezin dira Jokoetara beren herrialdea ordezkatzera joan?».
Nazioarteko atleta zehen lehen Banafsha, baina bere uniformea erre zuen talibanek boterea eskuratu zutenean.
Hasina Hussain Zadak, kirolaren bidez emakumeak ahalduntzeko ‘Free to Run’ erakundearen alde lan egiten duenak, azaltzen du bideo eta online klaseek ez dutela ordezkatzen aurrez aurreko, taldeko edo aire zabaleko entrenamendu bat.
«Gure parte-hartzaileei esaten diegu pentsa dezatela horretan, covid-aren garaiak balira bezala», dio talibanak itzuli ostean Kanadara ihes egin zuen 28 urteko emakumeak.
2018tik erakunde horretan ari da lanean, eta emakumeak babesten jarraitzen du, «zuhurtziaz» aritzen bada ere.
«Pentsamoldeak aldatzen saiatzen gara, itxaropena ematen saiatzen gara», adierazi du.