Beñat Zaldua
Iruñea

XVI. mendeko memoria, XXI. mendeko artea

Arteak memoria historikoan jorratu dezakeen papera garrantzitsua dela argi gelditu zen, duela egun gutxi, Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin. Nafarroako konkistaren urtemugan ere artistak ez dira jokoz kanpo gelditu, Nestor Basterretxearen maisulanak edo Arte1512 ekimenak erakusten duten bezala.

Nestor Basterretxeak sortutako irudia. (NAIZ.INFO)
Nestor Basterretxeak sortutako irudia. (NAIZ.INFO)

«Nola ez nizuen lagunduko?». Hitz horiek Nestor Basterretxearenak dira, ‘Neguaren ostean... ernatu da zuhaitza’ obraren aurkezpenean. Artistaren grabatua Nafarroa Bizirik plataformaren irudi bihurtu da orduz geroztik eta konkistaren 500. urteurrenaren ekimen desberdinak ordaintzeko baliabide garrantzitsua izan da, kopia mugatu batzuk salmentan jarri baitira.

«Pasa den neguaren alegoria bat da; itzalak eta laztasunak joatean lurra berriz ernatu eta berdea agertzen da, hortik sortzen dira zuhaitzak. Baikortasunaren baieztapena da, hori baita egoera hain gogor batean behar duguna», esan zuen Basterretxeak, eta gaineratu zuen: «Erosketa bat baino, kolaborazio bat dela esan behar zaio jendeari. Horrela egin zen ‘Amalur’, Francori oraindik bizirik geundela esateko».

Nafarroa Bizirik-eko bozeramaileak, Patxi Abasolok, Basterretxearen lanak 500 urteko konkistari irudia jarri diola azaldu zuen aurkezpenean, artista bermeotarrari eskerrak eman ostean. Memoria historikoa berreskuratzeko artisten lana ere azpimarratu zuen Abasolok: «herri mugimenduekin elkartzen diren herritarrak izaten jarraitzen dute».

Azpimarragarriena izan arren, Basterretxearen lana ez da memoriaren zerbitzuan jarritako bakarra. Nafarroa Bizirik plataformaren itzalean, Arte1512 ekimena garatu da, artista desberdinen obrak konkistaren memoriaren zerbitzura jartzeko. Hala, Euskal Herriko 57 artistak artelan bana garatu dute urteurrenari buruz, Iruñean antolatuko den erakusketa artez eta memoriaz betetzeko. 57 obra horiek ere bere leku berezia izanen dute Nafarroa Bizirik prestatzen ari den egunkarian. Ekainaren 16an argitaratu nahi dute eta helburua Nafarroako etxe guztietara iristea da, baita gainontzeko herrialdeetako gune batzuetara ere. Artisten obrek osatutako murala kolore bizian inprimatuko da egunkari erdian, poster moduan.

Baina artisten erakusketa ez da espazio fisiko batera mugatzen, ezta aipatutako 57 artisten lanetara ere. Ekimenak Arte 1512 webgunea jarri du martxan, bertan ikusi ahal izateko arte lanak. Era berean, dei bat plazaratu dute parte hartu nahi duen edonork bere obra bidal dezan, erakusketa birtuala ahalik eta handiena izan dadin.