NAIZ.INFO
BAIONA

Urriaren 13ko manifestazioaren harira hamarnaka atxikimendu aurkeztu ditu Herrirak

Herrira mugimenduak urriaren 13an Baionan egingo den manifestazioari begira babesa eman duten eremu ezberdinetako hamarnaka pertsonen izenak eman ditu aditzera.

Baionako prentsaurrekoa eman duten Herrirako kideak. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)
Baionako prentsaurrekoa eman duten Herrirako kideak. (Bob EDME/ARGAZKI PRESS)

Urriaren 13an euskal preso eta iheslarien alde egingo den manifestazioari begira, ekimena babestuz atxikimendua eman dute hamarnaka pertsonen izenak eman ditu Herrira mugimenduak.

Babesa eman dutenen artean daude: Fréderique Espagnac (senadorea), Kotte Ecenarro (Kontseilu Nagusiko presidente ordea), Sylviane Alaux (diputatua), Jacques Gaillot (apezpikua), Antoine Comte (abokatua Parisen), Mattin Partarrieu (margolaria), Christophe Desprez (Euskal Herriko giza eskubideen ligako teknikaria), Paxkal Indo (Seaskako presidentea), Alain Iriart (Hiriburuko apezpikua) eta Maurice Rajsfus (historialaria, idazle militantea).

Baionan egin duen agerraldian, Euskal Herria «gatazka politikoaren konponbide bidean» dela azpimarratu du Herrirak. Bide horretan, ordea, gatazkak sortu dituen ondorioak tratatu behar direla azpimarratu du, «batez ere euskal preso politikoei dagozkienak».

Eskaera zehatzak egingo dituzte Baionako manifestazioan. Alde batetik, EPPK-ko preso guztiak Euskal Herrira ekartzea eskatuko dute, baita gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea ere.

Era berean, bizi osoko kondenari bidea irekitzen dioten neurri guztien deuseztatzea exijituko dute, euskal preso politikoei ezartzen zaizkien neurri berezien deuseztatzea eskatuz. Herriraren esanetan, neurri berezi hauek Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren «aurka» doaz eta gatazkaren konponbideari begira «ez dute batere laguntzen».

Herrirak Baionan izango duen egoitza berriaren berri ere eman dute agerraldian eta EHZ festibalean presoen alde egingo den lipbubean parte hartzeko deia luzatu dute.

Udarari begira argazki lehiaketa bat antolatu dutela aurreratu dute eta ostiral hau hileko azkena izanik, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.