Araba ez dela zazpigarren alaba eta aldaketa sozial eta politikoan sakonduko duela aldarrikatu du EH Bilduk zerrendaren aurkezpenean. «Aldaketa gure esku dator, guztiok bozkatzeko aukera berdinak ditugunean Arabako mapa politikoa nagusiki ezkertiar eta abertzale agertzen zaigulako», esan du zerrendako bigarren tokian doan Hasier Arraizek.
Lehengo aipamena Belen Arrondo zerrendaburuari eskaini diote indarrak har ditzan, gaur ezin izan baitu parte hartu ekitaldian gaixorik dagoelako eta bere ordez, Hasier Arraizek eta Eva Blancok hartu dute hitza.
Ekitaldian indarrak batzeko eta gauzak aldatzeko deia egin du Arraizek. «Ezberdinen arteko indar bilketa egiten ari gara. Ezberdinen indarrak bilduz, gauza ezberdinak egiteko. Araban PP, PSE eta PNVk eredu sozial eta ekonomiko berbera dutela jakin badakigu. Haien ereduaren aurrean gurea da alternatiba bakarra», azaldu du.
Blancok, bere aldetik, azpimarratu du EH Bilduren eredua ez dela izango «lana eta bezeroak dituen Arregi bezalako enpresa batetako berrehun eta berrogeitamar langile baino gehiago langabezira eraman dituena».
Ildo horretan, EH Bilduren Araba «euskararena, gazteena, feminismoarena, ekologiarena eta justizia sozialarena» dela adierazi dute.
EH Bilduri esker Euskal Herriak bakea eta normalizazio demokratikoa irabaziko dituela adierazi dute.