Euskal eragileak, erreformaren aurka
Euskal Herriko hezkuntza eragileen artean, susmatu daitekeen bezala, ez da ongi jaso Jose Ignacio Wertek proposatutako erreforma, bai hezkuntza zentralizatzen duelako, baita eredu atzerakoia inposatzen duelako ere. Horietako eragile batzuekin hitz egin dugu haien iritzia ezagutzeko.
Galdetutako euskal hezkuntza eragile guztiak bat datoz erreformak dakarren birzentralizazioa salatzerakoan. Ez bakarrik eskola curriculumaren %65 Ministerioak ezarriko duelako, baita hezkuntza etapa bakoitzean inposatutako errebalidek kontrol gehiago dakartelako. Hala azaltzen du STEE-EILASeko Endika Rodriguezek, «azterketa horiek Estatuak ezarriko» dituela azpimarratzean, «lurraldeen eta ikastetxeen autonomia murriztuz».
Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Imanol Igeregi, bat dator iritzi horrekin: «Euskal administrazioen eskumenak murrizten ditu, baina baita ikastetxeen autonomia ere». «Nazioarteko erakunde guztien gomendioen aurka, erreformak ikastetxeei soilik metodologia aukeratzeko eskubidea baino ez die ematen», gehitu du Igeregik.
Hori da, izan ere, erreformari egiten zaion bigarren kritika handia: inposatzen duen hezkuntza eredu atzerakoia. Endika Rodriguezek erreforma «abiapuntu oker batetik» abiatzen dela argudiatzen du, Estatu mailako eskola porrota (%26) hartzen baitu ardatz, Euskal Herrian tasa berbera %14an gelditzen dela ahaztuta. «Hortik aurrera, planteamendu pedagogiko oso atzerakoia» egiten duela salatu du eta adibide bezala emaitza akademikoen araberako segregazioa jarri du. «Modu horretan, eskolak duen benetako izaera galtzen da, eskolak kohesio soziala bermatu eta desberdintasunak orekatzeko balio behar duelako».
Igeregi harago joan eta ereduak dakarren ikastetxeen eta ikasleen kontrola salatu du: «ikastetxeen zeregina azterketak gainditzera bideratu nahi dute, hezkuntza integral eta integratzailera bideratu ordez». Eskola ‘Taylorismo’ moduko batean eror daitekeela ohartarazi du Ikastolen Elkarteko lehendakariak, «soilik errendimenduak -‘output’- neurtzera mugatuko dena».
Merkatuen mesedetan egindako erreforma
Ikasle Abertzaleen izenean, Ikoitz Arresek antzeko hausnarketa egin du: «Eredu honek herritar kritikoak sortzea ekiditen du». «Ikaslearen garapenean errotu ordez, erreforma merkatuen mesederako egina dago, etorkizuneko langile-robotak sortzeko», azpimarratu du Arresek.
Erreformak Euskal Herrian izan ditzakeen ondorioekin kezkatuta azaldu dira ere galdetutako eragileak. Arresek nafar Gobernuak erreformarekin azaldutako oniritzia kritikatu du eta aldi berean Lakuaren «hipokresia» salatu du. «Celaá sailburuak erreforma zentralista eta atzerakoia dela esan du; hiru urteko legealdi osoan zehar behin eta berriz esan diogu haien politika Espainiako intereseetara egokitzen zela, Euskal Herriko beharretara egokitu ordez, eta orain gure diskurtsoa erabiltzen du erreforma kritikatzeko», dio Arreskek, horiek «politika jokuak» direla gehituz.
Rodriguezek erreforma lege organiko izatearen arriskuak nabarmendu ditu, bai hezkuntzarako, baita hizkuntzarako ere, «lege organikoak Estatu osorako egiten baitira, lurraldeen beharrak kontutan hartu gabe». «Ez dugu horrelakorik nahi, lege propioaz hitz egin nahi dugu, hemen arautua hemengo errealitatearen arabera». Ildo berean, Igeregik «hezkuntza lege propioa» bultzatzearen beharra azpimarratu du, «hezkuntza sistema propioa garatzeko eta horrelako erreformen aurrean babes bat izateko».