Barack Obamak joan zen igandeaz geroztik ez du hauteskunde kanpainako ekitaldirik egin, Sandy urakanak eragindako kalteak direla-eta hori kudeatzen aritu baita. Azken orduotan New Jerseyko kostaldea bisitatu eta urakanak kaltetutako pertsonekin izan ondoren, Etxe Zuriak jakinarazi duenez, gaur berrekingo dio hauteskunde kanpainari. Zehazki, Wisconsin, Colorado eta Nevadara joango da hautagai demokrata.
Mitt Romneyk, berriz, ez du normaltasunez egin kanpaina Sandyk AEBak kolpatu dituen bitartean baina ekitaldi batzuei eutsi die. Azken orduotan Floridan hainbat mitin izan ditu eta gaur Virginiara joango da, hiru ekitalditan parte hartzera.
Lau egun besterik ez dira falta hauteskundeetarako eta Washingtonek gaur emango ditu urriko langabeziaren datuak.