Herri mugimenduko hogeita hamabost bat elkarte eta erakundek babestuko dute beren kideen presentziarekin Bake Bideak, Lokarrik eta Baionako Fakultateak gaur antolatu duten Bakearen aldeko Foroa. Horien artean daude Amnesty International, Gurutze Gorria, Giza Eskubideen Liga, Seaska, Lurrama, EHZ, Etxerat, Anaia-Artea, Euskal Konfederazioa, ELB, Cimade, Batera, Bizi!, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa edota CFDT, ELB, LAB, Solidaires eta SAF sindikatuak.
Abertzaleetatik hasi eta UMPraino, joera politiko guztietako hautetsi eta ordezkariek ere beren parte hartzea iragarri dute, hala nola Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux PSko diputatuek, Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Foru Aldundi bereko Giza-Eskubideen Batzordeko zuzendariak, Laura Mintegi EH Bilduko parlamentariak eta Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko ordezkariek eta kontseilari nagusi, auzapez eta zinegotzi andanak.
Agenda arazoak direla medio bertan izango ez diren hainbat pertsona eta politikarik gaiarekiko duten interesa agertu ostean, jarraipena egingo diotela agindu dute, besteren artean, Didier Borotra Biarritzeko auzapezak, Andre Chassaigne diputatu komunistak, Olivier Dartigolles PCko bozeramaileak, Alain Lamassoure eurodiputatuak, Jean Lassalle diputatuak edota Jean-Louis Nembrini Bordeleko Akademiako errektoreak.
Hiru mahai-inguru
Jardunaldia 09.30ean abiatuko da. Harrera hitzaldia Jean-Pierre Massias Unibertsitateko adituak egingo du. 11.00etako lehen mahai-inguruaren ostean, bazkaltzeko etena egin, eta 14.30etik goiti beste bi debate izango dira. Bake prozesuetako aditu hainbat eta politikariak izango dira bertan, besteren artean, Brian Currin eta Ray Kendall Nazioarteko Harreman Taldeko kideak, Pierre Hazan Parisko Zientzia Fakultateko irakaslea, Andy Carl (Conciliation Resources) eta Hans-Joachim Giessmann (Fondation Berghof).
Baionako Fakultateko foroan parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea. Itzulpen zerbitzua eskainiko dute frantsesera eta euskarara. Programa eta zehaztasun guztiak honako helbidean daude ikusgai: www.bakebidea.com.