Bake Bidearen arabera, Foroak utzitako irakaspen nagusia «jendartea aktibatuz Aiete egingarria dela» azaldu du Anaiz Funosasek, Kazeta.info webguneak berri eman duenez.
Funosasek azaldu duenez, Foroaren bukaeran onartua izan zen adierazpenari esker «Aieteko Adierazpen laugarren pundua martxan da, elkarrizketa martxan da, prozesuak aurrera egingo du».
Bake Bideko ordezkaria baikortasunez mintzatu da eta foroa posible egin duten guztien lana eta inplikazioa eskertu du. Foroa «militante xume anitzek» eginiko lanari esker posible izan dela esan ondoren, eztabaidetan parte hartu duten aditu eta eragileen ekarpena txalotu du.
«Bakerako Foroak utzi digun irakaspen nagusia da jendartea aktibatuz Aiete egingarria dela, eta oraingoan bide horretan emateko unea da eta lanean segitzeko gonbidapena luzatu nahi diegu eragile eta herritar guzieri», azaldu du Funosasek.
Bistan dena, akatsak izan direla ez dute ezkutatu antolatzaileek. Hartara, «mahainguruetan emazteek ukan duten presentzia eskasari buruz egin dizkiguten kritikak entzun ditugu», aitortu du Funosasek. Zenbait eragilek ahots gehiago entzun nahi zituztela foroan azaldu dute. Izan ere, «jendartearen baitan eraman behar den eztabaidaren» hastapena baizik ez dela Bakerako Foroa azpimarratu dute antolatzaileak.
Hemendik aurrera, Aietek martxan eman duen konponbide prozesua, atalez atal, aztertuko dute: Baionako Unibersitatean ikasturte batez aztergai izanen baitute gaia. Lau saio izanen dira, eta lehen denbora batean gatazkaren ondorioak -biktimak, preso, iheslariak...- aztertuko dituzte IUTn.