NAIZ.INFO
BILBO

Denboraleak okerrera egingo duela-eta, alertan

Euri zaparradak, elurra, txingorra eta haize ufada gogorrak espero dira gaurko eta hori dela eta, neguko bide-zaintza plana aktibatu du Lakuak. Nafarroan ere begiak errepideei begira dauzkate.

Iruñeako Ziudadelas hartutako irudia. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Iruñeako Ziudadelas hartutako irudia. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Beste koska bat etorriko zaigu eguraldia kaskartzera. Haizea ipar-mendebaldetik galanki zakartuko da. Zaparradak ugari eta mardulak izango dira, trumoiak xaxatuta. Tenperatura pixka bat jaitsiko da eta txingorra botako du tarteka. Mendietan elur koskak loditzen eta kota jaisten. Beheak salbu, baina 400dik gorakoak zurituta. Negu giro gordina, beraz.

Ostiral honetarako eguraldi iragarpena ikusita, Lakuako gobernuak neguko bide-zaintza plana aktibatu duela iragarri du, atzotik denboraleak arazo ugari eragin duelako errepideetan. 

Araban, Opakua eta Herrerako mendateak itxita daude. Bernedo eta Zaldiarango mendatetan, aldiz, derrigorrezkoak dira kateak. Altuben arreta eskatzen dute gidatzeko orduan.

Guztira, elurra kentzeko 14 ibilgailu eta 40 lagun baino gehiago ari dira errepide arabarretan lanean.

Nafarroari dagokionez, bigarren mailako errepide sareko zortzi mendate itxita daudela iragarri du Gobernuak.

Iruñeko Exekutiboak elurra kentzeko 95 makina jarri ditu martxan.

Bestalde, Bizkaian, Alonsotegi eta Gueñesen, Kadagua ibaiak gainezka egin du, azken orduotako euriteen ondorioz.