Mikel PASTOR
BILBO

‘Egunkaria’ auziaren kronologia

2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi zuenetik, zazpi urte beranduago auzipetuek absoluzioa lortu zuten arte, ibilbide luzea izan du auziak eta ez da ahaztu behar auzi ekonomikoa artean irekia dagoela.

2003/2/20: Guardia Zibila Martin Ugalde Kultur Parkean sartu, erredakzioa itxi, eta Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Peio Zubiria, Luis Goia, Fermin Lazkano, Inma Gomila, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendi atxilotu zituen.

2003/2/22: Milaka pertsonak manifestazio ikaragarri jendetsua burutu zuten Donostian, «Egunkaria aurrera, Euskarari bai!» lelopean.

2003/2/25: Atxiloalditik irten berritan, Otamendik, malko artean, atxilotuek jasandako torturak eta tratu txarrak salatu zituen kameren aurrean.

2003/3/10: Angel Acebes Barne ministro espainolak Otamendiren kontrako kereila aurkeztuko zuela adierazi zuen, tortura ukatu nahian.

2006/12/14: Fiskaltzak ordura arteko jarrera aldatu, eta auzia artxibatzeko eskatu zuen, froga eza argudiatuz.

2007/5/7: Auzitegi Nazionalak auziarekin jarraitzea erabaki zuen, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia    taldeak akusazio bakartzat hartuaz.

2009/12/15: Epaiketaren hasiera. Bost lagun eseri ziren, azkenik, aulkian.

2009/12/19: 25.000 bat pertsonak gelditzen diren bost akusatuen absoluzioa eskatu zuten manifestazio baten bidez.

2010/04/12: Auzitegi Nazionalak Otamendi, Uria, Torrealdai, Auzmendi eta Oleaga errugabe direla onartu zuen, akusazioen argudioak gogor kritikatuz eta ETArekiko lotura ukatuz. Baina auzi ekonomikoak aurrera segitzen du.