NAIZ.INFO
BILBO

Konponbidea sustatzeko, herritargoari galdezka

Martxoaren 14 eta 15ean Iruñean eta Bilbon Bake prozesua indartzeko Foro Sozialerako proposamenak biltze aldera, hainbat galdera zuzendu zaizkio herritargoari, desarmeari, bergizarteratzeari, giza esukubideei eta iraganari buruzkoak.

Ohar bate bitartez jakinarazi dutenez, Bake Bideak eta Lokarrik beste batzuekin batera antolatutako Foro Sozialari begira, bake prozesuari bultzada emateko proposamenak bilatzen ari dira.

Zentzu horretan, nabarmendu dute «ideia zehatzak, berriak, eraikitzaileak eta bake prozesuak planteatzen dituen errokei erantzuteko gaitasuna dutenak» behar direla.

«Polemika sinplistetatik» ihes egiteko beharra azpimarratu ondoren, foroaren antolatzaileek kezka agertu dute presoen afera, desarmea edota memoriaren auzia seriotasun eta doitasun gutxirekin tratatzen ari direlako. «Hori ez da bidea. Eztabaidak eta kontrasteak eraikitzaileak eta erabakitzaileak behar dute izan», adierazi dute.

Hori dela-eta, martxoaren 14 eta 15ean Iruñean eta Bilbon burutzekoa den Foro Sozialak «gomendio serioak egiin eta ideia eraikitzaileak helarazi» nahi ditu. Hitzordu horretan parte hartuko duten nazioarteko adituek beren ezagutza eta bizipenekin laguntzeaz gain, gizartearen iritzia ere bildu nahi dute antolatzaileek.

«Foro Sozialaren emaitza modura, bi iturri horiei esker proposamen berriak izango ditugu bake prozesua bultzatzeko», gaineratu dute.

Internet bidez zabaldu duten galdetegiaren bitartez, beraz, desarmeaz, bergizarteratzeaz, giza eskubideez eta iraganaz euskal jendarteak –norbanakoak, sindikatuak, gizarte mugimenduak edota alderdi politikoek– dituen iritzi eta proposamenak jaso nahi dituzte.

Galdeoi erantzuteko epea martxoaren 14an bukatuko da, eta dagoeneko 200 ekarpen baino gehiago jaso dituzte.

Erantzun guztiak txosten batean bilduko dituzte, nazioarteko adituen proposamenekin batera, bake prozesua suspertzeko gomendioak plazaratzeko.