NAIZ.INFO
DONOSTIA

Egungo espetxe politikarekin eta salbuespen neurriekin amaitzeko aldarrikatu du Herrirak

Euskal presoei ezartzen zaien espetxe politikarekin eta salbuespen neurriekin amaitzeko aldarrikatu du Herrirak Euskal Herriko hiriburuetan eta beste hainbat herritan ostiral honetan antolatu dituen elkarretaratzeetan.

Donostian Udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Donostian Udaletxe aurrean egin dute elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Euskal preso politikoei aplikatzen zaizkien salbuespen neurrien aurka, Xabier Lopez Peñarekin gertatutakoa berriro jazo ez dadin eskatzeko eta larunbatean Bilbon egingo den manifestazioari azken bultzada emateko elkarretaratzeak egiten ari dira Euskal Herrian Herrira mugimenduak deituta.

Zazpi herrialdeetako hiriburuetan deitutako protestez gain, beste hainbat herritan ere ekimenak antolatu dira.

Donostian eguerdian egin duten elkarretaratzean, Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia Herrirako kideek «giza eskubideak errespetatu, konponbidean urratsak egin eta bakea eraikitzeko garaia» dela aldarrikatu dute, eta aurtengo martxoan gertatutakoak ez errepikatzeko galdegin dute. Hala, Anjel Figueroa eta Xabier Lopezen heriotzek, Sevilla, Puerto III eta Mureteko espetxeetan izan diren jipoiek eta Jabi Martinez presoaren senideek izandako istripuak «argazki beltza» erakutsi dutela nabarmendu dute.

Gogoratu dutenez, euskal gizartearen «gehiengo zabal batek» egungo espetxe politika aldatzeko eta salbuespen neurriak bertan behera uzteko exijitzen du, eta horregatik «adostasun zabal hori» artikulatzeko oinarriak jartzeko deia egin die eragile eta erakundeei.

«Guztion ardura eta betebeharra da egoera honekin amaitu, Espainia eta Frantziako gobernuek mantentzen duten itxikeria eta blokeoarekin amaitzea, giza eskubideak errespetatzea eta espetxe politika aldatzea», esan dute.

Azkenik, bihar Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin die «sufrimendua atzean utzi eta giza eskubideen, konponbidea eta bakearen aldeko apustua egiten duten herritarrei».