Naiz.info
Donostia

Urkullu: «Iñigo Cabacasen heriotza erremediorik gabeko akatsa izan zen»

Lakuako lehendakari Iñigo Urkulluk «erremediorik gabeko akats» gisa deskribatu du Iñigo Cabacasen heriotza. Ertzaintzako buruak eta bere Gobernuko kideek «istripu» bat izan zela esan zuten, eta Urkulluk «kontestutik ateratako hitzak» direla defendatu du.

Iñigo Urkullu, pasa den astean, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Urkullu, pasa den astean, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Bart gauean egin ditu adierazpen horiek Iñigo Urkulluk, ETBko ‘Euskadi Galdezka’ saioan. Iñigo Cabacasen heriotzaz galdetuta, «zorrotz eta errespetuz aztertu eta erantzun» beharreko kasua dela iritzi dio.

Bere hitzetan, Cabacasen heriotza «momentu hartan akatsa» izan zen. «Tamalez erremediorik gabeko akatsa izan zen. Hori argi eta garbi», esan du.

Azken asteetan Ertzaintzako buru Gervasio Gabirondok egindako adierazpenek harrabotsa sortu dute. Bere ustez, Cabacasen heriotza «istripua» izan zen, eta hitz horiek berak defendatu zituen egun batzuk beranduago Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.

Iñigo Urkulluren ustetan, «testuingurutik ateratako hitzak» izan dira biek ala biek esandakoak. 

Lakuako Gobernutik «konpromisoak» hartu direla ere defendatu du; batetik, auzipean dagoen kasuan, «epaileei eman beharreko laguntza guztia emateko» eta, bestetik, bai familiari eta baita gizarteari «guk dakigun guztia momentu oro azaltzeko».