NAIZ.INFO
DONOSTIA

Jesus Egiguren: «Presoen aferan beste politika bat egin behar da»

Jesus Egiguren PSEko buruzagiaren ustetan, nahiz eta beste garai batean presoen aurkako lege gogorrak eskatu, garai hauetan bestelako politika batzuk egin behar dira. Era berean, Estatua Arnaldo Otegirekin «injustizia» bat egiten ari dela gaineratu du. Biek jasoko dute Bakearen eta Adiskidetzaren Gernika saria.

Gernikaren bonbardaketaren 76. urteurrena den honetan, Bakearen eta Adiskidetzearen IX. saria jasoko dute Arnaldo Otegi eta Jesus Egigurenek. Biak ala biak, ordea, ez dira oholtzaren gainean izango, bata espetxean izanik ezin duelako eta besteak hala erabaki duelako. Hauen ordez, euren alabek jasoko dute saria.

Horren haira, PSEko buruzagia elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Bertan, Otegiren egoeraz, bake prozesuaz eta presoen aferaz hitz egin du.

Estatu espainiarra Otegirekin «injustizia» bat egiten ari dela esan du. Haren ustez, gainera, bakeraren alde lan egiteagatik dago espetxean ezker abertzaleko buruzagia, «lengo moduan jarraituko balu kalean egongo litzateke», gaineratu du.

Era berean, presoen aferan bestelako politikak egin behar direla adierazi du. Egigurenen esanetan, «bere garaian presoen aldeko lege gogorrak eskatu ditugunok inor baino zilegitasun handiagoa dugu bestelako politika batzuk eskatzeko».

«Ahal den neurrian euren etxe inguruan bizi behar dute», aldarrikatu du, baina Estatu espainiarraren aldetik pausurik emateko asmorik ez duela ikusten gaineratu du. «Bake giro baterako trantsisioa baino nahiago dute gauzak usteltzen ustea», adierazi du.

ETAren jarduera armaturik gabeko aro honetan, «Estatua gutaz ahaztu dela ematen du, bere aldetik ez du ezer egin nahi», kritikatu du.

Gasteizko Legebiltzarrean sortu berri den Bake eta Bizikidetzarako lan taldearen inguruan ez da oso itxaropentsu azaldu PSEko buruzagia. Haren esanetan, lan takde horrek ez dauka erabakiak hartzeko eskumenik, «eskatzeko baizik». Ildo horretan, giltza Rajoyren Gobernuak duela esan du.