NAIZ.INFO
BILBO

«Konponbide prozesuak aurrera egin dezan lan egiten» jarraitzeko konpromisoa agertu du Ernaik

Entzutegi Nazionalak Ernairen webgunearen itxiera agindu ondoren, konponbide prozesua «blokeo egoeran mantentzeko» ahaleginak salatu ditu gazte antolakundeak, eta honek «aurrera egin dezan lan egiten jarraitzeko konpromisoa» berretsi.

Auzitegi Nazional espainoleko Eloy Velasco epaileak ezker abertzaleko gazteen antolakundearen webgunearen itxiera aginduari erantzunez, oharra kaleratu du Ernaik, Espainiako Gobernua «konponbide prozesua blokeo egoeran mantentzeko ahaleginak eta bi» egiten ari dela salatzeko.

«Iraganeko garaien eta errezeten yonky dira Rajoy eta enparauak», esan du gazte antolakundeak.

Xabier Lopez Peña presoa ohoratu eta hala «terrorismoa goratu» izana argudiatu du Velasco epaileak erabakia hartzeko orduan.

Ernaik aineratu duenez, «euskal jendarteak gatazka behin betiko konpontzeko urrats positiboak exijitzen dituen artean, Madrilen eta Parisen beste aldera begiratzeko hautua egin dute».

Konponbide prozesuaren aurrean duten «jarrera arduragabe horren ondorioz erail zuen Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa espetxe politika kriminalak».

Halako egoerak salatzen dituztenek jasaten duten kriminalizazioa arbuiatuta, gomendioa luzatu dio gazte antolakundeak Gobernu espainolari: «Hobe luke arduragabekeriak alde batera utzi eta konponbidearen aldeko urratsak emango balitu. Salbuespen legedia bertan behera utziz eta Auzitegi Nazionala itxiz, esate baterako».

Ernaik konponbide prozesuak aurrera egin dezan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten duela jakinarazi dute, «hori delako Euskal Herriko gazteriak nahi duena. Hori baita Euskal Herriko jendarteak exijitzen diguna». 

Zentzu horretan, «antolatzen eta borrokatzen» jarraitzea dela bidea gaineratu dute.