@gara_ialtuna
Gaur8

Aske Gunean loratutako belaunaldia

«Bulebarrean geratutakoak itzala utziko du. Belaunaldi berri baten erreferentzia izan daiteke, Burgosko prozesua edo Lemoizen kontrako borroka izan ziren bezalaxe».

Iñaki Altuna.
Iñaki Altuna.

Nekez geldituko dugu martxan dagoen operazio bat, baina erantzun egokia emanda operazio hori agindu dutenen apustua higatu ahal izango dugu, eta, modu berean, aterabide demokratikoa defendatzen du- gunon jarrera indartuko dugu». Halaxe zioen ezker abertzalearen estrategiaren berregokitzea ekarri zuen ‘Argitzen’ eztabaida txostenak, ‘Erantzun dinamika: herri harresia eraiki’ izenburuko atalean. Paperetik errealitatera urrats egitea izan ohi da zaila halako egitasmo teorikoetan, baina esan daiteke oraingoan lortu dutela, aurreko astean Donostian osatutako Aske Guneari eta bertan eraikitako giza hesiari esker.

Ikasgai eta ondorio franko uzten ari da gazteen ekimena. Estatuaren eta Euskal Herriaren arteko gatazkaren izaera agerian geratu da: Madrilek zortzi gazte kartzelatzea agindu zuen proiektu independentistaren alde izandako jarduna zigortzeko. Egia da, halere, Euskal Herria eta Estatuaren arteko talka hori lausotu egin duela atxiloketak EAJren Gobernuaren menpe dagoen Ertzaintzak egiteak. Hori ere, alabaina, gatazkaren izaeraren eta garapenaren ondorio da; Frankoren heriotzaren osteko operazioan, autonomia estuaren bitartez, Estatuak Euskal Herria asimilatzeko egindako ahaleginaren eta EAJrekin lortutako adostasuna- ren ondorio, hain zuzen ere. Askok garai berriari begiratu behar zaiola badiote ere, zenbaiten ekinbidean 70eko hamarkadaren amaieran hartutako erabakiek eragin handiegia dute oraindik ere.

Ertzaintzari dagokionez, bestalde, eredu polizialaren gaineko eztabaida piztu da berriro ere, Aske Guneko interbentzioa eta Iñigo Cabacasen heriotzaren gaineko azken berriak direla-eta. Bai batean bai bestean, Ertzaintza aurreko zikloan ainguratuta dagoela ikusi dugu. Indarkeria eta zigorgabetasuna dituzte oraindik ezaugarri nagusi, eta parametro horietatik zaila da oso sakoneko birmoldaketari ekitea. Baina, aldi berean, betikoari heldurik geratzea arazo bilakatu zaie. Oraingoan ezin izan dute «terroristen» edo «erradikalen» presioa aitzakia moduan erabili, eta herritarren aurrean izandako aipu-galtzea nabarmena da.

Ertzaintza kazetari baten kontra oldartu izana dugu Donostiako Aske Gunean izandako beste gertaera aipagarri bat. Antza, informazioa eta gardentasuna Euskal Herrian hasitako garai berria indartu nahi dutenen aldekoa da, eta, horregatik, botere egiturek isiltasuna eta iluntasuna nahiago dituzte, horretarako poliziek kazetari bat estutu behar badute ere.

Esanguratsua, halaber, hedabide askok Aske Gunearekin izandako jokabidea. Ez ikusiarena egin dute une eta gai askotan. Kazetaritza egiteko orduan denok egin ohi dugu politika, baina, oraingoan, hedabide horiek soilik politika egin dute, kazetaritzaren kaltetan. Munduko leku jakin batzuetako hedabideei «erregimenaren prentsa» deitzen dieten berberek irizpide politiko hutsengatik isilarazi nahi izan dute gazteen protesta arrakastatsua edota Lander Arbelaitz kazetariak jasandako erasoa. Ekimenaren beraren indarrak eta beste hedabide batzuen zein komunikazio modu berrien ahaleginak pitzatu dute zenbaitek herri harresiaren inguruan eraiki nahi izan duten isiltasun harresia.

Azken batean, bakarren batzuk deseroso sentitu dira kalean sortutako giro horrekin. Eta ez da harritzekoa, ez horixe, Donostiako Bulebarrean geratutakoak itzala utziko duelako. Belaunaldi berri baten erreferentzia izan daitekeelako askatasunaren aldeko jardunean, Burgosko prozesua edo Lemoizen kontrako borroka beste batzuentzat izan ziren bezalaxe.

Prozesu demokratikoa deritzanari hauspoa ematera etorri den belaunaldi berri bat loratu da, militante independentistak jasaten duten jazarpenari amaiera eman diezaioten exijitzeko gogoz eta herri erantzun zabala eta eraginkorra osatzeko indarrez. Askatasun eta eskubideen aldeko sokak ez du etenik.