Praileaitzen babes eremuak eztabaida sortu izan du azken urteetan arkeologo eta agintarien arteko desadostasunak medio. Ikertzaileek babesa handitzeko eskakizunak luzatu izan dituzte maiz, kobazuloa kokatzen den leku berean dagoen Sasiolako harrobiak kalte ugari sor ditzazkeelako.
Haien kezka areagotu egin da orain, Kongresu espainolak Kosta Legea aldatzeko onartutako proiektuaren eragozpenez ohartuta.
Aldundiak bi eskakizun luzatu dizkio Lakuako Gobernuari. Batetik, haitzuloaren eta inguruan duen mendi magalaren babes eremua 65 metrotatik 100 metrotara luzatzea eta, bestetik, zonaldea Ondare Legearen bitartez babestea, eta ez soilik Kosta Legearen bidez, egun gertatzen den bezala.
Lege proiektu berriarekin, ordea, Sasiolako harrobiak oraindik ustiatu ezin duen mendi magala –arkeologo eta gizarte taldeentzat garrantzia handiko gunea– Kosta Legearen babesik gabe geratuko litzateke, babes eremua 100 metrotatik 20 metrotara jaisteko arriskupean.
Ildo horretatik, Gipuzkoako Aldundiak eskaera luzatu dio berriro Lakuako Gobernuari eta babes neurriak «berehala» hartzeko galdegin dio.
40.000 eta 120.000 urteen arteko tresnak
Pasa den udazkenean, Xabier Peñalver arkeologoaren gidaritzapean, Aranzadik Praileaitzen egindako indusketen emaitzak aurkeztu dituzte gaur Gipuzkoako Aldundian. Ikerne Badiola Kultura diputatuak iragarri duenez, Neanderthal gizakiak egindako tresnak aurkitu dituzte eta orain arte uste zena baino milaka urte lehenago kokatzen da kobaren erabilera.
Orain arte egindako aurkikuntzak duela 12.000 eta 17.500 urteen artekoak baziren, azken indusketetan aurkitutako harrizko tresnak 40.000 eta 120.000 urteen artekoak dira.
Praileaitzen aztarna gehiago aurkituko dituztelakoan, Gipuzkoako Aldundiak 30.000 euro bideratuko ditu aurten indusketekin jarraitu ahal izateko.