NAIZ.INFO
BILBO

Sei hilabeteko espetxe zigorra lau laguni, Gaizka Astorkizagaren atxiloketa salatzeagatik

Iazko uztailean Gaizka Astorkizaga gazte san inaziotarra atxilotu ez zezaten burututako desobedientzia ekintza bat egiteagatik lau laguni seina hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete.

Bilboko Brankak jakinarazi duenez, epaiketa ez da egin, auziperatutako gazteek akordioa erdietsi dute fiskaltzarekin, eta seina hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete, Gaizka Astorkizaga atxilotzearen aurka eta Alberto Marin askatzearen alde errepide mozketa batean parte hartzeagatik.

2012ko uztailean Galdakao pareko errepide bat mozteagatik, 18 hilabeteko espetxealdia eta 6.480 euroko zigor bana eskatzen zuen fiskaltzak, baina akordioa lortu du defentsak.

Espetxe zigorra bi urte baino gutxiagokoa denez, ez dute bete beharko eta, gainera, trafiko segurtasunaren aurkako delitua kendu diete eta, beraz, ez dute isuna ordaindu beharko.

Auzitegiaren atarian, Ezpam! eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak elkartasuna adierazi die auzipetutako gazteei.