NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Bakea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasotzat» jo ditu Sortuk Urnieta eta Andoaingo atxiloketak

«Bakea eraikitzeko prozesuaren aurkako erasoak» dira Guardia Zibilak Urnietan eta Andoainen burutu dituen atxiloketak Sorturen esanetan eta agertoki berriaren aurrean «etsaiek harturiko jarreraren adierazle» direla gaineratu du.

Prentsaurrekoa eskaini du Sortuk gaur goizaldean Urnietan eta Andoinen eman diren atxiloketen inguruko bere balorazioa egiteko. Ruben Genbeltzu eta Ion Lizarribarren egoeraz «kezkatuta» daudela adierazi du, «Guardia Zibilaren eskutik jasan dezaketen tratuagatik».

Atxiloketak hauek Euskal Herriak bizi duen testuinguarekin «hertsiki» loturik daudela uste du Sortuk eta agertoki berriaren aurrean «etsaiek harturiko jarreraren adierazle» direla esan du. PPren Gobernuak Euskal Herritik zein nazioartetik emandako urratsei errepresioarekin erantzuten diela salatu du, horregatik, bakearen aurkako «erasotzat» jo ditu atxiloketak.

«Blokeoaren jarrera» ez ezik, PPk «inboluzioaren» agenda ipini duela martxan salatu du, «ez baitauka eskaintza politikorik Euskal Herriarentzat». «Bakearen etsai dira, bakeari beldur diotelako. Nahiago dute gatazka egoera iraunkortu eta espainiar proiektua indarrez inposatzen jarraitu», gaineratu du.

Egoera honen aurrean, euskal herritarrek «neurriko erantzuna» emago dutela adierazi du, «herri bezala, arrazoi demokratiko osoz, erabakiak hartuz, aldebakartasunetik». Bide horretan, ezinbestekotzat jo du Sortuk «kalera atera eta mobilizatzea».

Gauzak horrela, atxiloketak salatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du eta, era berean, ostegun honetan ‘Konponbideari erasorik ez, utzi bakean Euskal Herria’ lelopean burutuko diren mobilizazioekin bat egiteko deia luzatu du.