NAIZ.INFO
Donostia

Azken urteetako jendetsuena izan da Donostiako Aste Nagusia

Donostiako Aste Nagusia «sekulakoa» izan dela adierazi du Juan Karlos Izagirre alkateak. Azken urteetako jendetsuena izan da aurtengoa, milioi bat lagunek parte hartu dute, eta parte hartzearen eremuan ere urratsa eman dela nabarmendu dute Udal ordezkariek.

Izagirre alkatea Piraten abordaiako bazkarian. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Izagirre alkatea Piraten abordaiako bazkarian. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

«Sekulakoa izan da» esanez definitu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkarteak aurtengo Aste Nagusia. Guztira milioi bat lagunek baino gehiagok parte hartu dutela nabarmen du Izagirrek eta eguraldia lagun ekintza guztiek «harrera ona» izan dutela nabarmendu du.

Jendetsuena azken eguna izan dela adierazi du Izagirrek, larunbatean 195.000 lagun izan omen ziren Donostian. Su artifizialen arrakasta ere aipatu du alkateak, guztira 700.000 lagunek ikusi dituztela esan du eta azken eguneko piromusikala nabarmendu du, 110.000 pertsonek ikusi zuten.

Donostiako Udalak eskutan dituen datuen arabera ez da eraso sexistarik izan Aste Nagusian. Bestelakoetan ere salaketek behera egin dutela adierazi du. Zaborrari dagokionez ere, iaz baino %4,38 hondakin gutxiago izan dela aipatu du Izagirrek.

Jaien hasiera «hunkigarria» izan zela esan du alkateak, boluntarioen lan isila aitortzeko unea izan zelako eta Udaleko talde politiko guztietako ordezkariek elkarrekin abestu zutelako Artillero, «argazki hori benetan pozgarria» izan zen Izagirreren arabera. Piratek festari ematen dioten «kolorea» azpimarratu nahi izan du Izagirrek.

Nere Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak parte hartze prozesutik programa ofizialean txertatzen joan diren ekintzen harrera ona goraipatu du. Horien artean aipatu ditu, besteak beste, sardina jana, hip-hop emanaldia eta entsalada lehiaketa. Etorkizunera begira elkarlana sustatzeko asmoa erakutsi du, «gure ustez denon artean osatu behar dugu festa».

Sagueseko kontzertuek ere iaz baino jende gehiago batu dutela adierazi du Izagirrek. Fermin Muguruzarena izan zen jendetsuenetako.