NAIZ.INFO
Donostia

Eredu herritarra indartuko dute Piratek irailetik aurrera

Oso pozik dira Donostiako Piratak Aste Nagusia amaitu berritan. Antolatutako ekitaldi guztiek arrakasta izan dutela adierazi dute eta jai ereduan sakontzen ari direla parte hartzearen bidetik. Irailetik aurrera jai herrikoien aldeko mugimendua indartuko dute kofradiek. Puntu beltza, Lakuako Gobernuak jarritako zailtasunak izan direla esan dute.

«Beste urte batez Donostia abordatu dugu!» esanez abiatu dute Donostiako Piratek Aste Nagusiaren balorazioa. 81 ekitaldi antolatu dituzte guztira eta egindako lanarekin «oso pozik» direla adierazi dute. Aurten urrats garrantzitsua eman dute kofradien sorrerarekin, bakarra izatetik bost izatera pasa baitira. Kofradien bitartez «herritarrak jaien antolaketen partaide zuzen egitea» dutela helburu berretsi dute eta irailetik aurrera kofradiak izango direla jai herrikoien aldeko mugimendua nola eratu adostu beharko dutenak. Prozesu horretan parte hartu nahi duten guztiei Piratekin harremanetan jartzeko deia egin diete.

Hiriburu gipuzkoarreko abuztuko jaiak pixkanaka aldatzen doazela nabarmendu dute eta euren lana abiatu zutenetik hamaika urte pasa direnean «jaiaz hitz egin dezakegu», Piraten esanetan. Bestelako jai eredu baten alde egiten dutenak gero eta gehiago direla uste dute Piratek, eta eredu hori erakundeek eskaintzen dutenarekin bateragarria dela.

Ekitaldi programatuez gain Bilboko Txupinerari babesa agertzeko agerraldia eta jai herrikoien aldeko elkarretaratzea aipatu dituzte balorazioan. Programatuetan ekintza izarra, beste urte batez, abordatzea izan da. Arazo aipagarririk ez dela izan nabarmendu dute eta eskerrak eman dizkiete ekitaldia posible egiten duten bolondres guztiei. Abordatze txikia ere oso arrakastatsua izan dela esan dute Piratek.

Musikari dagokionez ere oso pozik dira Piratak. Jende gehien bildu dituzten taldeak 3gabe2, Non Servium eta Talco, South Central eta We Are Standard izan dira. Piratek zaborraren kudeaketa egokian emandako urratsa ere goraipatu dute.

Gainera, jaiak bizilagunak saretuko dituen espazioa izan behar duelakoan 1813 Donostia Sutan, Stop Etxe kleratzeak eta Groseko surflariekin garatutako elkarlana azpimarratu dute.

Puntu beltza: Lakuaren zailtasunak

Balorazio oso positiboa egin arren puntu beltz bat ere aipatu dute Piratek, euren jai eredua «auzitan» jartzeari ekin diotela erakunde batzuek salatu dute. Lakuako Gobernuaren Itsas Portuetako arduradunek abordatzea zailtzen saiatu zirela aipatu dute, segurtasunaren izenean egin arren «aitzakia ulertezinak» direla uste dute Piratek. Datorren urteari begira zailtasun gehiago izango dituztela uste dute eta donostiarrei jari eredu herritarraren alde lanean jarraitzeko deia egin diete.