NAIZ.INFO
Gasteiz

«Antzerki hutsa» izango da fiskalitateari buruzko osoko bilkura, LABen ustez

Gasteizko Legebiltzarrean zerga-sistemari buruzko gai bakarreko eztabaida egiten ari dira gaur. LAB sindikatuaren arabera «antzerki hutsa» izango da, EAJk eta PSEk aurkeztuko dituzten proposamenek zehaztasunik ez dutelako.

Osoko bilkuraren hasiera Legebiltzarrean. (@iraiaoiarzabal)
Osoko bilkuraren hasiera Legebiltzarrean. (@iraiaoiarzabal)

Fiskalitateari buruzko bilkura berezia egiten ari dira Gasteizko Legebiltzarrean. Kanpoan protesta egin du LABek eta «antzerki hutsa» izango dela bilkura iragarri du, EAJk eta PSEk aurkeztuko dituzten proposamenak zehaztasunik gabekoak direlako.

Rafa Izquierdo LABeko Politika Ekonomikorako idazkariak uste du «emaitza praktiko hutsala» izango duela eztabaidak. EAJren eta PSEren arteko itunak baditu proposamen zehatzak LABeko kidearen ustez, baina ez dituzte jaso gaur aurkeztuko dituzten proposamenetan. Itunean jasotako asmoen inguruan «etsigarriak» direla esan du, kapitalaren errentei dagozkienak eta enpresen eta aberatsen irabaziei loturikoak aipatu ditu. Hauen kasuan pribilegio fiskalak mantentzen direla salatu du.