Eneko Ibargurenek Infozazpi Irratian esan duenez, ez zuten espero Eloy Velasco epaileak aske uztea eta «nahikoa sorpresa» izan dela aitortu du. Goizean zehar, epailearen aurrean deklaratu ahala, bakarren bat kalera joan zitekeela ikusi dute, baina «ez genuen espero gehienak» aske gelditzea.
Ondo daudela esan du azpeitiarrak, baina «nahiko nekatuta». «Orohar ondo eraman ditugu egun hauek», ziegetan elkarrekin egoteko aukera izan dute eta jakinaren gainean ziren nortzuk zeuden atxilotuta. Hori bai, senide eta lagunengatik kezkatuta egon direla aitortu du.
Herriraren aurkako sarekadak Euskal Herrian eragin duen elkartasun uholdearen berri ere izan dutela nabarmendu du. Abokatuen bidez jakin dute, eta «bihotzez» eskerrak eman dizkie denei, erakunde nahiz norbanakoei.
«Geunden ziegetan sentitu dugu berotasun hori eta horrek lagundu digu», azaldu du.