NAIZ.INFO
IRUÑEA

Iruñean «inposatzen den salbuespen egoerari» aurre egiteko deia egin dute

2010eko Sanferminetako txupinazoan ikurrina bat zabaltzeagatik auzipetuta dauden gazteek UPNk euskal ikur nazionalari dion «ezinikusia» salatu eta defendatzen dutenen aurka Udaltzaingoa erabiltzea gaitzetsi dute. 33 urteko kartzela zigorrari eta 150.000 euroko isunari egin beharko diote aurre epaiketan.

2010eko txupinazoagatik auzipetutakoek Iruñean egin duten agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
2010eko txupinazoagatik auzipetutakoek Iruñean egin duten agerraldia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Heldu den azaroaren 18an hamahiru lagun epaituko dituzte, 2010eko Sanferminetako txupinazoan ikurrina bat zabaltzea leporatuta. Fiskalak 33 urteko espetxe zigorra eta 150.000 euroko isuna eskatzen du haientzat, eta akusazio partikularrak, berriz, 160 urte eta 350.000 euro.

Iruñean egin duten agerraldian, Nafarroan ikurrinak jasaten duen «jazarpena» eta UPNk dion «gorroto eta ezinikusia» salatu dute. Gainera, alderdi horrek ikur nazionala defendatzen dutenen aurka Udaltzaingoa erabiltzea gogor gaitzetsi dute.

Gogoratu dutenez, 2010eko uztailaren 7an udaltzainek ikurrina Udaletxeko Plazan sartzea ekiditeko «bortizki» eraso egin zieten eta izua eta tentsio une handiak izan zirela han bilduta zegoen jendetzaren artean. Horrek oso «ondorio larriak» ekarri zituen, hainbat lagun zauritu baitziren, horien artean Madrilgo gazte bat.

Iruñean «inposatzen zaigun errealitate gordina horixe da» nabarmendu dute, «ikurrinak jazartuta jarraitzen du eta salbuespen egoera inposatzen digute». Egoera horri aurre egiteko «erantzukizunez» jokatuko dutela adierazi dute auzipetuek, «guztion eskubideak eta guztion ikurrak bermatuko dituen Iruñea baten alde baikaude».

«Elkarbizitzaren alde» lan egingo dutela iragarri dute eta datozen asteetan eragile sozial, politiko eta sindikalekin kontaktuak hasiko dituztela.

Horrekin batera, urriaren 26an, 12.00etan Udaletxeko Plazan egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.